Maria Llado. Ramon Llull Institutuko musika arloko koordinatzailea

«Askotan errazagoa da ezaguna den norbaiten irudia erabiltzea»

Etxepare Institutuarekin elkarlanerako akordioa du Llull Institutuak. Kataluniako erakundeak bederatzi urte daramatza herrialdeko hizkuntzaren eta kulturaren zabalkundea egiten.

ORIOL CLAVERA.
Maite Alustiza.
Bartzelona
2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Ramon Llull Institutuko musika saileko koordinatzailea da Maria Llado. Etxepare Institutuaren erakunde parekidea da Katalunian, eta elkarlanean ari dira hizkuntzari eta kulturari dagokienez. Kulturaren promozioaz eta hedatzeaz arduratzen dira biak.

Zer da Etxepare Institutua zuretzat?

Senideak gara, apur bat desegituratuta dagoen familia batean, hau da, estatuan. Elkarlanerako akordioa egin genuen duela gutxi harekin, hizkuntzaren eta kulturaren esparruan nazioartean indarrak batzeko.

Senide nagusiagoa zarete, ordea, esperientziaduna.

Hala da; bederatzi urte daramatzagu lanean, baina bide luzea geratzen da oraindik. Ondo egin ditugun gauzak daude, baina baita gaizki egin ditugunak ere. Esperientziak balio du ideiak partekatzeko eta sorkuntza artistikoari dagokionez zentzua duten ekintzak egiteko.

Etxeparek nola jokatu beharko luke munduari euskal kulturaren berri emateko?

Funtsezkoena erraza da, sinplea. Hau da, kultura eta hizkuntza propio baten zabalkundea egitea. Baina tokiko mailan ulertzen erraza den hori atzerrian azaltzeko, behartuta zaude hainbat estrategia erabiltzera. Leku batzuetan ez da beharrezkoa ezer azaltzea, badakitelako eta ulertzen dutelako. Beste batzuetan, ordea, azaldu behar duzu zergatik den garrantzitsua, zergatik dugun kultura propioa... Etxeparek Katalunian egindako aurkezpenean ez du inongo arazorik izan, baina Madrilera eta New Yorkera joandakoan aztertu beharko da gaia nola landu.

Nazioarteak ezagutzen al ditu Kataluniako eta Euskal Herrikokulturak?

Leku urruti eta handienetan, Espainiako kulturaren barruan non kokatzen diren azaldu behar da. Eta askotan, errazagoa da ezaguna den norbaiten irudia erabiltzea. Gure kasuan Miro, Dali edo Serrat, adibidez. Izena erabiltzeak balio du artista horiek kultura katalanaren parte direla identifikatzeko, eta horien atzean askoz gehiago daudela azaltzeko. New Yorkeko Metropolitan museoan, esaterako, From Gaudi to Dali erakusketa egon zen, eta lehorreratze hori baliatuta, programa kultural bat sortu genuen horren inguruan.

Etxepare erakundearentzat eraginkorra litzateke estrategia hori?

Kultura bakoitzak bere berariazko ezaugarriak ditu, baina baietz uste dut. Bideetako bat da; dena den, garrantzitsuena oreka mantentzea da. Ezin dira bakarrik ekintza handiak egin, esporta dezazun eskatzen dizun sektorea ere badagoelako. Ikusgaitasun handiko ekintzak sektoreari laguntza emanez konbinatu behar dira, baita norberak egin nahi dituen egitasmoak eginez ere. 2016an Donostia Europako kultur hiriburu izatea, adibidez, aprobetxatu beharrekoa da. Bartzelonarentzat mugarri izan ziren Olinpiada Kulturalak, eta geroko Foruma. Horiek mapan jarri zuten kultura katalana.

Bi institutuak elkarrekin ariko zarete aurrerantzean?

Aztertu behar dugu zein kasutan elkarrekin joan, eta zeinetan bananduta. Estatu mailan guztiz garrantzitsua da, jakina den baina gertatzen ez den normaltasun bat emateko. Eskandinaviako herrialdeek, adibidez, partzuergo bat dute, eta elkarrekin doaz nazioartera. Guk ikusi beharko genuke estatu mailan bateragarria den aniztasun kulturaleko ekintza zehatzak sortzea.

