Artista ezin da bokaziotik bizi

‘Kultura eta Ezkultura’ liburua argitaratu du Lanartea euskararen langile profesionalen elkarteak, sortzaileen bizi eta lan baldintzen gainean solastatzeko. Hamasei testigantza bildu ditu horretarako.

Dani Fano eta Amagoia Gurrutxaga, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Dani Fano eta Amagoia Gurrutxaga, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Iratxe Muxika
Donostia
2025eko azaroaren 27a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bernardo Atxaga idazleari, jubilazio aktiboan egonda, 401 euroko pentsioa dagokio. Jubilazio osoan egonen balitz, 708 euro jasoko lituzke. Mikel Martinez aktoreak, inoiz bajan egon gabe eta langabeziarik kobratu gabe, 400 eurorekin egin behar du hilabetea, emanaldirik ez badauka. Duela hogei urte kobratzen zuen kopuru bera kobratzen du gaur egun Klara Badiola aktoreak, eta Dani Fano marrazkilariarentzat gastu bat da Durangoko Azoka, poltsikoak agintzen duelako non, nola eta zenbat agertuko den hara. 

Egia-egiazkoak dira datuak, eta badaude bertze mila halako. Gaur-gaurkoz, hamasei euskal sortzaileren testigantzak bildu ditu Lanartea euskararen langile profesionalaren elkarteak, eta bizipen horiekin liburu bat ondu du: Kultura eta Ezkultura. Diziplina anitzetan aritzen dira hamaseiak, baina, bizimodu desberdina izanagatik ere, lan eta bizi baldintza bertsuetan irauten dute kulturan. Gaur egin dute liburuaren aurkezpena, Donostian, eta Lanartea elkarteko hiru kide aritu dira solasean: Amagoia Gurrutxaga, Dani Fano eta Koldo Izagirre. 

«Hamasei striptease» ditu liburuak, Gurrutxagaren irudiko. «Striptease fiskala, sentimentala eta morala. Eta bitxia da kontua, euskaldunoi sedukzio beharra nabarmentzen zaigun honetan gu sedukzio helbururik gabeko biluzte ariketa batekin gatozelako». Eta hauek dira biluztera ausartu direnak, liburuan agertzen diren ordenan: Kepa Akixo Leizarreta Zigor, Xabier Amuriza Zarraonaindia, Yolanda Arrieta Malaxetxebarria, Klara Badiola Zubillaga, Itxaro Borda Xarriton, Mixel Ducau Lagan, Andoni Egaña Makazaga, Dani Fano Ardanaz, Asun Garikano Iruretagoiena, Edorta Jimenez Ormaetxea, Mikel Martinez Etxarri, Miren Agur Meabe Plaza, Xabier Olarra Lizaro, Joseba Tapia Usabiaga, Mizel Theret Dagerre eta Arantxa Urretabizkaia Bejarano. Datu hotzei jar dakizkioke hezur-haragizko bizipenak.

«Zergatik hasi ginen kulturan? Zertarako? Eta zergatik euskaraz? Artista batek kontatu zigun bere inguruan jendea jubilatzen hasi zenean zera pentsatu zuela berak: ‘Ni noiz demontre jubilatuko naiz?'»

AMAGOIA GURRUTXAGA Lanarteko koordinatzailea

Joan den urteko udazkenean hasi ziren elkarrizketak egiten, jada egina zeukaten euskal artisten lan eta bizi baldintzen gaineko inkesta baten osagarri gisan. Noiz edo noiz «zaila» egin zaie galdera batzuk erantzun zitzaten lortzea, Gurrutxagak esplikatu baitu «oraindik ere tabu asko» daudela diruaz aritzeko orduan. «Baina lortu dugu», erran du, «eta hitz egin dute kulturaren Big Bang-az, olatu erraldoiez, kultur ekosisteman azken hamarkadetan ugaldu diren espezieez, galdu direnez, merkatuaren oihanaren basatasunaz, dinosauroen amaiera eragin zuen meteoritoak utzitako kraterraren tamainako zulo burokratikoaz, militantziaz, indibidualismoaz, miseriaz, eta etengabe iraun behar izateaz». 

Kontu negatiboak dirudite, eta badira, baina Gurrutxagak azaldu du «maitasun handia» dariela kontakizunei, bizirik irautea zaila den arren denek iraun nahi dutelako hor, dauden lekuan bertan. Elkarrizketatu baten hitzetan ulertzen da egokien irautearen afera hori dena; halaxe dio: «Kultura euskaraz eta profesionalki egitea erabaki duten sortzaileei gure komunitateak zenbateraino eutsi ahal dion, eta eutsi nahi al dion; hori da auzia». Auzi hori politikoa da Lanartearen ustez, eta, hortaz, gutxienezko bortz eskakizun bete ditzala eskatu dio administrazio publikoari. 

Lehena, funts publiko bat sortzea jarduera artistikoa ogibide dutenei gutxieneko soldata jaso ahal izanen dutela ziurtatzeko. Bigarrena, administrazio publikoak bere eskakizuna doitzea, baina, betiere, kulturgileen errealitatea kontuan hartuta. Eta hortik egokitu ditzala zerga, gizarte segurantza eta burokrazia arloak. Hirugarrena, hizkuntza zeharlerro gisa erabiltzea inkesta eta lan prospektuetan, «generoa, adina, jatorria eta diziplina erabiltzen diren bezalaxe», zehaztu du Gurrutxagak. 

«Duela gutxi jakin dut hiri honetan egiten ziren komiki jardunaldi batzuetan murriztu egin dutela egile kopurua. Zergatik? Ez zelako errentagarria. Ez, barkatu, hori ez da errentagarritasun kontua, hori borondate kontua da»

DANI FANO Komikigilea

Laugarren eskakizuna: EITB euskarazko kulturaren hedatzaile eta eragile bilakatzea. «Programazioa eta emisio irizpideak egokitu behar lituzke horretarako». Eta, bosgarrena, kultur programazio publikoetan gutxieneko kuota batzuk ezartzea. 

Gehiago ere zerrenda zitzakeela erran du Lanarteko koordinatzaileak, baina liburua ezin zitekeen hainbertze luzatu, eta, beraz, bortz eskakizun horien bueltan osatu dute. Elkarrizketan eta hausnarrean aritu ahala, itxura honetako galderak atera zitzaizkien sortzaileei mahai gainera, Gurrutxagaren erranetan: «Zergatik hasi ginen kulturan? Zertarako? Eta zergatik euskaraz? Artista batek kontatu zigun bere inguruan jendea jubilatzen hasi zenean zera pentsatu zuela berak: ‘Ni noiz demontre jubilatuko naiz?’. Eta beste batek hau: ‘Diru publikoz antolatutako kultur ekitaldiak noiztik dira amortizatu beharreko zerbait? Zergatik eta zertarako sortu zen euskal telebista?’. Horrelakoez ari dira liburuan». 

Errentagarritasun kontua

Fanok adierazi du Euskal Herria ez dela kultur krisia duen herrialde bakarra, eta adibide batekin argudiatu du errandakoa. «2026an, Angulemako komiki azoka gelditu egingo dute. Guk hemen dauzkagun baldintzak baino hobeak dauzkate han, eta, hala ere, antolatzaileek ez dituzte egileak zaintzen. Eta gelditu egingo da». Angulema hirian (Frantzia) egiten den azokaz ari da, Europan arlo horretan egiten den azokarik garrantzitsuenaz, eta 1974. urtetik urtero-urtero egiten dute. Hala zen orain arte, behintzat. «Duela gutxi jakin dut hiri honetan egiten ziren komiki jardunaldi batzuetan murriztu egin dutela egile kopurua. Zergatik? Ez zelako errentagarria. Ez, barkatu, hori ez da errentagarritasun kontua, hori borondate kontua da». 

«Jarduera artistikoa oro har indibidualtasunaren eta subjektibotasunaren eremu pribilegiatutzat hartzen da, eta araurik eza da kapital sinbolikoa ematen diona artistari»

KOLDO IZAGIRRE Idazlea

Kontu txiki bat gehitu die Izagirrek kideen adierazpenei: «Bokaziozko lanbideek misio bat suposatzen dute». Misio horrek erran nahi du langile artistikoa gizartearen zerbitzuan bizi dela, eta dena eman beharko duela komunitatearen onerako, baina irabazi asmorik gabe. «Izan ere, misioa gizarteak ematen dion kapital sinbolikoaren trukea da. Jarduera artistikoa oro har indibidualtasunaren eta subjektibotasunaren eremu pribilegiatutzat hartzen da, eta araurik eza da kapital sinbolikoa ematen diona artistari». Baina, artistari bainoago, haren izenari ematen zaio sinbolismoa, «eta artista ezin da bizi sinbolismotik eta bokaziotik». 

Jarraian doaz, azkenik, liburuko lagin txiki batzuk. Hala dio Itxaro Bordak: «Jende askok utzi dio, maleruski, idazteari edo sortzeari, justuki kolpeak hartu dituelako, eta hori aski penagarri atzematen dut». Edo bertze hau Arantxa Urretabizkaiak: «Guk ez dugu diruarengatik egiten. Ez dakit zergatik egiten dugun, egia esan». Miren Agur Meabe: «Gaixotzea, lana egonkortu ezina, egindako lana jendaurrean erakusteko zailtasunak edo onartua ez izatea, sos eskasia... Ohiko kezkak dira artisten artean». Andoni Egaña: «Ez dugu behin ere ezagutu euskarazko kulturaren alde eta euskararen alde beren-beregi egindako politikarik, politika diskriminatzaile positibo ausartik». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.