Zinema estreinaldiak

Askatasun bila pantailaren alde bietan

'Los delincuentes' Rodrigo Moreno zinegile argentinarraren azken filmak Moran eta Roman ditu protagonista, erretiratzeko adina diru lapurtzea erabakiko duten banketxe bateko bi langile.

'Los delincuentes' filma
'Los delincuentes' filmaren irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Moran 50 urte inguruko gizona da. Ezkongabea. Banketxe batean egiten du lan. Urteak daramatza lan bera egiten; kutxazaina da, eta kutxetatik kutxa gotorrera diru kantitate handiak eramateko ardura eman diote, urte luzeetako lanari esker irabazitako konfiantza dela eta. Moran ez da zoriontsua, eta ohartu da nahiko erraza dela harentzat billete multzoak gutxinaka motxila batean gorde eta etxera eramatea. Eta, beraz, plana antolatu du: hurrengo 25 urteetarako soldata izateko adina diru lapurtuko du, eta komisariara joango da ondoren, egindakoa aitortzera. Bere kalkuluen arabera, hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarriko diote, eta bitartean bere lankide Romani eskatuko dio dirua zaintzeko. Kartzelatik irtendakoan, dirua banatu, eta Moran eta Roman erretiratu egingo dira.

Bi gizonei bizitza aldatuko zaie; eguneroko aspergarri bat izateari utzi, eta lapurretarekin zerikusia duela uste duten bankuko langileen eta ikertzaile baten begiradapean egongo da Roman, eta erruaren eta tentazioaren artean ibiliko da, diruz beteriko motxila haren etxean baitago. Moranek, berriz, kartzelaren gogortasuna sufrituko du, etorkizun askeago baten esperoan.

Rodrigo Moreno zinegile argentinarraren azken lana lapurreta film baten elementuekin hasiko da, baina barnean hainbat kontakizun dituen film bat bilakatuko da, edo hainbat kontakizunetara hedatzen den istorio bat, edo eraldatuz doan kontakizun bakar bat. Filmak ez du presarik, eta ez dago gatazkaren eta konponbidearen dinamiken menpe. Aldiz, estruktura malgua du Morenoren kontakizunak, eta horrek argumentuaren lerrotik at bidaiatzera darama istorioa, ia filmaren premisa zein zen ahaztera iritsi arte: ezin jakin zer gertatuko den, eta, beraz, ez dira estruktura klasiko baten geldialdiak espero. Era sinplean hasten den istorioak hainbat bira ematen ditu, eta lekuz kanpo daudela diruditen pertsonaia eta uneek eta genero arteko nahasketa-nahasmenek kontakizun berri bat dakarte.

Argentinako Zine Berria esaten zaion mugimenduaren barruan kokatzen da Morenoren zinema, eta Los delincuentes mugimendu bereko El Pampero Cine taldearen filmarekin alderatu dute. Zinema egiteko prozedura eta praktikekin esperimentatu nahi duen talde honen filmografiaren parte dira Mariano Llinasen Historias extraordinarias eta La flor, eta Laura Citarellaren Trenque Lauquen. Kritikaren esanetan, genero berri bat dakarte film horiek: film luzeak, zenbaitetan atalka kontatzen direnak, eta istorio, genero edo tonu batetik bestera salto egiten dutenak. Morenoren zinema egiteko era gertuago dago produkzio industrialetik, baina, zuzendariaren hitzetan, Los delincuentes-en gustuko zituen gauzak jarri zituen pantailan, kapritxoak; eta elkarren artean talka egiten bazuten ere, filma sortzeko garaian kontakizunak aldarrikatzen duen askatasun hori jarri nahi izan zuen erdigunean.

'LOS DELINCUENTES'

Zuzendari eta gidoigilea: Rodrigo Moreno. Aktoreak: Esteban Bigliardi, Daniel Elias, Laura Paredes. Argazkia: Ines Duacastella, Alejo Maglio.

 Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 180 min. Herrialdea: Argentina. Estreinaldia: Abenduaren 1ean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk

 

'Sobre todo de noche'

Verak, gaztea zenean, ezin izan zuen semearen ardura hartu, eta adopzioan eman behar izan zuen. Corari, gaztea zenean, medikuak esan zion ezingo zuela seme-alabarik izan eta adoptatuz bakarrik osa zezakeela familia bat. Biek bizi dute Egoz izeneko haur baten ama izatearen esperientzia. Bi emakumeak Portugalen elkartuko dira beren bizitzaren historia errepasatzeko eta etorkizuna berridazteko.

Zuzendaria: Víctor Iriarte. Gidoilariak: Isa Campo, Víctor Iriarte, Andrea Queralt. Aktoreak: Lola Dueñas, Ana Torrent, Manuel Egozkue. Musika: Maite Arroitajauregi. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 108 min. Herrialdea: Euskal Herria.

 

'Cristina García Rodero: La mirada oculta'

Independentea, kritikak goraipatua eta autodidakta da Cristina Garcia Rodero argazkilari espainiarra. Mende erdiz baino gehiagoz, ezohiko Espainia baten testigantza eman du, baina haren erreportaje luzeek beste kultura eta errealitate batzuk ere bilatu dituzte. Egun, 73 urteko artista honek oraindik ere dokumentatzen du bizitza, maitasuna, edertasuna eta heriotza nola ospatzen diren munduan.

Zuzendaria: Carlota Nelson. Gidoilaria: Carlota Nelson. Argazkia: Juan Gonzalez Guerrero. Musika: Victoria de la Vega. Generoa: Dokumentala. Urtea: 2023. Iraupena: 70 min. Herrialdea: Espainia.

 

'Chlopi'

Jagna izeneko nekazari baten istorioa da, Boryna izeneko baserritar aberats eta askoz zaharrago batekin ezkontzera behartua izan den neska batena. Denborarekin, Jagna baserritarren inbidiaren eta gorrotoaren objektu bihurtuko da, eta bere independentzia babesteko borrokatu beharko da. Poloniako landan girotuta dago istorioa, eta bira dramatikoak urtaro aldaketekin, landako lan gogorrarekin eta tokiko jai tradizionalekin lotuko dira.

Zuzendaria: DK Welchman. Gidoilariak: DK Welchman, Hugh Welchman. Aktoreak: Animazioa. Musika: Lukasz Rostowski. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 114 min. Herrialdea: Polonia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.