Euskal Herriko eta Kataluniako kultura eragileen artean egin zenutenforoak zein ekarpen egin dizue?

Oso garrantzitsua da sektore artistikoan dagoen eskakizuna kontuan izatea, eta erakunde gisa funtsezkoa da haien beharrizanak ezagutzea, are gehiago egungo merkatuan. Kontuan izan behar da guk irabazkina eman behar diogula identifikazio kulturaren funtzioari. Hau da,ez da sustapena bakarrik,horrek lotuta joan behar du errealitate kultural baten identifikazioari.

Euskarak eta katalanak zein leku dute errealitate kultural horretan?

Gai kulturaletik harago, zailtasunak daude hizkuntza aldetik. Zaila da lortzea unibertsitateek katalanezko edo euskarazko eskolak emateko aukera eskaintzea, irakurle postuen bidez. Bakarka eginez gero, gauza txikia da; baina gehituz gero, asko da, eta oso garrantzitsua da aukera ematea jendeak ikas dezan. Izatez, estatuak egin beharko luke, baita Cervantes Institutuak ere. Hutsuneak eta mugatzeak daude, eta zortea dugu nazioarterako egitasmo propioak dituzten gobernuak izaten. Uste dut ez dela ahaztu behar estatuaren erantzukizuna dagoela horretan.

Cervantes Institutua lagungarria da zuen lanean?

Cervantes Institutuak jardun garrantzitsua du, elkarlana dugu harekin, eta osagarria da guretzat. Artistentzat hobe da leku gehiago izatea, logikoki artistek ate guztietara jotzen baitute, eta Cervantesek harremanak eta sareak eginak ditu. Cervantesek programatzen du, baina katalanen kasuan, guri eskatzen digute laguntza. Ondo dago, baina azken batean, ez dakit zergatik lagundu behar diegun bi aldiz artista katalanei Cervantesek teorian artista guztien beharrizanei erantzun beharko liekeenean.

Erakundeek hartzen al dute artista kontuan?

Zailena da nazioarteko ekintzek emaitza positiboa izatea artistarentzat eta erakundearentzat, eta hori lortzea da gure asmoa. Artistarentzat garrantzitsuena da joaten den tokian hedatzea, emanaldien banaketa handiagoa izatea eta han kokatzea. Beste asmoetako bat da ulertaraztea artistak direla eta sorkuntza artistiko hori testuinguru kultural jakin bati lotuta dagoela. Azken hori begien bistakoa da, baina zaila lortzen. Unibertsitateei dagokienez, irakurle postuak ditugu mundu osoan, bai euskaraz, bai katalanez. Eta ekintza horiek kulturarekin harremana duten ekintzei lotuak joan daitezen eskatzen diegu; hala nola kontzertuei, hitzaldiei edo bestelako programei lotuak.

Noiz eta nola sortu zen Ramon Llull?

Balearretako Gobernuaren eta Kataluniako Gobernuaren asmo politikoetatik jaio zen, zehazki bien Kultura Zuzendaritza Orokorretatik. Etapa batzuetan Balearretako Gobernua irten egin da Llull Institututik, baina gaur egun barnean dago, duela hiru urtetik. Gobernu bakoitzak nazioarterako programa ezberdina zuen hasieran, eta bien asmoetatik indarrak batu genituen.

Zertan aldatu da zuen jarduna, hasi zinetenetik hona?

Gauzak aldatu dira jada eremu zabal bat aztertu dugulako, beste herrialdetako azoketan eta abarretan egon garelako, ohorezko gonbidatu gisa eraman gaituztelako... Aukera horiek oso garrantzitsuak izan dira kultura katalana kultura propio, indartsu eta merkatua duen kultura gisa kokatu dutelako.

Arlo ekonomikoari begira, nola aurreikusten duzu etorkizuna?

Momentu ekonomiko on batetik pasatu gara, eta diruarekin oso erraza da lan egitea. Baina gertuko etorkizun batean uste dut asko aldatuko dela agertokia. Bidea aurkitu beharko dugu ados jartzeko, elkarlanean aritzeko eta aurrezteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.