HILBERRIA. Kim Ki-duk

Asiako zinema garaikidearen ikurretako bat

MAXIM SHIPENKOV / EFE.
Ainhoa Sarasola.
2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Begiradagatik askok laudatua, eszena ilun eta bortitzengatik beste askok arbuiatua. Kritikarentzat Asiako zinema garaikidearen ordezkari esanguratsuenetako bat izan da Kim Ki-duk. Veneziako Urrezko Lehoia, Berlingo Zilarrezko Hartza eta Cannesko Un Certain Regard sariak pilatu zituen bere ibilbidean, besteak beste, eta Donostiako Zinemaldiko publikoarentzat ere ezaguna zen haren obra. Joan den azarotik Letonian zen zuzendaria, eta Riga hiriburuko erietxe batean hil zen, atzo, COVID-19ak sortutako osasun arazoengatik. Haren familiak baieztatu du albistea. 59 urte zituen.

Bonghwan (Hego Korea) jaio zen Kim Ki-duk, 1960. urtean, nekazari familia batean. 17 urterekin, fabrika batean hasi zen lanean; 20rekin, armadan izena eman zuen, eta handik bost urtera, armada utzi, eta margolaritzaren bideari ekin zion. Parisera jo zuen, eta, gerora kontatu izan zuenez, han zapaldu zuen lehen aldiz zinema areto bat. Sorterrira itzulita, lehen gidoiak idazten hasi zen, eta haiek orduan pantailaratzera iritsi ez bazen ere, bere testuek jasotako sariek bide bat ireki zioten; horien ondotik lortu zuen lehen filma grabatzea, Ageo / Crocodile (1996). Ez ordura arte, ez gero, inoiz ez zuen zinemagintzari lotutako ikasketarik egin. «Filmak egiteko, bizitza bizitzea da garrantzitsuena. Niretzat hori izan da eskolarik hoberena», azaldu zuen elkarrizketa batean.

Yasaeng dongmul bohoguyeog/ Wild Animals eta Paran daemun / Birdcage Inn eman zituen gero, lehen gidoi haiek oinarri zituztenak. Baina haren izena Seom / The Isle filmari (1999) esker hasi zen ezagunago egiten; Veneziako zinema jaialdiko lehian izan zen lan harekin, 2000. urtean. Indarkeria eszena gogorrengatik ere eman zuen zeresanik film hark. Hurrengo urtean, jaialdia zabaldu zuen Suchwiin bulmyeong / Address Unknown lanarekin.

Haien ondotik, Nabbeun namja / Bad Guy eta Haeanseon/ The Coast Guard ondu zituen, biak 2002. urtean, eta aurreko lanekin egin bezala, baita hainbat zinema jaialditan erakutsi ere. 2003an publikoaren arreta bereganatu zuen berriro, kritikak goraipatutako Bom yeoreum gaeul gyeoul geurigo bom / Spring, Summer, Fall, Winter... and Spring filmarekin (2003).

Lan hari esker, Donostiako Zinemaldiaren publikoaren saria eskuratu zuen zinemagileak, 51. edizioko Zabaltegi-Perlak sailean aurkeztu ostean. Gerora, bitan izan zen Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian: Bi-mong / Dream (2008) eta Amen lanekin (2011), hain zuzen. Azken horren harira, Zinemaldiko egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, adierazi zuen ordura arteko bere zinema ez zela «erabat zintzoa» izan: «Duela hamabost urte pelikulak egiten hasi nintzenean, zinemak atzean industria oso baten euskarria behar zuela sinistuta nengoen. Sistema horren barruan filmen finantzaketa ezinbestekoa denez, ikusleak oso kontuan behar dituzu izan; horrek esan nahi du nolabait ere lotuta nengoela, ezin nuela nire sormena erabat garatu eta berau adierazi, ez nintzela nire buruarekin zintzo jokatzen ari. Eta horretan ahalegindu naiz film honekin, sistema, ikusleak eta diru-iturriak bazter uzten».

Ordurako jasoak zituen bere ibilbideko sari nagusietako batzuk. Berlingo zinema jaialdian zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen Samariafilmarekin (2004), eta aitortza bera egin zion urte hartan bertan Veneziako jaialdiak ere, zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia eman baitzion Bin-jip / Iron-3 lanagatik (2004). Canneseko jaialdiaren Un Certain Regard saria ere eraman zuen urte batzuen buruan, Arirang (2011) pelikularekin. Eta hurrengo urtean, Veneziako Urrezko Lehoia eskuratu zuen, Pieta lanari esker; jaialdi horretan zinemagile korear batek inoiz lortutako aitortzarik garrantzitsuena izan zen.

Orain hiru urte, emakume aktore batek zuzendariaren aurka jarritako salaketa publiko egin zen. Moebius filmaren grabaketan, 2013an, Kim Ki-dukek jo egin zuela salatu zuen, baita sexu harremanak izateko jazarri ere. Antzezlea beste batek ordezkatu zuen azkenean filmean, eta zinemagilea kolpeengatik zigortu zuen epaitegi batek. Haren ondotik, beste hainbat andrek salatu zuten zuzendaria sexu abusuengatik, baina auzibideek ez zuten aurrera egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.