Amerikara joandako euskaldunen kontuak aski ezagunak zaizkio Asun Garikanori (Tolosa, Gipuzkoa, 1962). Besteak beste, Far Westeko Euskal Herria eta Kaliforniakoak (1533-1848) liburuak idatzi ditu, eta ikerketan buru-belarri aritu da horretarako. Baina bere lana ez omen da «zati txiki bat» besterik, Jon Bilbaoren eta Bill Douglasen bibliaren aldean.
50 urte ditu liburuak. Bada ezer liburuan zaharkituta gelditu denik edo birpentsatzea eskatzen zuenik?
Edizio honetarako idatzi duen epilogoan, Bill Douglassek esaten du testua orriz orri berrikusteko kontua aipatu ziotela, baina ezetz esan zuela berak, klasiko bat «errebisio» bihurtzea izango zelako hori; beste testu bat, goitik behera. Arrazoi zuen. Berrogeita hamar urte pasatu dira Amerikanuak argitaratu zenetik, eta geroztik aldaketak egon dira —garai hartan, euskal etxeen sareak ez zuen orain duen indarrik, NABO [North American Basque Organizations] sortu berria zen, Euskal Herriaz ematen diren datu demografikoak eta bestelakoak ere ordukoak dira… —, baina ez nioke nik zahar itzalik ezarriko liburuari. Euskaldunen emigrazioaz ari garela, ordura artekoak du interesa. Hau da, Kolonen lehen bidaiarekin hasi eta bost mendez euskaldunek Amerikan izan duten presentziak. Horri buruz jakin nahi duenarentzat, ez da Jon Bilbao eta Bill Douglassen Amerikanuak baino azterketa hoberik.
Zerk erakarri zaitu gehien?
Nik uste irakurlea harritu egingo dela euskaldunek Amerikaren historian izan duten presentziaren magnitudea jakitean. Kontu batzuk gutxi gorabehera badakizkigu: balea arrantzak izan zuen garrantzia, zenbait itsasgizonen izenak, misiolarien lanak, artzainak eta artzainak eta artzainak… Baina zer dakigu XVI. eta XVII. mendeetan Potosin (Kolonbia) euskaldunen eta beste talde etniko batzuen artean egon zen «arraza gerraz»? Edo Buenos Airesko saladero-ei buruz [haragia gazitzeko lantegiak]? XIX. mendearen erditik aurrera, Buenos Airesera emigratzen zuten euskaldun gehienak saladero-etan aritzen ziren. Euskaldunak ziren han langile gehienak, euskara zen haien arteko hizkuntza, eta frontoia ere bazuten lantokian bertan. Interes handikoa da Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrari buruzko atala ere. Donostian eratu zen, 1728an, eta Koroaren enpresa amerikar garrantzitsuena izan zen Filipe V.aren garaian.
«XIX. mendearen erditik aurrera, Buenos Airesera emigratzen zuten euskaldun gehienak saladero-etan aritzen ziren. Euskara zen haien arteko hizkuntza, eta frontoia ere bazuten lantokian bertan»
Emigrazioa eragin zuten faktoreak ere aipatzen dira.
Atal osoak eskaintzen zaizkio Euskal Herriaren historia politiko, ekonomiko eta sozialari: nola bultzatu zuen maiorazkoak emigrazioa, edo nola ibiltzen ziren engantxadoreak herriz herri eta baserriz baserri, emigrantegai bila. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari buruzko atala ere oso interesgarria da. Euskal Herrian Ilustrazioaren ideiak zabaltzeko asmoz sortu zen elkartea, 1765. urtean, baina erresistentzia handia topatu zuen. Bazkide gehiago zituen emigranteen artean Euskal Herrian bertan baino; bazkide gehiago Arequipan (Peru) Euskal Herriko edozein hiriburutan baino. Liburuan aipatzen den esaldi bat geratu zait gogoan: «Zenbat eta urrutiago joan, orduan eta maiteago euskaldunak aberria».
«Atal osoak eskaintzen zaizkio Euskal Herriaren historia politiko, ekonomiko eta sozialari: nola bultzatu zuen maiorazkoak emigrazioa, edo nola ibiltzen ziren baserriz baserri emigrantegai bila»
Eta zerk harritu zaitu gehien?
XX. mendeko lehen hamarkadetan Estatu Batuetan euskal immigranteen kontra esaten zirenek. Bai herritarren artean —Black Bascos eta horrelako gaitzizenak ematen zitzaizkien—, eta bai zenbait politikariren artean ere. Kongresuan Nevadako senatari batek euskal artzainei buruz botatakoak, adibidez: «Adimenik edo beste dohainik gabeko jendea dira». Euskaldunak infragizakitzat hartzen zituzten diskurtsoak. Gaur immigrazioaren kontra entzuten ditugun akusazioen oso-oso antzekoak. Euskaldunen artean emigrante ilegalak egon dira (soldaduskatik edo gerretatik ihesi joandakoak), herrialdean lan kontraturik gabe sartzeagatik deportatuak, inork nahi ez zituen lanak egitera behartuak... Gaurko immigrazioa ulertu nahi duenarentzat, ez da ariketa txarra euskaldunak egoera horietan ikustea.
