Erakusketaren izenburuak berak ematen dio bisitariari aurkituko duenaren arrastoa. Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean goiburuak zenbait galdera jartzen ditu mahai gainean: nork begiratzen du?, nork begiratzen dio nori? Gasteizko Artium museoak zabaldu duen erakusketa kolektiboan, begiradaren dimentsio historikoa eta politikoa aztertu dituzte, eta lehen lerrora eraman pentsamendu dekolonialaren eta feminismoaren eragina duten praktika batzuk.
Bildumaren abiapuntua Maya Deren zinemagileak (Kiev, 1917-New York, 1961) Haitin egindako lanaren inguruko gogoetak eta buduari buruz ondutako film materiala dira. Derenek Guggenheim beka bat jaso zuen 1946an, Haitiko dantzak beste testuinguru batzuetako sekuentziekin eta haurrentzako jolasekin uztartuko zituen pelikula bat ekoizteko. Herrialde horretako errealitateak, ordea, gainezka egin zien zinemaren logikei, eta Deren konturatu zen bere kamera ez zela nahikoa bertan ikusi zuena irudikatzeko. Hala, filmatutako materiala argitaratzeari uko egin, eta, horren ordez, idazteko erabakia hartu zuen. «Bestearen errepresentazioa krisian jarri zuen», esplikatu du Catalina Lozanok, erakusketaren komisarioak.
Irudiaren neutraltasunik eza ardatz hartuta, etnografiaren eta mugimenduan dauden irudien arteko harremanari buruzko bilduma bat ondu du museoak; dokumentaletako irudiekiko «hurbilketa kritiko bat», komisarioak zehaztu duenez. Haren hitzetan, erakusketako lanek, askotan, «deseraiki» egiten dituzte metodologiak, eta irudiak ekoizteko teknologiak «zalantzen» jartzen.

Proiektu «kolosala» da Artiumeko bilduma, Lozanok azpimarratu duenez. Mundu osoko hogei artista eta kolektibok baino gehiagok parte hartu dute erakusketan, eta tartean dira Guatemala, Haiti, Kongo, Mexiko, Palestina eta Australiako zenbait artista. Pinturek, eskultura txikiek eta, batez ere, ikus-entzunezko instalazioek osatzen dute.
Erakusketaren hasieratik bertatik argi geratzen da ikuslea ez dela bisitari neutrala. Kontrara, espazioaren antolaketak, piezen arteko harremanek eta lanen izaerak zirkulu baten barruan kokatzen dute bisitaria: begiratzen duen bitartean, bera ere begiratua dela sentiarazten dion zirkulu batean.
Zirkulu baten barrutik
Erakusketaren izenburua Trinh T. Minh-ha zinemagile eta teorialari feministaren (Vietnam, 1952) Reassemblage filmetik hartu dute. Pelikula horren pasarte batzuk paratu dituzte pantaila batean, eta off-eko ahots batek adierazten du uko egiten diola irudiak azaltzeari. Hortik dator erakusketari izena ematen dion aipua: «Ikusten dudana bizitza da, niri begira. Zirkulu baten barrutik begiratzen ari naiz, begiraden zirkulu batean».
«Biolentzia kolonialaren» erakusleiho moduko bat da bilduma, komisarioaren hitzetan. Erakusketako piezen artean daude, adibidez, Brasilgo eta Venezuelako Amazoniako Yanomami kulturako ehiztari-nekazarien bizimodua bistaratzen duen The Laughing Alligator bideo instalazioa —New Yorkeko MOMAk laga dio pieza museoari—, Haitiko iraultzari buruz Wilson Diaz artista bisualak ondutako De perfil sobre el calado liburua, eta Ana Maria Millanek egindako Volar atrás bideo animatua —bi artista horiek Kolonbiako Helena Producciones kolektibokoak dira—.
Kolonalismoaren basakeria islatzen dute, halaber, Rosalind Nashashibi Palestinako artistak Gazako gatazkaren inguruan sortutako Electrical Gaza bideo instalazioak eta Australiako Karrabing Film Collective taldeak klima aldaketaren eta kapitalismoaren aurka grabatutako The Mermaids, or Aiden in Wonderland pelikulak.
Erakusketa abuztuaren 30era arte egongo da ikusgai, museoko A2 eta Z aretoetan.
