Idazlea

Gorka Bereziartua: «Estetikarena eta politikarena bi mundu bereizi bezala ulertu ditugu, salbu eta mirakuluzko une batzuetan»

ETAren jardun armatuaren amaiera aldean girotutako iniziazio nobela bat da 'Garondoan'. Bereziartuak dioenez, liburuak ez dira haietan landutako gaiak soilik, eta, horregatik, nabarmendu egin ditu gaia lantzeko baliatu dituen erabaki estetikoak ere.

Gorka Bereziartua idazlea, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gorka Bereziartua idazlea, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Inigo Astiz
Donostia
2026ko uztailaren 26a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Baneukan beldur puntu bat elkarrizketekin». Gorka Bereziartuak (Hernani, Gipuzkoa, 1984) hamarkadak eman ditu Argia aldizkariko kultur sailerako sortzaileak elkarrizketatzen, eta, agian, hain zuzen ere horregatik zuen susmo hori Garondoan (Alberdania) eleberriarekin gerta zekiokeenari buruz. Aurrez, 2010ean Hor hago, Kevin? nobela eman zuen argitara Kevin Heredia izenpean aritzen ziren Aritz Galarraga, Ion Olano eta Beñat Sarasolarekin batera, eta Argia-ko kazetaritza ereduari buruzko Ez gara neutralak saiakera ere kaleratu zuen 2019an, baina hau du bere sinaduraz argitaratutako lehen fikziozko lana. 2010eko hamarkadan girotu du kontakizuna: euskal gatazkak, ETA desagertu ostean fase politikoa aldatzear delarik, era batera edo bestera baina bete-betean harrapatuko ditu hiru pertsonaia, eta haien helduarorako igaroaldia kontatzen du eleberriak. Horregatik aitortu du elkarrizketei buruzko beldur hori, justu elkarrizketa bukatutakoan. Bazuelako susmoa literaturaz aritu beharrean euskal gatazkaz hizketan amaituko zuela gehien-gehientsuenetan. «Eta halaxe gertatzen ari zait», onartu du.

Ez du ukatzen liburuaren gaia hori denik, baina ez dago prest liburua gai hori bakarrik dela onartzeko. «Ez dut uste euskal gatazkari buruzko nobela bat denik», esplikatu du. «Hori badago, baina askoz ere gehiago iruditzen zait identitatearen eraikuntzaren inguruko nobela bat, adibidez. Edo norbanakoaren eta historiaren garapenaren arteko harremanari buruzkoa. Edo baita fikzioaren eta errealitatearen arteko harremanari buruzkoa ere. Euskal gatazka izan daiteke abiapuntu konkretu bat gai unibertsaletara iristeko, edo nik behintzat hori izan dut buruan». 

ETAren egungo absentzia bistaratzen du nobelak. Hamarkada luzez euskal gatazkaren historian presentzia zentrala izan ondoren, 2018an desegin zen, eta haren azken urteetan girotu duzu liburua.

Liburua idazten hasi nintzenean, eta gero gertatutakoekin are gehiago, sentsazioa izan nuen ETAren indarkeria desagertzen ari zela, noski, baina, horrez gainera, baita nik txikitatik ezagutu nuen mundu bat ere. Eta ez da hemengo gatazka politiko armatu hori bakarrik. Nobelan islatzen den 2011. urte horren ostean, hemen beste ziklo politiko bat hasi zen, baina, horrez gainera, garai hartan hasi zen orokortzen, adibidez, smartphone-aren erabilera, eta horrek ere aldaketa bat dakar geure burua pentsatzeko, harremanak ulertzeko eta gure kontakizunak osatzeko daukagun moduetan. Nobela bada desagertu den aurreko horren konstatazio bat, baina, era berean, hori kontatzeko, ni kontuan hartzen saiatu naiz zer den testu bat gaur egun.

Eta zer da testu bat gaur egun?

Nire estilo ariketak egin ditut nobelan. Liburu hasierako pasarte batzuek, adibidez, Interneten bilaketak egiten laguntzen duten teklatu prediktibo horiek islatzen dituzte. Eta istripuz sortu dira halako batzuk, gainera. Hasierako narratzaileari eskuinetik hitz egiten dion beste ahots hori, esaterako, istripu bat izan zen. Justifikatu egin zitzaidan lerro bat eskuinaldera, nahi gabe, eta horrela hasi zen. Edizio lanean, Aritz Galarragak [editoreak] esan zidan erabaki horri esker elkarrizketa horrek hartzen zuela halako kutsu becketiar bat, baina, era berean, gaur egungo edozein mezularitza sistemako txat baten itxura ere bazuen, hizlari bakoitzari kokapen bat emanez, eta, momentu batetik aurrera, horregatik, gure artean, Chat BeKeTe deitzen genion. [Barreak].

«Sentsazioa izan nuen ETAren indarkeria desagertzen ari zela, noski, baina, horrez gainera, baita nik txikitatik ezagutu nuen mundu bat ere»

Segur aski, literatura ulertzeko modu bat krisian dago, beste gauza asko bezala, dena pantailen bidez jasotzen dugulako, baina, era berean, testuekin mota askotako harremanak ere badauzkagu gaur egun, eta hori ere isla zedin nahi nuen. 2000ko eta 2010eko hamarkadak dira nobelaren ardatz nagusia, baina saiatu naiz idazkeran gaur egungo pertsona batek testuekin duen harreman mota kapturatzen eta horri forma literarioa ematen.

Bi asmo horiek dira liburuaren motor nagusia. Bai baitago garai baten lekukotza emateko grina bat, batetik, eta, bestetik, argia baita bilaketa formal bat egiteko asmoa ere. Gaiaren eta formaren arteko oreka bilatzea egin zaizu zailena?

Ez zitzaidan interesatzen lekukotza huts bat ematea. Egin beharreko zerbait da; jende askok egiten du, eta ondo eginda dago, eta oxala jende gehiagok bere bizipenak eta gertatu zaizkionak kontatuko balitu, baina niri ez zitzaidan ateratzen hori bere horretan egitea. Igual, segur aski, literatura egiten saiatu naizelako. Urte asko eman ditut kazetaritzan, eta ez nuen nahi lan hau periodistikoa izaterik, eta igual hortik etorri da beste idazkera batzuekin probak egitea, baita ganbaran gordeta zeuden gauzak azaleratzea ere. Irakurle gisa, oso markatuta geratu nintzen Igela argitaletxeak Raymond Queneauren Estilo ariketak argitaratu zuenean. Liburu horretan, idazleak 89 modu erabiltzen ditu gertakari hutsal bat kontatzeko. Hemen ez dago hori, baina gauza batzuk lehenengo modu batera kontatzen dira eta gero beste batera, eta ez dut uste estetika hutsa direnik. Ezta Queneauren kasuan ere.

Liburuaren une batean narratzaileak zera esaten du: «Egia nobela bat besterik ez dela pentsatzen hasia nago».

Iruditzen zait hori ere hautu politiko bat dela. Irudimen estetiko hori, azken finean, irudimen politiko bat ere badelako. Eta hori ere islatzen da nobelako pertsonaia batzuek dituzten ideietan. Alex izeneko pertsonaia pisuz aldatzen denean, adibidez, profil kulturazaleagoa duen pisukide batekin hasten da bizitzen, eta hark aipatzen dio hemengo gatazkaren planteamenduak ez duela ekarpen disruptiborik egiten. Askotan ematen du Euskal Herrian estetikarena eta politikarena bi mundu bereizi bezala ulertu izan ditugula, salbu eta mirakuluzko momentu batzuetan, zeren eta, 1970eko hamarkadan, bat-batean, halako abangoardiako artea guztiz lotuta ikusten da mugimendu politiko batzuekin, baina gainontzean uste dut izan direla bi eremu askotan elkarri mesfidantzaz begiratu izan diotenak.

Hain zuzen, kazetari izateko ikasketak egitera Bilbora doa Alex izeneko pertsonaia, eta hantxe pizten da kulturalki. Baina inguruko lagun politizatuek mesfidantza ikaragarriz begiratzen diote kulturazaletasun horri. «Pose kultureta elitista» duela aurpegiratzen diote.

Nik uste dut egon dela halako mesfidantza bat, bai, eta orain bertan ere ez dut uste harreman handirik dagoenik hemengo praktika politiko eraldatzaileen eta praktika kultural berritzaileen artean.

Eta zuk sinisten duzu bateragarriak direla.

Eta nik sinisten dut bateragarriak direla eta elkar elikatu dezaketela. Batzuetan pena ematen dit horrek, ze nik bi mundu horiek zer edo zer ezagutu ditut, baina beti izan da «ala bata ala bestea» izan beharko balu bezala. Gustatuko litzaidake hurbiltasun handiagoa egongo balitz bi esparruen artean.

