Artista indie baten gabeziak

Iazko disko laudatuenetakoaren egilea izan arren, Little Simz musika beltzaren izar ingelesak bertan behera utzi behar izan du Ameriketako bira, «defizit handia» ekarriko ziolako.

Little Simz, otsailaren 8an, Britt sarietan. Urteko artista berri onenaren saria jaso zuen. VICKIE FLORES / EFE.
mikel lizarralde
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Maiatzean hasi behar zuen Little Simzek (Londres, 1994) Sometimes I Might Be Introvert (2021) bere azken diskoa Ameriketako Estatu Batuetan aurkezteko bira. Hilaren 1ean, hain zuzen ere, Portlanden. Segidan, 25era bitartean, beste bederatzi kontzertu zituen programatuak, Seattlen, San Frantziskon —bi saio—, Los Angelesen, Chicagon, Cambridgen, Filadelfian, Silver Springen eta New Yorken; eta tarte horretan Mexiko Hirira eta Torontora ere jauzi egiteko asmoa zuen. Ordea, momentuz bidean utzi behar izan ditu bere nahiak; aste honetan bertan iragarri duenez, ekonomikoki ezinezkoa egiten zaiolako hilabeteko bira egitea Ameriketan barrena. «Diru galera handia ekarriko lidake».

«Oso modu serioan hartzen ditut zuzeneko emanaldiak, eta barruan daukadan onena zuei ematea da buruan daukadan ideia bakarra», azaldu die bere jarraitzaileei aste honetan bertan, Twitterren zabaldutako mezu baten bitartez. Eta hortxe eman ditu erabakiaren arrazoiak. «Artista independentea izanik, zuzeneko emanaldiei lotutako guztia nire poltsikotik ordaintzen dut, eta AEBetan barrena hilabetez biran izateak diru galera handia ekarriko lidake». Eta gaineratu du: «Orain zuek ez ikusteak min handia eragiten didan arren, ez naiz kapaz estres horri aurre egiteko. Niretzat garrantzitsua da kasu honetan zintzoa izatea eta nire egia ematea». Mezuan,AEBetako kontzertuak aipatu ditu Little Simzek, eta ez Mexikon eta Kanadan eman beharrekoak, eta orain arte inork ez du baieztatu bi horiek programatuta segitzen duten ala ez.

Bitartean lanean eta sortzen segitzen duela adierazi du hip-hop musikariak, eta artista nahiz sortzaileei mezu bat ere igorri die: «Ezagutu zuen balioa, eta tinko mantendu. Maite zaituztet».

Zuzenekoen balioa

Orain dela hamarkada bat baino gehiago disko salmentak modu bortitzean jaisten hasi eta diskogintzaren negozioa krisian sartu zenetik, zuzeneko emanaldiak bilakatu dira, kasu askotan, aurrera egiteko bide bakarra musikatik bizi diren edo bizi nahi duten musikari askorentzat. Baina hor ere dena ez da urre artistentzat. Orain dela aste batzuk, Wednesday indie talde estatubatuarrak —250.000 entzule ditu, hilero, Spotifyn—, jakinarazi zuen Texasko (AEB) SXSW jaialdian zazpi kontzertu eman osteko emaitza: 98,39 dolarreko zorra.

Eta, bitartean, kontzertu askoren salneurriak ere igotzen ari dira etenik gabe. 2008an, Tom Waitsek Donostiako Kursaalean eman zuen kontzertuaz gozatzeko 133 euro ordaindu behar izan zuten haren zaleek —lehenengo aldia zuen Euskal Herrian, eta AEBetatik kanpo hogei urtetan egiten zuen lehen bira zen hura—. Aste honetan, berriz, memez eta etsipen mezuz bete dira sare sozialak Rosaliaren kontzertuetara joateko ordaindu beharko dena jakinarazi dutenean. Hiri batetik bestera prezioak aldatzen badira ere, merkeenak 60-70 euro ingurukoak dira, eta garestienak, 400 eurotik gorakoak.

Urteko artistetako bat

AEBetako bira bertan behera utzi badu ere, Little Simzek eutsiko dio Europakoari, eta Bartzelonako Primavera Sound jaialdian ekainaren 2an emango duena izango da Euskal Herritik gertuen izango dena.

Simbiatu Abisola Abiola Ajikawo, Simbi—hori du benetako izena Little Simzek— musika beltzaren erreferente nagusietako bilakatu da apenas sei urteko tartean. Haren lehenengo bi diskoak oharkabean pasatu ziren, baina Grey Area (2019) Erresuma Batuko R&B zerrendetako lehen postura iritsi ostean, SometimesI Might Be Introvert-ekin aurretik lortutako guztia gainditu du musikari ingelesak.

Obra handinahia da Sometimes I Might Be Introvert, musika beltzaren historiari nahiz orainari begiratzen diona, eta, besteak beste, Marvin Gaye, Curtis Mayfield, Lauryn Hill eta Kendrick Lamarren lan entzutetsuenen pare jarri dute kritikariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.