Autoekoitzitako diskoa da oraingoa ere, eta “kalanbrea” eman dezakeen “arte-faktua” dela adierazi du Gorka Urbizuk, Berri Txarrakeko abeslariak, diskoa azaltzeko idatzitako testuan. Inoiz baino gogorrago datoz Zea Mayseko lau kideak. Perfekzioaren bila, haien estiloari jarraituz sortu dute lan berri hau, eta grabatzerako orduan egin dituzte berrikuntzarik handienak.
Aiora Renteria, Ruben Gonzalez, Asier Basabe eta Iñaki Imazek hogei urte baino gehiago daramatzate batera, eta Carles Campi Campon ekoizleak talde izaera hori indartzeko ahalegina egin du oraingoan. Vetusta Morla eta Jorge Drexlerren diskoak nahastu ditu Campik, eta Atera diskoan berarengan jarri dute konfiantza osoa Zea Mayseko taldekideak. “Talde solidoaren kontzeptua asko gustatzen zaio Campiri, eta hori indartzeko asmoz, estudioan gu laurok bakarrik eta batera egotea nahi zuen”, azaldu du Renteriak.
Horregatik ere, diskoko abesti guztiak estudioan grabatu dituzte laurek elkarrekin. Azaldu dutenez, zuzeneko emanaldiarekin ahalik eta antzekotasun handiena edukitzeko. Irailaren 1etik 9ra arte egin zituzten grabaketa guztiak, kontatu du Renteriak: “Inoiz ez dugu hain denbora gutxian disko bat grabatu; oso intentsua izan da”. Nahasketaz arduratzen zen teknikariak oso aldaketa gutxi egin dituela nabarmendu du taldeko abeslariak.
Aldaketarik handiena sintetizadorearen erabilera izan da, eta zuzenekoetan ere eramango dutela esan dute taldekideek. “Aurreko diskoarekin alderatuta gogorragoa da disko hau. Gitarra gehiago sartu ditugu, zarata gehiago, fuzz gehiago... Ez dakit nahita egin dugun, baina horrela atera zaigu”, aitortu du Imazek.
“Atera barruan dena. Egindakoa ahaztu dezadan”, entzuten da diskoari izena ematen dion Atera abestian. Taldearen aldarria azaldu du Imazek: “Era positibo batean, barruan daukaguna atera nahi dugu, lokaletik atera, ezagutarazi, diskoa atera... beti ere, ihes egin barik”.
Eta, hain zuzen, atzerrira “aterako” dira gaur Ondarroan hasiko duten bira berrian. Paris, Berlin eta Amsterdamen joko dute, besteak beste. Euskal Herrian ere ariko dira, eta aurreratu dutenez, abenduaren 20an kontzertua emango dute Bilboko Kafe Antzokian.