Artiumek Ama Ikasketa Zentroa sortu du, arte garaikidearen ikerketarako eta pentsamendu kritikorako gunea

«Ezagutza sortzeko eta hura etengabe berrikusteko» gune bat izango da, eta praktika artistikoak, ikerketa prozesuak eta ezagutzaren ekoizpena elkarrizketan jarriko ditu. Besteak beste, hitzaldiak eta tailerrak eskainiko ditu urte osoan.

Arantza Santestebanek eta Catalina Lozanok aurkeztu dute Ama zentroa, gaur, Artium museoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Arantza Santestebanek eta Catalina Lozanok aurkeztu dute Ama zentroa, gaur, Artium museoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko urtarrilaren 28a
14:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Artium Museoak Ama Ikasketa Zentroa sortu du, arte garaikidea «modu kritikoan pentsatzeko, ikertzeko eta hausnartzeko» gunea. Museoko erakusketekin lotura estua izango du espazio berriak, baina hortik harago ere ariko da, eta praktika artistikoak, ikerketa prozesuak eta ezagutzaren ekoizpena elkarrizketan jartzea izango du helburu. «Ezagutza sortzeko eta hura etengabe berrikusteko» gune bat izango da, Catalina Lozano museoko komisarioak esplikatu duenez, eta arte garaikidearen inguruko pentsamendua «modu kolektiboan» eraikitzeko bokazio argia izango du.

Museoan orain arte garatu diren programa publikoak «egituratzeko» eta haiei forma «zehatzagoa» emateko sortu dute egitasmoa. Lozanok azaldutakoaren arabera, praktika artistikoek, ikerketa prozesuek eta ezagutzaren ekoizpenak leku komun bat izango dute zentro berrian, eta jakintzaren transmisioa eta lankidetzarako ikerketa moldeen aktibazioa izango ditu xede. Molde horiek, Lozanoren hitzetan, «disruptiboak» izan daitezke batzuetan, baina «ezinbestekoak» dira gaur egungo arte praktikak ulertzeko.

«Garrantzitsua da espazio gurutzatu bat sortzea jakintza akademikoak, praktika artistikoak eta testuinguru jakinetan sortutako ezagutzak elkartzeko»

ARANTZA SANTESTEBANArtiumeko Ikerketa eta Programa Publikoen komisarioa

Urtean zehar, ia hilero, jarduerak eskainiko dituzte Artium museoan bertan. Aurtengo programa hiru ikerketa ildotan egituratu dute: memoria, irudia eta irudimen politikoa; «komuna den hori» bizitzeko moduak; eta arte garaikidearen ekoizpen, idazketa eta kritika prozesuak. Zentroak museoaren baliabideekin, bildumarekin eta erakusketarekin elkarrizketan jardungo du, baina museotik harago ere zabalduko du egitaraua.

Horretarako, kanpoko eragileekin lankidetza sare bat aktibatuko dute, eta tokiko zein nazioarteko artista, ikertzaile, komisario, idazle eta erakunde kultural eta akademikoekin harremanak sendotuko dituzte. «Guretzat garrantzitsua da espazio gurutzatu bat sortzea jakintza akademikoak, praktika artistikoak eta testuinguru jakinetan sortutako ezagutzak elkartzeko», azaldu du Arantza Santesteban Artiumeko Ikerketa eta Programa Publikoen komisarioak.

Lurra, memoria eta prozesuak

Oraingoz, martxora bitarteko jardueren berri eman dute. Lehenengo programa bihar eta etzi egingo dute, eta Honako lur hura habitatzeko moduak izenburupean garatuko. Marwa Arsanios artistaren Lurrak ez du jaberik izango erakusketa izango du abiapuntu, eta lurra banatzeko, bereganatzeko eta erauzteko politikei buruzko gogoeta irekitzea du helburu. Hitzaldien eta lantegien bidez, Ekialde Hurbileko eta Hego Ameriketako hainbat testuingurutako esperientziak eta tokiko errealitateak jarriko dituzte mahai gainean.

Programa horretan parte hartuko dute Arsaniosek berak, Nader Koochaki eta Kimia Kamvari artistek, Leire Bergara komisarioak eta Françoise Verges idazle eta pentsalari feministak. Jarduera guztiak irekiak izango dira, tokia bete arte. Pasainaje kolektiboak eskainiko duen tailerrerako, berriz, aldez aurretik eman behar da izena.

Otsailean helduko diote memoriaren gaiari, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakarien 50. urtemuga ardatz hartuta. Memoria taupariak: memoriaren euskarriak lelopean ondu dute egitaraua, eta «memoriaren formei buruzko gogoeta kolektiboa» sustatzea izango du xede, Santestebanek jakitera eman duenez. «Asmoa da aztertzea nola praktika artistikoek, irudiek eta kontakizunek iragana eraikitzen duten, eta, aldi berean, beste orain batzuk eta etorkizun posibleak irudikatzeko aukerak irekitzen dituzten». Otsailaren 26tik 28ra bitarte hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte, hainbat aditu eta eragilerekin: besteak beste, Carolina Cappa, German Labrador, Paco Ferrandiz, Maria Roson, Martxoaren 3ko Biktimen Elkartea eta Nerea Lekuona izango dira.

Hirugarren egitaraua martxorako aurreikusi dute, eta abiapuntu gisa Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean erakusketa kolektiboa hartuko dute —urtarrilaren 16an zabaldu zuten erakusketa Artiumen— . Arte garaikidearen kritika prozesuen inguruan elkarrizketan ariko dira, besteak beste, Ana Pi koreografoa eta Louidgi Bektrame artista. Programa martxoaren 12tik 14ra garatuko dute.

Irudiarekin eta memoriarekin lotutako gaiez gain, ikasketa zentroak beste eztabaida batzuei ere helduko die aurten. Adibidez, maiatzean eta ekainean «elkarrekin bizitzeko moduez eta horien ondorioez» gogoeta egingo dute, eta zaintza politikak eta arteak bestelako bizikidetza moduak irudikatzeko duten gaitasuna hizpide hartuko. Urrian eta abenduan, berriz, artea egiteko, kontatzeko eta pentsatzeko egungo moduei buruz hausnartzeko beta hartuko dute.

EGITARAUA

  • Urtarrila. Honako lur hura habitatzeko moduak.
    Urtarrilak 29 
    17:00: Lurrak ez du jaberik izango erakusketari bisita Marwa Arsaniosekin.
    18:00: Nader Koochaki eta Kimia Kamvariren hitzaldia.
    19:00: Marwa Arsanios eta Leire Bergararekin solasaldia.
    Urtarrilak 30
    11:00: Paisanaje kolektiboarekin tailerra. 
    18:30: Françoise Vergesen hitzaldia.
  • Otsaila.  Memoria taupariak: memoriaren euskarriak
    Otsailak 26

    18:00: Carolina Capparen hitzaldia eta Sara Gomez zinemagilearen filmen proiekzioa.
    19:30: Maria Rosonen hitzaldia.
    Otsailak 27
    11:00: Paco Ferrandizen tailerra.
    18:00: German Labradorren hitzaldia.
    19:00: Paco Ferrandizen hitzaldia.
    Otsailak 28
    10:00: Martxoaren 3ko Elkartearekin eta Nerea Lekuonarekin tailerra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.