«Atzeraguardiatik» lehen planora pasatu da Kike Mora

Baxu jotzaile bizkaitarrak 'Jazz Project' diskoa grabatu du Musikenen ikaskide izandako musikariekin

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Kike Morak (Barakaldo, Bizkaia, 1975) urte batzuk daramatza hainbat talderen «atzeraguardian», baxu jotzaile, teknikari eta ekoizle gisa. Korrontzi eta Kepa Junkerarekin jo du, eta, besteak beste, Des-Kontrol, Urgabe, Basaki eta Amaiurrekin lan egin du. Bazuen gogoa bere lana egiteko. Abestiak sortu eta disko batean biltzeko. Jazz Project-ek, Baga-Bigarekin kaleratu duen diskoak, irrika horri erantzuten dio.

Musikenen ikaskide izandako musikarien laguntza izan du horretarako. Iker Uriarte (Betagarri) eta Juanma Urriza Boli (Sorkun) bateria jotzaileek, Ander Hurtado de Saratxo perkusionistak (Korrontzi), Juan Ortiz(Cherry Boopers) eta Rafa Santana pianistek, Mikel Romero gitarristak (Korrontzi) eta Alain David(Traveling Brothers) eta Julen Izarra (Acido C) saxofoi jotzaileek parte hartu dute. Bederatzi abesti grabatu dituzte. Eta bakoitzak kantu batean parte hartu du. Morak berak baxua jo du, programazioak sartzearekin batera.

Baxuaren bidez, jazzaren eremu zabalean barrena ibili da Mora Jazz Project diskoko abestietan. Askotarikoak dira. «Bakoitza modu batekoa atera zait, eta baxuarekin eta programazioekin diskoari nolabaiteko batasuna ematen saiatu naiz». Funk, be bop eta swing doinuak tartekatzen dira diskoan. «Denetarik entzuten dut: heavya, punka, folka, musika elektronikoa, jazza... Eta abestietan igarri egiten dela uste dut», azaldu du Morak.

The Beatlesen Yesterday berrinterpretatu du, halaber. «Nire ekarpena egin nahi izan diot abesti horri. Behin klub batean jotzen hasi nintzen, entsegu modura, jotzen hasi aurretik. Eta jendeari gustatu egin zitzaion». Harrezkero, kontzertuetako errepertorioaren barruan sartzen du.

Uztailean emanaldi bi egingo ditu Bilbon: 10ean Santutxuko Luber tabernan, eta 12an Cigarreteran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.