Askapen aldi berberak emanak

Iruñeko 72-22 Arte Topaketen harira, erakusketa bat ireki dute Ziudadelako Arma Aretoan: 'Topaketen ondoren'. Hemezortzi artistaren lanak bildu dituzte, hainbat diziplinatakoak

Javier Muro artistaren Tránsito artelana, Ziudadelako Arma Aretoan ikusgai jarria, Topaketen ondoren erakusketan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Iruñeko 1972ko Arte Topaketak ez ziren izan hermetikoak, ez ondorio gabeak, ez eta segida gabeak ere. Parentesi gisa azaldu baino gehiago, gerora iritsiko zen artearen pista izan ziren, nolabait. Garai libreago —esparru askotan— baten atari. Hain zuzen, horien ondoko askapen aldian sorturiko arteari egin dio aitortza Topaketen ondoren erakusketak. Iruñeko Ziudadelako Arma Aretoan da ikusgai, eta urtarrilaren 8ra bitarte izanen da zabalik.

Hemezortzi artistaren lanak biltzen ditu erakusketak. Estilo eta diziplina aldetik, nekez sar litezke denen lanak zaku bakarrean, baina bat datoz hainbat ezaugarritan: garai bertsuan jaioak dira artista guztiak —1956 eta 1968 artekoak dira—, eta gaur egun lanean dabiltza oraindik ere. Hauek dira sortzaileak: Felix Ortega, Javier Balda, Fernando Iriarte, Patxi Ezkieta, Jokin Manzanos, Asun Goikoetxea, Paco Polan, Dora Salazar, Txuspo Poyo, Dick Rekalde, Pedro Osakar, Txaro Fontalba, Santiago Garcia, Jorge Martinez Huarte, Alfonso Askuntze, Jose Miguel Corral, Elena Goñi eta Javier Muro.

Nafarroako Ateneoko lehendakari Pedro Salaberrik egin ditu komisario lanak, Javier Manzanosekin batera. Eta, Salaberrik azaldu duenez, galdera bati erantzun nahiak piztu zien biei erakusketa osatzeko desioa: Harriduraz gain, zer arrasto utzi zuten topaketek arte plastikoetan? Hala, erantzun bila, hitz bat datorkio burura Salaberriri: «Loraldia». Oroitarazi duenez, diktaduran artistek ez zuten ia aukerarik beste herrialde batzuetan garatzen ari zen artearen berri edukitzeko. Demokraziak gardendu zituen ordura arte guztiz opaku ziren hormak, eta laxatu ziren uhalak, «artearen mesedetan».

Horren guztiaren erakusleiho dira Arma Aretoko pareta eta zolak orain. Felix Ortegaren obra soilek atondua da sarrera. Esaterako, zoruan jarririk da Corazón de Tokio (Tokioren bihotza) lanaren parte bat. Eskultura erpin zuzena da, zuri-beltz antza, «piano teklatu bihurturiko zebra bide bat», artistak lanari buruz esan izan duenez. Izenondo bat ere erantsi izan dio deskribapenari: «Absurdoa da, nire zorakeria absurdo kontrolatua».

Tolesak, inbutuak, hegalak

Hiru dimentsioko lanak ez ezik, Ortegaren margolan batzuk ere badira erakusketan, eta horiek Santiago Garciarenak dituzte ondoan; bien lanek janzten dute eskuineko horma luzexka. Garciaren margolanetan irudi handiak dira nagusi, eta olio pinturaren geruzak leun uzteko adina pintzelkada zabal dituzte, itxuraz. Abstrakziotik hurbil dihardu, baina tolesak antzeman daitezke marrazkietan. Halakorik iradokitzen dute margolanen izenburuek ere: Pliegues 1, Pliegues 2, Pliegues 3. (Tolesturak 1, Tolesturak 2, Tolesturak 3). Hiruretatik, bigarrena da handiena. Neska batek besoak zabaldu ditu neurria hartu nahian. Obraren oharrari erreparatu dio gero: 200 x 162 cm.

Aretoan bistan denez, askotariko artisten bilkura gisara uler daiteke erakusketa. Aipatuez gain, arte garaikidez blaitzen dute ingurua Fernando Iriarteren kolore urdin ilun biziek ere, mihise erliebedunek, margolan zikin antzek.

Oinezko ibilbide bat azaltzen den modu berean zerrendatu ditu Salaberri komisarioak hemezortzi artisten lanak, guztiak geltokiak balira bezala. Javier Baldaren «abstrakzio arrazionala», Jorge Martinez Huarteren «begirada ironikoa», Txaro Fontalbaren eta Dora Salazarren so «lirikoak», «feminitateari zuzendurikoak».

Salazarren kasuan, eskulturen bidez nahi dio ikusleari mezu artistikoa helarazi. Haren bi obrek nabarmen betetzen dute aretoko atzealdeko korridorea. Bata: Artilugio II: el hábito no hace al monje. (Trepeta II: abituak ez du fraidea egiten). Eta bestea:Artilugio III: Tener alas no implica necesariamente volar (Trepeta III: Hegoak edukitzea eta hegan egitea ez dira bat).

«Nork bere asmoa du», adierazi du Salaberrik, hemezortzi sortzaileek adierazi nahi dutena esplikatu nahian. Iradoki duenez, maitasun mezuak ugari dira; kritika egin nahi dutenak, beste asko. «Elena Goñiren margolanetan argi ikusten da pertsonei zenbateko maitasuna dien», aipatu du batetik, eta Javier Muroren lanak ekarri ditu gogora hurrena.

Muroren Tránsito (Igarotzea) eta Life is Life (Bizitza bizitza da) obrak aukeratu dituzte erakusketarako. Zein baino zein gordinagoa, forman eta edukian. Inbutu batean sarturiko indioilar baten irudia dago batean, metakrilatozko kuboetan digitalki inprimaturik. Bestea, berriz, anda gurpildun bat da, ZIUetako gela batean. Andak berezitasun bat du, gainera: kristal gardenez egina dago, barrenak agerian utzita hala. Objektuz josia dago, zakarrez betea: jogurt estalkiak, tabako kaxa hutsak, kafe kapsulak, Barbie panpina bat, lata bat, eta beste bat, eta beste bi. «Degradatu ezin den zaborra da guztia, eta gaixorik den mundua irudikatu nahi du artistak. Ebakuntza gela batean. Kritika gogorra da, baina obra ederra ere bada, aldi berean».

Erakusketa aberats egiten duen alderdi bat nabarmendu du komisarioak, batik bat aniztasunari lotua: «Testuinguruan bat egiten dute guztiek, baina hemezortzi artista desberdin dira, hemezortzi mundu. Hain zuzen ere, hori da artearen alderdi zoragarrienetako bat. Zenbat pertsona, hainbat mundu, hainbat unibertso, hainbat manera besteei hizketan aritzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.