Zer goraipatuko zenioke liburu honi?
Goraipatzekoa: anbizioa. Erreparatu aztergaiari: bost mendez bi kontinentetara eta Karibeko uharteetara joandako euskal emigrazioa. Douglassek epilogoan dioen bezala, liburuak hutsuneak ditu. Kubaz, esate baterako, gutxi hitz egiten da. Baina bost mendeko emigrazio horren ikuspegi zabal eta koherente bat eskaintzen dio irakurleari. Kubari buruzko informazioak ez zituen segur aski aldatuko liburuaren bukaeran egileek euskal emigrazioaz ateratzen dituzten ondorioak.
Berrikuntzari dagokionez, oinarri dokumentala aipatuko nuke. Ordura arte ez bezala, Douglassek eta Bilbaok Euskal Herrian bertan eta euskal emigrazioaren helmuga izandako herrialdeetan egin zuten sei urteko ikerketa lana, hango eta hemengo bibliografia erabiliz, eta inkestak eginez, ez bakarrik Montevideon edo Winnemuccan, baita Aulestin eta Etxalarren ere.
600 orrialde itzultzea ez da lan makala. Nola heltzen zaio neurri horretako lan bati?
2025. urte honek ez du niretzat urtarorik izan. Neguan (otsailean) hasi nintzen liburua itzultzen, eta berriro negua zen (azaroa) ordenagailu aurretik altxatu nintzenean. Esaten didate udaberrian zelaiak loratu zirela eta udan epel-epel egon zela itsasoko ura. Egia izango da. Nik ez dut ikusi.
«2025. urte honek ez du niretzat urtarorik izan. Neguan (otsailean) hasi nintzen liburua itzultzen, eta berriro negua zen (azaroa) ordenagailu aurretik altxatu nintzenean»
Lehenengo baldintza: tematia izatea. Liburu hau itzulita, frogatuta utzi dut ezaugarri hori badudala. Beste frogarik ez eskatzea espero dut. Bigarren baldintza, oso inportantea: itzultzaileak liburuaren balioan sinestea. Ez dut neure burua imajinatu nahi 600 orriko liburu ganorabako bat itzultzen.
Esan behar dut, hala ere, laguntzaile on bat izan dudala: Jone Irazu Garikano. Berak atal batzuk itzuli ez balitu, ez ginen garaiz iritsiko liburuaren 50. urteurren honetara. Azkenean, nik berak baino lan gehiago egin dudala-eta, ez du bere izena nirearen ondoan jarri nahi izan. Beste etxeetan ez dakit, baina gurean, ama-alaben arteko eztabaidetan, alabak atera ohi dira garaile.
Zein zati egin zaizu gustagarriena eta zein zailena?
Lexikoari dagokionez, lasaitasun handia izan da hainbat eta hainbat gauza finkatuta topatzea. Amerikako toponimiari dagokionez, adibidez, itzultzaileak ez dauka The Great Basin edo The Rocky Mountains edo New Mexico nola itzuli asmatzen ibili beharrik. Hortxe dauka erantzuna, PDF batean klik eginda. Edo beste PDF batean klik egitea nahikoa du Banu Qasiren dinastiakoei banukasitarrak esaten zaiela jakiteko. Ikaragarri aurreratu dugu kontu horietan, eta horrek segurtasun handia ematen dio itzultzaileari.
Lanik handiena eman didana, beti bezala, joskera izan da. Prosa on bat lortzea, kozkorrik eta estropezurik gabe irakurtzen dena; berez bezala doana, erritmoa duena; euskaraz irakurtzera ohituta dagoenak aise irakurriko duena. Hori ez da lehenengo zirriborroan lortzen. Bigarrenean, gauzak hobetzen dira pixka bat. Hirugarrenean, erritmoa hartzen hasten da prosa…
«Lanik handiena eman didana, beti bezala, joskera izan da. Prosa on bat lortzea, kozkorrik eta estropezurik gabe irakurtzen dena»
Izan al da kontrako eztarritik joan zaizunik?
Hitz batekin zer gertatu zaidan kontatuko dizut. Arrakasta hitza askotan agertzen da liburuan. Eta bat-batean pentsatu nuen estatubatuar batentzat eta euskaldun batentzat hitz horrek ez zuela gauza bera adierazten. Hiztegira joz gero, success arrakasta dela esango dizu, eta to succeed arrakasta izatea dela. Hitz horrek sekulako garrantzia du estatubatuarren mundu ikuskeran: edo arrakasta duzu, edo loser hutsa zara. Ez dut uste gauzak hola direnik guretzat. Horrelakoetan, egokitzapen kulturala egin behar du itzultzaileak. Hiztegiek arrakasta hitza erabiltzera bultzatzen zaituzte, baina beste aukera batzuk ere hor dituzu: aurrera atera, lortu, aberastu, asmoa bete…