«Urte asko eman ditut kazetaritzan, eta ez nuen nahi lan hau periodistikoa izaterik; igual hortik etorri da beste idazkera batzuekin probak egitea»

Kontatu ezina da liburuaren beste motor nagusietako bat. Narratzaile nagusia, adibidez, zeharo traumatizatuta dago, eta, hartzen dituen sendagaien eraginez, ezinezkoa zaio kontakizun lineal bat osatzea. Alex izeneko pertsonaiak ezin du gertatu zena kontatu, oraindik ere ez duelako gertatutakoa guztiz ulertzen. Eta Alizia izeneko pertsonaiak, berriz, ezin du kontakizunik osatu, jadanik ez dagoelako. Kontatu ezin hori kontatzea izan da liburuaren helburuetako bat?

Ez dago fase politiko horren bukaerari buruzko kontsentsurik, eta, orduan, halako materia gris bat bihurtzen du horrek euskal gatazkaren bukaera hori. Gizartean ez dago horri buruzko kontakizun komunik. Amaiera izan zen bezalakoa izan zen, eta ez dugu halakorik lortu. ETAk ere azken komunikatuan esan zuen herrian urtzen zela. Disoluzio bat da, beraz, eta, gainera, halako prozesu batek eskatuko lituzkeen beste elementu asko ere falta dira; orduan, nola kontatzen duzu hori? Nola kontatzen duzu hori, baldin eta ez baduzu egin nahi... kontakizun frontista bat? Eta nik hori ez nuen nahi. Ez zitzaidan interesatzen halako nobela bat egitea.

Hau idazten ari nintzen bitartean, Rene Girardi gazteleraz irakurri nion Mentira romántica y verdad novelesca saiakera [Gezur erromantikoa eta nobelazko egia], eta nahikotxo eragin dit. Hor aztertzen du ea nobelagilearen egia zein den, eta, horretarako, noski, [Fiodor] Dostoievskiren eta oso idazle handien kasuak aipatzen ditu, eta esaten du nobelagilearen egia nola den eguneroko bizitzan hartzen ditugun jarrerak transzenditzean lortzen den zerbait, eta nik uste dut horrek lotura daukala nobelak berak genero gisa duen izaerarekin; nobela bat, azkenean, hori baita, estratu sozial desberdinen arteko dialogo batetik eta testu mota oso heterogeneoak nahastetik sortzen den genero bat. Horregatik, niri behintzat, egia nobelesko horrek funtzionatzen dit ez denean lubaki batean kokatzen, eta ez duenean kontakizuna hortik egiten. Egin daiteke hori ere, noski, baina niri ez zitzaidan ateratzen.

Egia «nobeleskoaren» aldarrikapen hori egin duzu, baina orriaren eskuinaldetik mintzo den solaskide horrek behin eta berriz eskatzen dio narratzaileari egia kontatzeko.

Uste dut ez dagoela nobeleskotik haragoko egia bat bilatzeko pretentsiorik, baina bilaketa hori bera da beharbada inporta duena. Pertsonaiek jakin nahi dute zer gertatu zaien. Ez dute ulertzen, eta aurkitzen dituzten esplikazioak ez dira oso sendoak.

Pertsonaietako batek badu tentazioa gertatu zaiona kontakizun melodramatiko, pertsonalista eta borobil batekin azaltzeko. Hilketa politiko baten atzean umetan gertatutako zerbaiten mendekua ikusi uste baitu. Baina ihes egiten dio kontakizun horrek ere.

Zer gertatzen zaio pertsona bati historia gainetik pasatzen zaionean arrabola bat bezala? Hori ere aztertu nahi nuen, hori pasatzen zaie-eta bi pertsonaia nagusiei. Haiek ez dute aukeratu hor egotea eta gertatu zaiena gertatzea, baina gertatu zaie halere. Maldizio bat bezalakoa da, eta nik uste dut hemen hori hala zela asumitu ere egin genuela.

Torturatua izateko beldurra oso presente du Alexek, adibidez.

Eta hori bezala, momentu batean, unibertsitatean irakasleetako batekin duten solasaldi horretan, irakasleak galdetzen die ea ez ote dituzten ikusten irakasleak hantxe bertan bizkartzainekin. Ni gogoratzen naiz Leioako fakultatean hori ikusi egiten genuela, eta paisaiaren parte zen. Gauza terribleak dira aipatutako guztiak, baina ematen zuen nolabait ere kondena hori onartua geneukala denok. Hemen bizi gara, eta hemen gauzak horrela dira.

«M-15 mugimenduan, motxila bat kenduta bezala parte hartu ahal izan zuen jendeak, eta, aldiz, hemen ezagutzen genuena ez zen hori: jaiotzen zinenetik zeneukan Everestera igotzeko moduko zorro bat»

Historiaren korrontean preso dauden pertsonaiak dira zure liburukoak.

