Pirata esan, eta irudi jakin batek hartuko dio gogoa hitz hori entzun duenari. Imajinatuko du gizaseme zakar, gordin, kalparluze eta lotsagabe bat; ron botilari heldu, eta ahots urratuz kantari, erori arte emango diona zurrutari. Oso litekeena da, halaber, begitandu zaion pirata hori elbarria izatea. Zango baten ordez egurrezko hanka izango du beharbada. Edo begi galdua estaltzeko txaplata beltz bat, eskua beharrean gako bat. Askok loro bat marraztuko liokete sorbaldaren gainean, baita zapi bat ere, buruan korapilatuta.
Izan ere, ez da pertsonaia estereotipatuagorik pirata bera baino. Abentura liburuei zor zaie taxukera hori, baita garai hartako prentsako satiragileei ere. Daniel Defoe idazle eta kazetaria jotzen da estereotipo horren aitzindari, haren lumapean sortutako itsas abenturek eta bereziki Robinson Crusoe eleberriak egin baitzituzten ospetsu ezaugarri horiek guztiak. Hark lehen estereotipoa sortu zuen, eta gerora etorriko ziren egileek hura bera behin betiko finkatu. Lord Byronek, Sir Walter Scottek, Rafael Sabatinik eta Arthur Conan Doylek, kasurako, Defoek imajinatutako deskribapen hura indartu baino ez baitzuten egin; zer esanik ez Robert Louis Stevensonek, Altxor uhartea eleberriaren bitartez.
Gerora, literatur genero horren abaroan sortutako filmek betikotu dute pirataren planta, bereziki Hollywoodeko industriak ekoitzitakoek. Salbuespenak salbuespen, gizaseme aske, grinatsu eta abenturazaleak dira piratak, eta gerorik ez balego bezala borrokatzen dira. Heroien moduko zerbait ere badirela esan liteke, jende xehearen bizkar pilatutako ondasunak ebasten baitizkiete handi-mandi urre goseei. Hain zuzen, horretarako sortu zirela ematen du: tiranoak lotsarazi, justizia ukatua berrezarri eta boterearen inpunitatea borrokatzen dute inolako ahalke eta beldurrik gabe. Robin Hoodek basoan bezala, haiek itsas zabalean.
Baina David Lesterrek (Kanada, 1958) eta Marcus Redikerrek (AEB, 1951) Herio anderearen trapupean komikian itxuratutako piratak ez dira erabat horrelakoak; ezta haien testuingurua ere. Hasteko eta behin, egileek Atlantikoko uretara eta 1710-1720 hamarraldietara mugatu dutelako istorioa. Biak ala biak adituak dira komiki horretan lantzen diren gaietan. Rediker Pittsburgheko Unibertsitateko irakaslea da lanbidez, eta historialaria ez ezik, idazlea, gidoilaria, antzerkigilea eta komikigilea ere bada. Besteak beste, The Many-Headed Hydra: Sailors, Slaves, Commoners, and the Hidden History of the Revolutionary Atlantic (2000), International Labor History eta The Slave Ship: A Human History liburu sarituak eman ditu argitara. Lester, berriz, idazlea, artista, komikigilea eta ilustratzailea da. Gainera, Vancouverreko Mecca Normal punk taldeko gitarra jotzailea ere bada. Besteak beste, 1919: A Graphic History of the Winnipeg General Strike komikia (2019) eta Partisans: A Graphic History of Anti-Fascist Resistance antologia grafikoko ataletako bat (2025) ondu ditu. Bi egileek hiru komiki plazaratu dituzte orain arte elkarrekin: Prophet Against Slavery: Benjamin Lay (2021), Revolution by Fire: New York's Afro-Irish Uprising of 1741 (2024) eta Herio anderearen trapupean bera —jatorriz Under the Banner of King Death: Pirates of the Atlantic (2023)—.
«Ziren bezalakoak»
Lesterrek eta Redikerrek ez diote fikzioari muzin egin lan honetan, ezta mitoaren oinarriari berari ere. Baina errealitate gordina azaleratzea izan dute ardatza, eta estetika ezin egokiagoa hautatu dute horretarako: trazu zuri-beltza, fanzineetako estilo zirriborratua, eta espresio gordina. Kapitaina azoteka hasten den bakoitzean, hozkia senti liteke; marinel larrutuaren oinazea bezainbeste, zigorrean ari den tiranoaren grina txarra nagusitzen da binetetan.
Urrun gelditzen da piraten gaineko idealizazioa. Altxor ezkutuen bila marinel erroldatutako abenturazaleak baino gehiago, bortxaz errekrutatutako gazte txiro eta desanparatuak erretratatu dituzte komiki honetan, eta irakurleak haien patu txarraren, askapen nahiaren eta bizitza laburraren lekuko bihurtzen dira lehen orritik beretik.
Urrun gelditzen da piraten gaineko idealizazioa. Altxor ezkutuen bila marinel erroldatutako abenturazaleak baino gehiago, bortxaz errekrutatutako gazte txiro eta desanparatuak erretratatu dituzte komiki honetan
Ikus liteke amorruz eta erdeinuz matxinatu ziren marinel haien leitmotiva ez zela baitezpada mundua aldatzea edo sistema iraultzea; albait duinen bizirautea baizik. Kopetaraino zeudelako armadako eta merkataritza ontzietako lan baldintza zapaltzaileez. Komikian barrena ikas litekeenez, erabat akitzeraino lan egin behar izaten zuten. Askotan, ziria sartzen zieten ordainsarietan, eta jaki ustela besterik ez zuten izaten ahora eramateko. Itsasontzi haietan, izan ere, agintekeriaz jazartzen zituzten, eta ezin bortizkiago zigortzen esana egiten ez zutenean edo kapitainak berea inposatu nahi zuenean.
Marinel haien bizimodua latza zen bestela ere: kanoikako borrokaldietan hil zitezkeen, ontziaren kareletik erori, zama astunegiak jasotzeagatik herniak egin, malariak jota gaixotu, upelek harrapatuta elbarritu... Ez zen harritzekoa Atlantikoko itsasbazterreko portu hirietan zebiltzan eskeko gehienak marinelak izatea.
Aldarrikatzen hasita, pirata klasiko haiek historia liburuetako lerroetan mereziko luketen tokia aldarrikatzen dute Lesterrek eta Redikerrek, ozen: «Heroi herrikoiak izan zirela eta oraindik ere hala direla diogu liburu honetan». Eta baieztapen horren argudio gisa, matxino haien ordena sozialaz mintzo dira hitzaurrean: «Beren askabide harrigarri horretan, demokraziaren eta berdintasun printzipioen arabera antolatu zituzten ontziak: kapitaletik, estatutik eta arau sozial errepresiboetatik at». Antolamendu hori guztiz berria eta autonomoa zen, inondik ere: «Itsasontzietako kapitainek tripulazioaren gaineko botere ia absolutua eta langile txiroek inolako eskubiderik ez zuten garaian, piratek ezohikoa egiten zuten. Hau da, kapitainak eta ofizialak aukeratu». Are, abordatzeetan lortutako etekinak eta baliabideak banatu ere egiten zituzten. Zalantzarik ez dago haientzat printzipio higiezinak zirela hartu beharreko erabakiak kolektiboak izatea eta elkar zaintzea, kide guztien iritzia hartzen zuten kontuan, eta ez zuten baliabideen banaketa horretatik kanpo inor uzten, ezta gaixotuta, zaurituta edota bestela ezinduta gelditzen zirenak ere.
Bada bestelako apunterik ere komikian. Halaxe diote Redikerrek eta Lesterrek, euskarazko edizioari beren-beregi egindako hitzaurrean: «Etnia eta arraza ugaritako piratak izanik, nazionalismoa baztertu zuten, eta horren araberako bandera bat sortu zioten kolore askotako eskifaiari. Mary Reedek [komikiko protagonistetako bat da] eta haren gisako emakume ausartek ere askatasuna aurki zezaketen itsasontzi piratan».
Beraz, Atlantikoko uretan legez kanpo bizi eta itsasontzian ordena sozial berdintzaile hori ezarri zuten marinel dohakabe haien bitakora kaiera da Herio anderearen trapupean komikiak agerian jartzen duena. Piratak, komikigintza eta kultura herrikoia lotzen dituen gibel solasak biribiltzen du liburua; Paul Buhle New Yorkeko unibertsitateko irakasleak idatzia da. Besteak beste, Radical America aldizkaria sortu eta Amerikako ezkerraren entziklopedia editatu du.