Musika

Atzeratutako ospakizuna

Foo Fightersek mende laurdena bete zuen iaz, baina, pandemia dela-eta, ezin izan zuen nahi zuen bezala ospatu. 'Medicine at Midnight' disko berria oraintsu iritsi da.

Foo Fightersek espero baino ia urtebete geroago argitaratu du bere ibilbideko hamargarren diskoa: Medicine at Midnight. BERRIA.
Mikel Lizarralde.
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Ospakizunetarako urte txarra izan da 2020a, ospatu beharrekoa edozer izanda ere. Dave Grohlek, Kurt Cobainen suizidioak eragindako kataklismoaren ondoren,1995ean sortu zuen Foo Fighters taldea, eta, beraz, iaz bete zuen mende laurdena proiektuak. Urtemuga gogoan, Grohlek disko berri bat argitaratu eta bira bat egiteko helburu argiarekin hasi zuen 2020a, baina koronabirusaren hedapenak errotik moztu zituen asmo horiek guztiak. Azkenean, 2021ean eta pandemiak eragindako ondorioak begi bistakoak direnean iritsi da Medicine at Midnight taldearen hamargarren lana. Grohlek irudikatu zuen testuingurutik erabat kanpo: «Urtemuga mundu mailako bira batekin ospatu nahi genuen. Gainera, disko berria norabide horretan diseinatu genuen. Kantu hauek idatzi nituen arreta berezia jarrita haien alderdi energikoan, indar eragilean, dantzagarrian...Imajinatu nituen estadio beteak kantu hauek jasotzen. Diskoa zuzeneko musika geldi dagoenean kaleratu izana ironia krudel bat da», azaldu berri dio elkarrizketa batean Le Monde egunkariari. Izan ere, oholtza gainetik publikoarekin duen harremanari inoiz baino garrantzi handiagoa ematen dio orain Nirvanaren bateria jotzailea izan zenak, eta uste du zuzenekoa Foo Fightersen ardatzetako bat dela: «Hasi nintzenean, urduri egoten nintzen oholtzara igotzean; orain, berriz, milaka laguni besarkada handi bat ematen ari naizela sentitzen dut».

Concrete and Gold (2017) diskoa argitaratu eta hura aurkezteko bira egin ostean, 2018an agertokietatik erretiratu zen taldea, «atseden hartzeko eta kantu berriak sortzeko». 2019ko udarako ari ziren taldekideak material berri horretan lan egiten, eta udazkenean hasi ziren grabatzen Los Angelesko (AEB) etxe zahar batean. Orduan adierazi zuen Grohlek kantu berriak «arraroak» zirela, eta grabazio estudio bilakatutako etxe hartan zegoen «giroak» ere izango zuela zerikusirik horretan.

Diskoa kaleratu baino lehen, sarritan adierazi du Foo Fightersen buruak disko berriaren soinuak David Bowieren Let's Dance lanera (1983) eramaten duela. Disko harekin 1970eko hamarkadako esperimentuak atzean utzi, eta ordura arteko bere diskorik komertzialena egin zuen Bowiek, funkaren eta poparen artean mugitzen zena. Eta, antza denez, bide horri jarraitu nahi zion Grohlek, espirituan behinik behin: «Disko dibertigarri bat da, dibertigarria beste ezeren gainetik, eta ereserkiz beteta dago, ahozgoran kantatzeko kantuz gainezka». Dantza egiteko diskoa dela ere adierazi du behin baino gehiagotan.

Molde ezberdineko piezak

Asmoak asmo, Medicine at Midnight ez da Grohlek aurkeztu zuen diskoa, eta Let's Dance-ren arrastoak apenas antzeman daitezke bertan. Rockak —eta rock gogorrak askotan— segitzen du izaten Foo Fightersen lehengai nagusia, nahiz eta bere bederatzi kantuetan bestelako moldeak ere biltzen diren. Hain zuzen ere, Medicine at Midnight-ek kantu solteen bilduma eman lezake askotan, haien arteko loturak ez baitira oso agerikoak.

Hasi, indartsu hasten da diskoa, emakume koru itsaskorrekin eta gitarra riff identifikagarri batekin (Making a Fire), baina Shame Shame singleak oso bestelako tonua du. Tempo ertainekoa eta lelo agerikorik gabekoa, taldeak orain arte argitaratu duen single bitxiena izango da ziur aski. Lehenengo bi kantuak ez bezala, Cloudspotter bai da entzuleak Foo Fightersengandik espero duen abesti bat. Punkaren eta hard-rockaren artean mugitzen da, eta ildo berean doaz Lemmy Killmisterren (Motorhead) omenez idatzitako No Son of Mine eta Holding Poison ere, nahiz eta azken hori AORetik gertu dagoen.

Ezustekoak, berriz, Medicine at Midnight eta Chasing Birds-en aurkituko ditu entzuleak. Lehenengoak, baxu markatuarekin, bai gogorarazten du Bowieren Let's Dance hura, eta, gainera, eman lezake Grohl Heroes-en egilearen kantatzeko manerak kopiatzen saiatu dela. Chasing Birds, bere aldetik, pop inspirazioko balada bat da, The Beatlesen eragina agerian uzten duena. Diskoa Love Dies Young-ekin ixten da, logika komertzialari kasu eginez gero, single agerikoa dena: epikoa, lelo zuzen eta itsaskorrekoa eta pop kutsukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.