Askotariko senidetzan

Arkaitz Estiballes alde zabalarekin nagusituta, zuzenean sailkatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako

Arkaitz Estiballes izan zen onena, Basauriko lehen finalaurrekoan. IÑIGO AZKONA.
Beñat Zamalloa Akizu.
Basauri
2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ofizioetako zatian, saioaren lehen zatian, izan ziren: 30 urte ezkonduta zeramatzaten senar-emazteak, eztei gaueko hotelean berriro; amama-ilobak autoan, amamak irratiko musika aldatuta irratian meza jarrita; aita-alabak, etxerakoan alabak aita ilunpetan topatuta; aitaginarreba eta suhia ospitalean, suhiak batutako perretxikoek ondoeza eraginda; eta lehendakari izatear zen aita, eta hargatik alai ez zen haren alaba. Askotariko senidetzan kantatu behar izan zuten bertsolariek, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan izango diren hiru finalaurrekoetatik lehenengoan; herenegun, Basauriko Artunduaga kiroldegian. Ofizioetako gai gehienetan familiarteko harremanik bazen ere, Arkaitz Estiballesek, Onintza Enbeitak, Oihana Bartrak, Eneko Abasolok, Gorka Lazkanok eta Iñaki Iturriotzek jokatutako rolen artean, izan zenen bestelako harremandunik ere.

Senidetzan aritzea egokitu zitzaion zortziko eta hamarreko txikiko ofizioetan, ideietan fresko eta erantzunez aritu zen Bartrari. Amama izan zen zortziko txikian, finen ofizioetan ibili zen Enbeitarena. «Elkarrekin zoazte autoan, musika entzuten. Onintza, bideari adi zoazela, Oihana amamak meza jarri dizu irratian», zehaztu zien gaia Aurrekoetxeak. «Astiro-astiro goaz / ederto-ederto / ta ez daukat asmorik / ostirik hartzeko», bota zion lehenean Enbeitak eta «Hor dagoen orratza / gora, gora dabil. / Edozein momentutan / ahalko garenez hil / zerurako bidea / preparetan nabil», erantzun zion Bartrak. «Baina nigaz ederto / helduko zara zu / ta 'Eskerrik asko, jauna' / kantauko doztazu», bukatu zituen bereak Enbeitak, eta zabaldutako bidean borobildu zuen ariketa Bartrak: «Baina onik urten dogu / azkenik kotxetik. / 'Eskerrik asko, Onintza / bihotz-bihotzetik'».

Kartzelan, saioaren bigarren zatian, lehen puntuak erantzunda, bakarkorako zuten gaiarekin tematikan senidetzari eutsiko ziotela aurreikusten zen, Leire Aurrekoetxea aurkezleak gaia aurkeztuzuenean: «Astebete daroazu sofan lo egiten». Gaia entzunda bertso antzekoak entzuteko beldurrik sor zitekeen arren, askotariko senidetzan eta askotariko ikuspegi berezietatik abiarazi zuten ariketa.

Hamarreko txikian, aitaginarrebaren ahotik abaila hartu, eta gainontzekoekiko aldea zabaldu zuen Arkaitz Estiballes saioko irabazleak. Abailarekin gorantza eta aldea zabalduz jarraitu zuen, bakarkakoan. Beretik eta umoretik heldu zion gaiari. «Etxera heldu orduko / hirurak baziren jada / ohera hurbildu eta / bi okupa neuzkan, hara: / Euri, titia xurgatzen; / Maindi, lo zeharretara. / Manta txiki bat hartuta / berriro ere sofara / bertsolari garen aitak / horrela ibiltzen gara», bukatu zuen lehen bertsoa lehen puntuetan, Unai Iturriagarekin Zallan bertso afaria izan zuela azalduta. Bigarren bertsoa ertzez ertz eta testuinguruari lotutako detailez detaile josi zuen, goitik behera:

Arkaitz Estiballes:

Telebista piztu nuen

loak hartzearren laister;

hogeita hamasei kate

baina ez zegoen ezer:

Canal Bizkaian, pornoa;

Marcan, Nadal eta Federer;

Telecinco-n, astrologak;

Teletiendan, Jes Estender.

Azkenean, kostatuta

loak hartu nuen, joder!;

sofan nahiko deseroso

bihurturik oker-oker

Iturriagak eman zidan

txina txiki bati esker.

Bigarren bertsoan, batez ere, asmatu zuen umoretik eta puntuz puntu saiora bildutako 500 bat lagunen barre kolpeak eragin zituen.

Informazio gehiago helbide honetan:

www.berriketan.info

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.