Donostiako 63. Zinemaldiaren aurkezpena egin dute gaur Madrilen, eta bertan iragarri dute albistea, Sail Ofizialean lehiatuko dela Asier Altunaren Amama filma. Baserria ulertzeko bi moduren arteko talka da filmaren ardatza.
Film labur ugariz gain, Aupa Etxebeste! eta Bertsolari film luzeak zuzendu ditu aurretik Altunak. Hau du bakarka zuzendutako fikzioko lehen film luzea.
Kandido Urangak jokatu du baserriko aitaren rola, eta Klara Badiolak haren emaztearena. Bien seme-alaben roletan Iraia Elias, Manu Uranga eta Ander Lipus aritu dira; horiez gain, beste pertsonaia garrantzitsu bat baserriko amonarena da, Amparo Badiolak interpretatua.
Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango diren beste bost film ere iragarri dituzte Zinemaldiko arduradunek: El apóstata (Federico Veiroj), Un dia perfecte per volar (Marc Recha), Eva no duerme (Pablo Aguero), El rey de la Habana (Agusti Villaronga) eta Truman (Cesc Gay).
Horietaz aparte, Alex de la Iglesiaren Mi gran noche lehiaz kanpo emango dute, eta beste bi emanaldi berezi ere izango dira: Lejos del mar (Imanol Uribe) eta No estamos solos (Pere Joan Ventura).
Zuzendari Berrien atalean ere izango du lekua euskarak. Sail horretan emango dute Ben Sharrock eskoziarrak Euskal Herrian filmatutako Pikadero. Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga ditu protagonista komedia erromantiko horrek.
Hemen dago ikusgai gaur jakinarazitako film zerrenda osoa.