Eta saiatzen dira horri ihes egiten. Hasierako narratzailea, adibidez, Bartzelonara joaten da, eta fikzioa erabiltzen du bere burua beste nonbait kokatzeko, baina beti dago zerbait berriz ere bere historiara itzularazten duena. Horrela bizi nuen hori garai hartan, eta saiatu naiz hori islatzen. Noski, hau fikzio bat da, eta nire bizipenak ez dira liburuan kontatzen diren bezain estremoak, baina sentsazio hori bazegoen. Egoera hori islatzen saiatzeko modu bat izan da.

M-15 mugimenduak ere presentzia handia du, batez ere liburuaren hasieran. Bat-batean agertu zen mugimendu hura, eta, nolabait ere, euskal gatazkaren historia itsaskor horrekin kontrastea egiten du nobelan.

Bartzelonan dagoenean hartzen du parte hor pertsonaia horrek, eta harentzat mugimendu hori aukera bat da posizio erabat finkaturik ezartzen ez dion mugimendu politiko batean parte hartzeko. Hemen bizi zenean, aldiz, haren rola oso definituta zegoen, gertatu zitzaionagatik.

Askatzailea da mugimendu hori narratzailearentzat, baina gero historiak irensten du berriz.

Joera daukagu halako mugimendu espontaneistak edo efimeroagoak garaipen edo frakaso gisa baloratzeko, eta termino horietan baloratuz gero, bai, noski, nekez esan daiteke M-15 mugimendua garatu zen garaiko aldarrikapenek irabazi egin dutenik. Baina Kristin Rossek esaten du bai Parisko komunari buruz, bai 1968ko maiatzari buruz ere, mugimendu horiek beti izaten dituztela ondorengo bizitza batzuk, eta jende askorentzat esperientzia politiko erradikal bat edukitzeko bide bat ere badirela. Nik ez dakit M-15 mugimenduak, adibidez, hemen bertan ere, ez ote zuen eraginik izan kooperatibak muntatzen hasi zen jendearengan, edo ez ote zion jende bati balio izan gaztetxeetara hurbiltzeko edo beste hedabide batzuk ezagutzeko... Halako mugimenduek beti uzten dituzte arrastoak, gero auskalo zertan mutatu daitezkeenak. Eta nobelako pertsonaiarentzat oso esanguratsua da, mugimendu horrek halako desklasifikazio momentu bat sortu zuelako. Sortu zen mugimendua, ez zuen atzean erakundetutako ezer, eta jendeak hor parte hartu ahal izan zuen motxila bat kenduta bezala, eta, aldiz, hemen ezagutzen genuena ez zen hori: jaiotzen zinenetik zeneukan Everestera igotzeko moduko zorro bat. Kontraste hori egiteko balio zidan.

«Ez nuen nahi ETAko militantearen pertsonaiak 'check' guztiak edukitzerik; hasteko, ETAn militatu duten pertsonak mota askotakoak izan direlako. Eta berdin biktimen kasuan ere»

Euskal gatazkak estereotipoak ere sortzen zituen. Pertsonaiak lantzen asko borrokatu naiz horrekin, ez bainuen nahi estereotipatuak izaterik. Ez nuen nahi ETAko militantea izatea check guztiak egiten dituen pertsonaia bat. Hasteko, ez dudalako uste ETAn militatu duten pertsonak halakoak izan direnik, mota askotakoak izan dira eta. Eta berdin biktimen kasuan ere. Nola hau egin duzun edo hau egin dizuten, rol bat bazenu bezala izan da. Nola iritzi hau daukazun, hor kokatzen zara. Uste dut errealitatea organikoagoa zela, baina zegoen giro hark dena klasifikatzen zuen aldez aurretik.

Ba, badira estereotipoz elikatuta egindako euskal gatazkari buruzko sorkuntza lanak. Liburuan bertan burla haizez aipatzen dute El lobo filma, adibidez.

Uste dut garai hartan literaturazale ginenok zorte handia izan genuela, euskal literaturak ertz askotatik begiratu ziolako gatazkari, eta gaiari buruzko nobela, ipuin liburu eta poema liburu oso onak atera zirelako. Oso markatuta zeuden posizioez harago beste gauza asko ikusten lagundu zutela ere uste dut. Beharbada euskal gatazkak izan zuen gauzarik onenetariko bat izan zen euskal gatazkari buruzko literatura. Uste dut Markos Zapiainek inoiz esan zuela halako zerbait, eta ados nago. Eta hor ikusten dut nik arteen eta politikaren arteko lotura hori. Bestearen tokian jartzeko aukera asko ematen zituelako euskal literaturak, eta horren zordun ere bada nobela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA