Artium museoak bi artxibo gehitu ditu bere funts dokumentalera: alde batetik, Donostiako Arteleku sorkuntza zentroaren inguruko Ricardo Iriarte artistaren argazki bilduma zabala, eta, bestetik, Gasteizko CM2 gune independenteari buruzko dokumentazio multzoa, Joxerra Melguizok dohaintzan emandakoa. Museoak urteak daramatza Euskal Herriko jardun artistiko garaikidearekin lotura duten dokumentuak kontserbatzen, katalogatzen eta ikerketarako nahiz zabalkunderako eskuragarri jartzen, eta artxibo berriekin are «aberatsagoa» izango da hemendik aurrera bilduma hori, Beatriz Herraez museoko zuzendariak esplikatu duenez.
Artelekuri eta CM2 guneari buruzko dokumentuak aproposak dira garai batean funtsezkoak izan ziren bi sorkuntza eredu bistaratzeko; hau da, instituzioetatik kanpo edo haien ertzetan sortutako praktika artistikoak nabarmentzeko. Izan ere, «askotan, baldintza prekarioetan edota egitura formaletatik kanpo garatzen dira berrikuntza handienak», Herraezen esanetan. Artxibo berria aurkezteko agerraldian izan dira Iriarte eta Melguizo, Elena Roseras museoko Liburutegi eta Dokumentazio Zentroko arduradunarekin eta Ana del Val Arabako Kultura diputatuarekin batera.

Arteleku 1987an sortu zuten, Donostiako industria eraikin zahar batean. Hasieratik, ohiko arte erakundeen logikatik aldendu zen: ez zen museo bat, ezta galeria bat ere; sorkuntza, ikaskuntza eta esperimentazioa uztartzen zituen gune hibridoa izan zen, eta hango jardunak eragin handia izan zuen Euskal Herriko arte garaikidearen garapenean.
Tailerrak, mintegiak, egonaldi artistikoak eta nazioarteko topaketak antolatu zituzten, askotan diziplina anitzeko ikuspegitik, eta artistek beren lan egiteko moduak, ideiak eta ikerketa prozesuak partekatzen zituzten. Horrek «komunitate sendo bat» sortu zuen, non hainbat belaunalditako sortzaileek elkarrekin lan egin eta ikasi zuten. Garai hartan, arte garaikidearen egitura instituzionalak oraindik garapen fasean zeuden Euskal Herrian, eta, horregatik, Artelekuk hutsune estrategiko bat bete zuen: nazioarteko sareekin konektatzeko aukera eman zuen, eta berrikuntza pedagogiko eta artistikoa sustatu.
«Askotan, baldintza prekarioetan edota egitura formaletatik kanpo garatzen dira berrikuntza handienak»
BEATRIZ HERRAEZArtium museoko zuzendaria
Ricardo Iriartek (Donostia, 1954) Artelekuko jardueraren «kronika bisuala» egin zuen orduan: bere argazki kamerarekin dokumentatu zituen tailerrak, topaketak, lan prozesuak eta egunerokoa. Orain, hark egindako 398 irudi batu ditu Artiumek bere bildumara. Gehienak zuri-beltzeko argazkiak dira; hantxe ageri dira artistak lanean, obren muntaketa prozesuak, eztabaida informalak eta espazioaren erabilera kolektiboa.
Iriarteren funtsa bi arrazoirengatik da azpimarragarria, Roserasek azaldu duenez: batetik, Artelekuren historiaren lekukotza zuzena da; bestetik, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako euskal arte garaikidearen «memoria bisuala» osatzen du. Izan ere, garai hartako praktika asko efimeroak izan ziren, eta dokumentazioak bakarrik ematen du modua gaur egun haiek aztertzeko.
CM2: autogestioaren aldeko apustua
Donostian artista asko Artelekun aritzen ziren garai berean, Gasteizen autogestioaren aldeko gune artistiko independente bat sortu zen: CM2 gunea. 1992an jarri zuen martxan Joxerra Melguizo artistak, Carmen Lopez Castillorekin eta Emilio Melguizorekin elkarlanean.
«Helburua [CM2 gunearena] ez zen soilik erakusketak antolatzea, baizik eta komunitate bat sortzea eta ideia trukeak sustatzea»
BEATRIZ HERRAEZArtium museoko zuzendaria
CM2 aretoak ez zion merkatuaren logikari jarraitzen, ezta instituzio publikoen egitura formalari ere. «Toki irekia eta malgua zen, non proposamen artistiko esperimentalek lekua aurkitzen zuten. Helburua ez zen soilik erakusketak antolatzea, baizik eta komunitate bat sortzea eta ideia trukeak sustatzea», Herraezek azaldu duenez.
1990eko hamarkadaren hasieran, Gasteizen —eta oro har Araban—, arte garaikidearen arloko azpiegiturak mugatuak ziren. Testuinguru horretan, CM2 guneak eta antzekoek funtsezko eginkizuna bete zuten: sortzaile gazte eta ez hain gazteei aukera eman zieten beren lanak erakusteko. 1992tik 1996ra bitarte izan zen zabalik, eta denbora tarte horretan 30 erakusketa inguru antolatu zituzten han, baita hitzaldiak, aurkezpenak eta bestelako topaketak ere. Lekua topagune bihurtu zen hainbat artista, komisario eta kultur eragileentzat, eta sare informal baina eraginkorrak sortu ziren bertan.
Artiumek bildutako artxiboak ibilbide horren lekuko dira: erakusketen kartelak, gonbidapenak, liburuxkak, programazio dokumentuak, argazkiak eta prentsako aipamenak daude, besteren artean.