Toti Martinez de Lezearen «errealitate eta fantasiazko mundu berezian» murgiltzeko aukera eskaintzen du Ahotsak liburuak. Hamabost narrazio laburrez osatua dago, eta Ivan Landak sortutako marrazkiak ere baditu haietako bakoitzak. Liburua gazteleraz idatzi duen arren —Voces—, Erein argitaletxeko Jose Agustin Iturrik esan duenez, argitaletxearen eta egilearen «gogoari, ahaleginari eta esfortzuari» esker aldi berean argitaratu dute euskaraz eta gazteleraz. Miren Arratibelek itzuli du euskarara.
Gogoz idatzi du narrazio bilduma Martinez de Lezeak, eta kontakizun laburrak idaztearen abantaila bat aipatu du: orrialde gutxitan esaten duzula nobela batean orrialde askotan esango zenukeena. Aspaldi idatziak zituen bildumako kontakizunetako bi, eta gaiak askotarikoak direla kontatu du: gizonei eta emakumeei buruzkoak, aspaldikoak, etorkizunekoak, teknologiari, maitasunari eta ospeari buruzkoak. Halere, emakumeek presentzia esanguratsua dute liburuan: «Euskaldunei buruz idazten dut, euskalduna naizelako, eta emakumeei buruz idazten dut, emakumea izanik hobeto ezagutzen dudalako zer den emakume izatea».
Gainera, liburuan umore eta ironia keinu asko daudela azpimarratu du idazleak. «Kontakizun bakoitza nobela bat izan zitekeen, independenteak baitira», esan du.
Hamabost kontakizun
Amari eskaini dio kontakizunetako bat: Igerilaria. «Inoiz gehien miretsi dudan emakumea da nire ama, gudan eta gudaostean gizartearen aurka joan baitzen», aitortu du. Hain zuzen, igerilaria izan zen idazlearen ama; zehazki, igeriketako Espainiako lehen emakumezko euskal herritar txapelduna, alabak azaldu duenez. Halere, garai haietako lehiaketetan nagusiki gizonak izaten ziren: «Emakume igerilari izatearen alde egin zuen, gizonen eta emakumeen eskubide berdintasunaren alde».
«Inor ez da Durangorekin akordatzen. Halere, Gernikan baino jende gehiago hil zen, eta herria erabat suntsituta utzi zuten»
TOTI MARTINEZ DE LEZEA Idazlea
Durangoko 1937ko bonbardaketaz ere aritu da Martinez de Lezea Martxoko gutunak kontakizunean: «Inor ez da Durangorekin akordatzen. Halere, Gernikan baino jende gehiago hil zen, eta herria erabat suntsituta utzi zuten». Gernika 1937ko apirilean bonbardatu zuten, eta Durango hilabete lehenago, 1937ko martxoan. Martinez de Lezearen kontakizunean egunez egun garatuko da istorioa, eta orduko gertaerak kontatzeko emakume bat izango da protagonista.
«Gure kultura erabat garbia balitz, aspaldi desagertua legoke. Baina gure kultura nahasketa da: kapaza da asimilatzeko, sortzeko, bihurritzeko, joateko eta itzultzeko. Horri esker gaude hemen»
TOTI MARTINEZ DE LEZEA Idazlea
Afektu berezia dio idazleak liburuko azken narrazioari. Eleberri amaitugabea du izenburua, eta Eva da protagonista, Genesiaren arabera jainkoak sortutako lehen emakumea. Baina kontakizunak badu berezitasun bat: Eva gaur egungo gizartean agertuko da, eta Bibliaren errepaso umoretsu bat egingo du. Halaxe kontatuko du protagonistak: «Kontua da duela denbora mordo bat eleberri bat idaztea bururatu zitzaiela jaun batzuei, eta, aizu, oraindik ba omen da eleberri horretan sinesten duenik».
Idazle euskalduna
Hizkuntza da idazleak Erein argitaletxea aukeratzeko arrazoietako bat. «Nik ezin ditudanez nire liburuak zuzenean euskaraz idatzi, bi hizkuntzetan argitaratzeko aukera ahalbidetzen dit Ereinek. Hala, nolabait, jatorri bera dute liburuek; Miren Arratibelen babesari esker, noski». Izan ere, jatorrizko liburuak gazteleraz idazten dituen arren, idazle euskalduna dela aldarrikatu du Martinez de Lezeak, haren ustetan gakoa ez delako hizkuntza, bera euskaldun izatea baino. Hala azaldu du: «Gure kultura erabat garbia balitz, aspaldi desagertua legoke. Baina gure kultura nahasketa da: kapaza da asimilatzeko, sortzeko, bihurritzeko, joateko eta itzultzeko. Horri esker gaude hemen».