Zinema estreinaldiak

Ate batek dakarren misterioa

Kane Parsons zinemagileak 20 urte baino ez ditu, eta bere lehen film luzea ondu du: ‘Backrooms’. Youtuberako grabatzen zituen bideoak daude oinarrian.

'Backrooms' filmeko fotograma bat. BERRIA
'Backrooms' filmeko fotograma bat. BERRIA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko ekainaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Altzariak saltzen dituen denda bateko sotoan ate bat agertu da, itxuraz nahiko bitxia. Clark da bertako kudeatzailea —Chiwetel Ejioforrek antzeztu du—, eta enpresari ez doakio oso ondo. Ate misteriotsuak piztutako jakin-minak bultzatuta, hormaren beste aldean zer dagoen ikertzera ausartuko da. Bertan, baina, topo egingo du inolaz ere espero ez duen egoera batekin: milaka gela daude barrenean, eta labirinto itxura dute. Protagonistak ondo gogoratu beharko du nondik sartu den, ehunka areto eta korridore baitaude, eta erraza izango baita galtzea. Egunak joan, egunak etorri, atearen beste aldean zer dagoen ikertzen ariko da, baina egunetik egunera gela gehiago sortzen ari direla ikusiko du, eta jazotakoa ezin sinetsi egongo da.

Aldi berean, Mary Kline psikologoarengana (Renate Reinsve) joaten da Clark, arazo pertsonalak direla medio. Aurreko ezinegon guztiak nahikoa ez, eta ikusitakoaren berri emango dio Kline doktoreari. Terapeutari, baina, zaila egingo zaio gizonak esaten dion guztia sinestea, eta zalantzan jarriko ditu haren hitzak. Halako batean, protagonista atearen beste aldean geratuko da atera ezinik. Eta, egoera hori ikusirik, hormaren beste aldera joatea eta Clark bilatzea beste biderik ez du izango psikologoak.

Afizioa ofizio

Youtubeko bideoekin hasi zen guztia: 2017an ekin zion Kane Parsonsek bideoak igotzeari. Nagusiki, zientzia fikziozkoak egiten zituen, baina tartean film laburrak ere sortzen zituen, beldurrezkoak. 2022. urtean egin zen bereziki ezaguna; izan ere, The Backrooms deituriko film laburra argitaratu zuen, found footage estiloan —teknika narratibo bat da: istorioa kontatzeko, artxiboko irudiak eta segurtasun kamerako irudi errealak erabiltzen dira—. Segituan egin zen birala, eta gaur egun 70 milioi ikustaldi baino gehiago ditu. Proiektuak berebiziko interesa piztu zuen ekoiztetxeen artean; tartean zegoen A24, zeinak berriki bideo horiek filmera egokitu dituen, 20 urteko youtuberraren zuzendaritzapean. Horren fruitua da Backrooms filma.

Lan berria ondu bitartean, baina, Parsonsek ez zion utzi bestelako lanak sortzeari. Hala, The Oldest View (2023) eta People Still Live Here (2025) beldurrezko bideo multzoak filmatu zituen. Lehenengoa, abandonatutako saltoki gune batean kokatuta dago. Bigarrena, berriz, fikziozko bideojoko baten ingurukoa da.

Beste estreinaldi batzuk:

'La Bataille de Gaulle: L'age de fer' filmeko irudi bat. BERRIA
La bataille de Gaulle: L'âge de fer filmeko irudi bat. BERRIA

‘La Bataille de Gaulle: L’âge de fer’

Zuzendaria: Antoin Baudry. Gidoilariak: Antoin Baudry eta Berenice Vila. Aktoreak: Simon Abkarian, Simon Russell Beale, Florian Lesieur. Generoa: Drama. Herrialdea: Frantzia. Estreinaldia: Gaur estreinatuko da Ipar Euskal Herrian.

1940ko ekaina da, Frantzian. Behea jo du herrialdeak, eta armistizioa sinatu berri du. Kaosaren erdian, jeneral batek amorerik ez ematea erabakiko du. Bakarrik, babesik gabe, eta guztia kontra duela, Londresera joango da, geratzen den askatasun izpia salbatu nahian.

'scary movie'

Zuzendaria: Michael Tiddes. Gidoilariak: Rick Alvarez, Marlon Wayans, Shawn Wayans, Keenen Ivory Wayans. Aktoreak: Anna Faris, Regina Hall, Marlon Wayans. Generoa: Umorea eta beldurra. Herrialdea: AEB. Estreinaldia: Gaur estreinatuko da Ipar Euskal Herrian, eta etzi Hegoaldean.

 

Ghostface-rengandik (Mamu aurpegia) ihes egitea lortu eta 26 urtera, berriz itzuliko da hiltzailea: jada inor ez da salbu egongo. Marlon Wayans, Shawn Wayans, Anna Faris eta Regina Hall beste behin batu dira hiltzailea akabatzeko. Harekin batera, aurrez agertu gabeko aurpegi batzuk ere azalduko dira.

'masters of the universe'

Zuzendaria: Travis Knight. Gidoilaria: Chris Butler. Aktoreak: Nicholas Galitzine, Camia Mendes, Alison Brie. Generoa: Fantasiazkoa. Iraupena: 132 min. Herrialdea: AEB. Estreinaldia: Etzi estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

 

Adam printzea da filmeko protagonista, 10 urteko mutiko bat. Espaziontziarekin Lurra jo zuen, eta bere ezpata magikoa kendu zioten, etxearekin zuen lotura bakarra. Bi hamarkadaren ostean topatu zuten Adam, eta espaziora itzuli zuten, bere planeta defenditzeko: Eternia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE