Kritika. Musika

Atzera, aurrera egiteko

Gailu
mikel lizarralde
2026ko otsailaren 15a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gailu proiektuaren haziaren bila atzera eginez gero, 1997an aurkituko dugu Mikel Txopeitiaren (Bap, Negu Gorriak, Inoren Ero Ni, Anari) egitasmo berezi honen lehen fruitua, urte hartan argitaratutako Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan disko kolektiboan kantu bat utzi baitzuen. Handik bost urtera iritsi zen Kutxa beltza, Luis Andre Hrndz artistarekin elkarlanean landutako lan laburra —Bilboko trafikoa kudeatzeko erabiltzen diren kamerek jasotako irudiekin osatutako ikus-entzunezko pieza bat ere bazekarren—, zeinak berresten zuen Txopeitiak elektronikaren testurekin eta programazioekin lan egiteko asmoa zuela. 

Baina lan hura argitaratu ondoren, Gailu desagertu egin zen. Edo hibernazio sasoi luze batean sartu. Harik eta 2021ean Txopeitiak proiektua berpiztu zuen arte, Eneko Abrego abeslaria eta Xabier Olazabal Drake aspaldiko lagunak ondora ekarrita, eta talde gisa itzuli zen Gailu. Orduz geroztik, hiru lan argitaratu ditu, hirurak taldearen izaera berezi, ikonoklasta eta, batik bat, irekiaren erakusgarri.

Begiak, egiak ba ote? (Bidehuts, 2021) eta Autosuntsipena hasia da, 3, 2, 1... Znort!!! (Bidehuts, 2023) diskoek erakutsi bezala, erritmoa da Gailuren ardatza, proiektuaren oinarria, eta hori ere agerikoa da Bizi eta ixo!! lan berrian (Tristuraren Industria, 2025). Gitarrarik apenas azaltzen den disko osoan —Ander Mujikak Ego...te absolvo?-n sartu duena da salbuespena—, eta kontrabaxuak eta bateria-perkusioek markatzen dute erritmoa, kantu ia guztien abiapuntua alegia. Hain zuzen ere, Mariano Hurtadok hartu du Drakeren lekua baxuarekin eta kontrabaxuarekin, nahiz eta Drakek berak ere parte hartu duen diskoan, modu puntualean bada ere.  

Erritmo oinarri horren eta Txopeitiak samplerrarekin jolastuta gehitutako elementuen gainean altxatzen da Okene Abregoren ahotsa: hip-hop-aren eta spoken-word-aren artean mugitzen da beti, eta gure gizarteari begirada oso kritikoz so egiten dioten hitzak botatzen ditu. «Mantso-mantso, mantsotasun militantean, ez egitearen aldeko aldarri irmoan. Atzeraka aurrera egiteko karramarroak lez, ustezko aurrerabideari izkin eginez», dio, esaterako, K. Ttipiak idatzitako Nondik joko haizeak (Larrabil 2.) kantuan —bide batez, esan daiteke aurreko diskoetan egindako lanarekin segituta, K. Ttipia, alegia Asier Aizpurua edo Axi Bukowski, proiektura batu dela modu definitiboan, harenak baitira diskoko zortzi kantuetako bosten hitzak—.

Musika beltza da Gailuren ardatza, hip-hoparen eta funkaren artean mugitzen dena, baina punkaren eta hardcorearen izpiritua ere gordetzen duena. Horregatik, No Wave mugimenduaren esperimentuetatik eta Sleaford Modsen punk-hip-hop minimalistatik gertuago dago gaur egungo musika urbanoetatik baino. 

Funkaren erritmora egiten dute negar herriaren kontra Bizi eta ixo!! kantuan: «Jendarte muturreraino ñañotu, umetu eta mamatian kexa ugari entzuten da. Kexa soberan aukeran». Eta garaiotako egozentrismoa jartzen dute jomugan Ego...te absolvo ilun bezain eraginkorrean: «Ni eta neu, neu eta ni, ezinezko dantza batean. Zilborraren inguruan ezinezko dantza batean. Jira eta bira, bira eta jira, itsuski, itsuki, nitasun gaindosiak jota, itsuski, itsuki, gure pentsamendu hutsean arrazoietan itoa».

Kortaturen Don Vito y la revuelta en el frenopĂ¡tico-ren bertsio batez gainera —diskoko tonutik dezente ateratzen dena—, Jay Jay Johansenen Cheetah-ren moldaketa bat ere egin dute (Gepardo), zeinetan jazz garaikidearen eta trip-hoparen artean kulunkatzen baita taldea, Iban Urizar Amorante-ren tronpetak lagunduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.