Arte eszenikoen alorreko Errusiako sari garrantzitsuenak dira Golden Mask sariak, eta Asier Zabaleta koreografo eta dantzaria (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1972) sari horietako bi lortzeko hautagaia da aurten. Next In Line, berak sortutako obra, dantza garaikideko produkzio onenaren saria lortzeko izendatu dute, eta obra berarengatik, koreografo onenaren sarirako zortzi hautagaietako bat da. Gaur erakutsiko dute lana, Moskuko Gostiny Dvor zentroan. Sari banaketa, berriz, hilaren 15ean egingo dute, leku berean.
Zabaletak Chelyabinsk Contemporary Dance Theatre konpainia errusiarrarentzat sortu zuen Next In Line obra, Intradance proiektuaren barruan. Europako Batasunak eta Errusiak sustatutako programa da Intradance; horren arabera, konpainia errusiar batek koreografo europar bat aukeratzen du, hark sortutako lan bat prestatzeko. Euskal koreografoa hautatu zuen Chelyabinskek, eta masaren eta banakoaren arteko harremanaz gogoeta egiten duen lan bat prestatu zion Zabaletak taldeari. Iaz estreinatu zuten lana, Siberian, eta ondoren Moskun ere erakutsi zuten. Hamahiru dantzari ariko dira taula gainean gaur, Golden Mask sarien jaialdiko aurkezpenean. Izan ere, sariketa ez ezik, jaialdia ere bada Golden Mask, udaberrian Errusiako lanik esanguratsuenak aurkezteko plaza. Apirilaren 15era bitartean, izendatuta dauden lan guztiak erakutsiko dituzte.
Golden Mask sariak 1994an sortu zituen Errusiako Antzerki Batasunak, arte eszenikoen genero guztiak saritzeko: antzerkia, opera, balleta, dantza garaikidea, opereta, musikala eta txotxongiloen antzerkia saritzen dituzte urtero.
Izendapen garrantzitsuenak
Arteszena, Adeshoras, Compañia de Vicente Saez, Hojarasca, Q-ro y cia eta Maskarada konpainietan interprete gisa aritua da Zabaleta. Ertza konpainia sortu zuen gero, artearen adar ezberdinak dantzarekin lotzeko ideiarekin.
Dantzari eta koreografo lanak tartekatu izan ditu, eta bere obrekin hainbat sari irabaziak ditu. Hala ere, Next In Line obrari esker lortu ditu izendapenik garrantzitsuenak.
Asier Zabaletak 'Next In Line' Moskun aurkeztuko du gaur
Koreografo onenaren eta dantza garaikideko lan onenaren Golden Mask sarietarako hautagaia da dantzaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu