Artium museoak Esther Ferrer (Donostia, 1937) eta Gema Intxausti (Gernika, Bizkaia, 1966) artisten artxiboak batu ditu bere funts dokumentalera, eta, hala, urrats garrantzitsua egin du bere dokumentazio ondarea sendotzeko. Arte garaikideko museoak urteak daramatza bere bildumarekin eta erakusketa programarekin lotura izan duten artisten dokumentuak kontserbatzen, katalogatzen eta ikerketarako nahiz zabalkunderako eskuragarri jartzen, eta bilduma hori handitzeko pausoa eman dutela azpimarratu dute Beatriz Herraez museoko zuzendariak eta Elena Roseras dokumentazio arduradunak.
Artisten artxiboek balio berezia dute museoarentzat, haien jardun profesionalaren lekukotasun zuzena direlako eta haien ibilbide artistikoa ezagutzeko parada ematen dutelako. Roserasen ustez, arte garaikidea oso-osorik eta sakon ulertzeko modua ere ematen dute artxiboek, eta «memoria kolektiborako» osagai ezinbestekoak dira. Gutunak, idazki pertsonalak, zirriborroak, argitaratu gabeko testuak, proiektuak, material grafikoak eta ikus-entzunezkoak. Mota askotako dokumentuek osatzen dute museoko funtsa, eta, besteak beste, «artisten lan prozesuak, ideiak eta harreman sareak bistaratzeko balio dute», Roserasen esanetan.
Berriki eskuratu ditu Artiumek Ferrerren artxiboko materialak, eta horiek katalogatzen ari da oraindik. Artistaren jardueraren lekuko diren 6.000 dokumentu baino gehiago dira, 1990eko hamarkadatik gaur egunera artekoak. Autorretratuen sailak, erakusketen inguruko dokumentuak, maketak, proiektuak eta soinuzko eta ikus-entzunezko materialak dira, eta artista donostiarraren ibilbide luzea sakonago ezagutzeko parada ematen dute.
Museoko dokumentazio zerbitzua artistarekin berarekin lankidetza estuan ari da katalogazioa egiten, betiere haren ibilbidearen «ñabardura» oro aintzat hartuta eta sorkuntza prozesuen «konplexutasuna» zainduta, Roserasek esplikatu duenez. Bilduma digitalari esker, Ferrerek arte esperimentalarekin zein feminismoarekin duen konpromisoa hobeto ezagutuko da, eta artearen historia garaikidera hurbiltzea samurragoa izango da, Roserasen hitzetan.
Gema Intxaustik, berriz, 2022. urtean eman zion dohaintzan museoari bere ibilbide artistikoari loturiko dokumentazio zabala: zazpi kutxa izan ziren, artxibo pertsonala eta profesionala gordetzen zutenak. Bereziki azpimarragarriak dira 1980ko hamarkadaren amaieratik 2000. urte hasierara bitarteko praktika feministei, kontzeptualei eta diziplinartekoei buruz emandako dokumentuak.

Intxaustiren artxiboak katalogatzeko lanak amaitu berri ditu museoak, eta dagoeneko eskuragarri jarri ditu bere webgunean. Roserasek azaldu duenez, Intxaustiren sorkuntza artistikoaren eta testuinguru sozialaren arteko harremanetan sakontzeko parada ematen du dokumentazioak, bai eta «arte garaikideko narratiba pertsonalen eta kolektiboen» inguruan gogoetatzeko ere.
Beste hainbat artista
Ferrerren eta Intxaustiren artxiboak ez ezik, beste artista batzuen ondarea ere bildu du Artiumeko dokumentazio zentroak azken urteotan. Horietako bat da Jose Felix Gonzalez Placer artistarena (Gasteiz, 1951-1991): museoak 2021ean eskuratu zuen haren funtsa, haren familiak dohaintzan emanda. Artistaren animazio esperimentaleko zirriborroak, storyboard-ak, ohar koadernoak eta Leioako Arte Ederren Fakultatean (Bizkaia) irakasle zela egindako lanak jaso zituen museoak, eta horiek denek aukera eman dute 1990eko hamarkadako gizartea, ikus-entzunezko artea eta idazketa praktikak elkarrekin aztertzeko, museoko dokumentazio arduradunak nabarmendu duenez.
Beste hainbat artistaren artxiboak ere baditu museoak dokumentatuta. Horien artean, ondorengoenak: Juncal Ballestin (Gasteiz, 1953-2015), Rafael Lafuente (Gasteiz, 1936-2005) edota Nestor Basterretxea (Bermeo, Bizkaia, 1924 - Hondarribia, Gipuzkoa, 2014).

Artista horien denen artxiboek helburu bera dute, Roserasek esplikatu duenez: «Arte garaikideko memoria kolektiboari eusten diote, eta, aldi berean, ikerketarako eta hezkuntzarako baliabide estrategikoak eskaintzen dituzte». Hark azaldu duenez, digitalizazio eta katalogazio prozesu zorrotzek bermatzen dute material horiek eskuragarri egotea bai ikertzaileentzat bai publiko orokorrarentzat, eta, modu horretan, museoak azken hamarkadetako arte garaikidearen testuinguruko «memoria kolektiboa» kontserbatzea lortu du.