Oso normala ematen duzu. Nolatan hasi zinen New Yorkeko faunarik bitxienean interesa hartzen?
Oso normala ematen dut, alajaina [barre]. Ameriketako literatura eta antzerkigintzan masterra egin nuen, eta beka bat eman zidaten New Yorkera joateko tesia idaztera. Eta ez nintzen itzuli. Arte eskolan pintura ikasten ari nintzela, Ocularis zinema-klub zoragarria ezagutu nuen, eta hor hasi nintzen pentsatzen filmak egiteaz, hasieran beldur handia ematen bazidan ere. Richard Foreman antzerki zuzendaria ezagutu nuen eskolan, eta harentzako atrezzo-a egiten hasi nintzen. Oso esperimentala da, eta, haren bidez, undergroundeko jendea ezagutzen hasi nintzen. Mutilagunarekin apartatu nintzenean, bere 16 milimetroko kamera eman zidan. Oraindik erabiltzen dut, eta horrekin egin ditut nire film guztiak.
Zure lana ez al zen errazagoa izango kamera digital batekin?
Filma maite dut, eta baita 3 minutuko bobinekin lan egitea: halako mugarekin, arreta handia jarri behar diozu filmatzen duzunari. Gainera, ez duzu ikusten filmatzen ari zarena, eta horrek arreta are gehiago zorroztera behartzen zaitu. Gainera, soinurik hartzen ez duenez, jendeak lotsa galtzen du kameraren aurrean eta filmatzen ari dela ahaztu egiten dute. Horregatik aukera ematen dit jendearengan asko hurbiltzeko. Kamera handia eta astuna da, eta fisikotasun horrek pinturara hurbiltzen nau.
Gaur ‘The Ballad of Genesis and Lady Jaye’ (2011) filma erakutsiko duzu. Genesis P-Orridge (Throbbing Gristle zein Psychic TV taldeetako sortzailea) eta Lady Jaye musikari bikotea dira protagonistak, baina ez da musikari buruzko filma.
Zazpi urte behar izan nituen filma egiteko, eta haien bizitzan sartu nintzen benetan. Ez nekien zer filma mota egiten ari nintzen. Hasieran uste nuen musika dokumental bat egiten ari nintzela, baina, poliki, ikusi nuen amodio istorioak hori gainditzen zuela, maitaleon eraldaketarengatik.
Izan ere, elkarrekin horren maitemindurik zeuden, non ebakuntza estetikoak egiten hasi ziren, elkarren antza izateko.
Maiatasuna dela-eta, elkarrekin artea eta bizitza nahasten ari zirela ikusi nuen, eta istorioaren alde erromantikoan arreta jartzen hasi nintzen. Oso harreman berezi, bitxi eta indartsua zuten. Bizitzeko eta artea egiteko muturreko modua zuten, baina euren maitasun istorioa oso normala zen, heterosexuala modu xelebre batean, eta oso erromantikoa. Pertsonaia soil eta hauskorrak dira, eta hauskortasun horrek erakartzen du ikuslea, ustekabekoa delako.
Maitasun erromantikoaren kontrako kanpainak egiten dituzte gure inguruan, eta zuk surrealisten ‘amodio eroa’-ren ideia berreskuratu duzu?
Ni oso erromantikoa naiz, eta amodio istorio xelebreak maite ditut, eta baita maitasun erromantikoak sortzen duen lotura hori, ez soilik pertsona batengan, baita hiri batekin, edo bizimodu batekin. Kasu honetan, gainera, artea, bizitza eta gorputzaren arteko banaketarik ez egotea maite nuen.
Erakutsiko duzun beste filmetako bat Peaches musikariren ingurukoa da.
Film laburra da, komedia bat: opera abesten Veneziako gondola batean. Veneziako Biurtekoan lan egin genuen elkarrekin. Nowness kazetak eskatu zidan egiteko, eta pentsatu nuen niri eskatzen bazidaten, ez zutela film komertzial bat nahi izango. Emaitza ikusi zutenean, ezin zutela erabili esan zidaten: «Xelebreegia da». Beraz, niretzat gorde nuen eta orain erakutsiko dut lehen aldiz.
Honen kasuan ere, generoaren eraikuntza da kezketako bat. Queer teoriaren bidez hartu duzu interesa horretan?
Ez, inolaz ere ez. Ustekabean etorri zait hau guztia, adiskidetasunen bidez, ez bilatu dudalako edo neuk horretan interasa nuelako. Baina generoaren ingurko gizarte arauak bihurtzen dabilen jende honekin lan egitea oso askatzailea izan da. Ez da pertsonen bizimodua edo desiomodua epaitu behar. Genesis bezala, Peaches maitale erromantiko normaleena da: Cony senartzat izan du azken 11 urteotan, eta amodio istorio arrunt bat daukate.
Erakutsiko duzun azken filma Alan Vegaren ingurukoa da. Honena ere egunerokotasun magikoa da?
Ia familia film bat da, eta, berriz ere, muturreko artista etxean aita zintzo bat dela erakusten dut. Zahartzen ari den eta gaixo samar dagoen pertsona gizo eta hauskor baten erretratua da.
Artistei ia dena barkatzen die gizarteak. Norbere pertsona nahi bezala eraikitzeko askatasun hori eredu izan al daiteke artista ez direnentzat?
Geruza asko ditugu denok. Askatasuna barruko gune batetik dator, baina leku beretik datoz hauskortasuna, zalantza eta beldurra. Ez dakit hauek eredu izan daitezkeen, jende askorengana heltzen ez den arte formak erabiltzen baitituzte. Ez dakit artista ez direnek euren pertsonak eraldatzerik izango duten, baina, gutxienez, diberti daitezke.
Zertan ari zara lanean orain?
Film luze bat egin nahi dut Mexikoko lucha libre borrokalari gayen inguruan. Exoticos deitzen dituzte euren buruak, eta Mexiko bezalako herrialde matxista batean oso baztertuta daude.