Berriz ere Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldun da Arkaitz Estiballes (Galdakao, 1977); orekatua izan zen larunbateko finala, Bilboko Bilbo Arenan jokatua, eta alde estuarekin irabazi zuen.
Bigarren txapelak gehiago poztu zaitu?
Momentuanhunkitu egin nintzen, eta oso pozgarria izan zen. Ez dakit gehiago ala gutxiago; uste dut desberdin poztu nautela biek.
Igor Elortzaren gainetik irabazteak zuretzat esangura berezia izandu?
Dudarik ez dut Igor guretzat eredua izan dela. Asko aipatu zen Jon Lopategi-eta gure maisuak izan direla, baina pixka bat gazteagoak garenontzat eredu hurbilak edo erreferentziak Bizkaian Igor eta Unai [Iturriaga] izan dira. Alde txikiarekin irabazi nuen, nahiko parean egon ginen, eta poza eman zidan buruz burukoan berarekin kantatzeak.
Txapeldunaren agurra ez zitzaizun estrainio samarra atera?
Orain dela bi urteko agurra -ari errimatu nuen, eta errima horrek errazkerian ematen du aukera jende asko sartzeko, eta niri gertatzen zait hori. Jendeak barre egin zuen. Ez da historiara pasatuko den agur bat, baina ez zen nire helburua hori ere. Bertsolaritzan esaten da transmisioa eta katea, eta hala da. Zorra neukan jende batekin, eta sinple, baina nik uste dut hunkigarri joan zela.
Dieseltzat jo izan duzu zeure burua, eta finalean nahiko diesel ibili zinen, bukaera arte gehiegi azeleratu barik. Zerk azelerarazten zaitu?
Hasiera nahiko diesel hasten dut, segurutik: saiatzen naiz akatsik ez egiten, eta neure buruarengan konfiantza irabaztera joaten naiz. Badakit ariketa batzuetan beste batzuetan baino hobeto moldatzen naizela. Esperientziak erakusten dizu amore ez ematen eta aurrera jarraitzen, eta behintzat ale batzuk ederrak uzten. Nik uste dut hori dela gakoa.
Gaia emanda librean kantatzekoetan —bakarkakoan eta kartzelan—, gaiak aukera emanez gero, lehenean hautatutako bide bera beste ikuspegi batetik garatzea bigarrenean aukera ona izan litekeela ondorioztatu duzu?
Bai, gaiek ematen zuten. Beldurra neukan errepikakorregia bihur ote zitekeen, aurreko bertsoetan aipatutako zerbait aipatuko ote nuen, baina uste dut beste ibilbide bat eginarazi niola gaiari. Ni behintzat oso gustura gelditu nintzen. Hori plazan askotan egiten dugu: aurreko gaietako baten erreferentzia erabili. Plazetan gabiltzanok badakigu asmatuz gero eta ondo eginez gero horrek badaukala efektua entzulearengan eta ematen diola horrelako puntu literario bat. Bakarkako lanekin gustura gelditu nintzen. Ez nituen josi orain bi urte bezain garbi edo ondo, baina historia aldetik uste dut politak izan direla.
Irekiago aurreikusten zuten batzuek finala, eta estuago beste batzuek bi txapeldun izandakoak faboritotzat jota. Bietatik izan zuen finalak, azkenean: epaileenean, estutik; eta entzuleen sentipenean, irekitik?
Ni horretan entzuleekin bat nator. Ni neu egindako lanarekin, zortziko txikikoa kenduta, oro har nahiko gustura gelditu nintzen, baina besteak ere oso maila onean ikusi nituen, eta bereziki Fredi [Paia] oso lehertzaile ikusten nuen. Denok pareko samar ikusten genuen geure burua. Niri ilusioa horrek ere egin zidan. Orain dela bi urte, esperantza handiagoa nuen, momentu hori iritsi zenean; ez dizut esango guztiz argi, baina argiago ikusten nuen, eta aurten ez nuen hain argi ikusten. Ez nintzen harrituko beste bi bertsolari egon izan balira buruz burukoan.
Urtea luzea egin zaizula esan zenuen finalaren aurretik; zerk eragin dizu urtea luze egitea?
Orain urtebete ebakuntza bat egin zidaten, eta bost hilabete egon nintzen bajan. Udan saio mordo bat egin ditut, eta ez dut izan familiarekin atseden hartzeko aukerarik. Horrelako uda gogor baten ostean, bat-batean txapelketa heldu da, eta neure buruarekin badaukat gogoa deskantsatzeko; gero, badakit ez dudala egingo. Nondik deitu, hara joaten naiz: ez dakit ezetzik esaten. Uste dut bertsolari denok badaukagula hori: deitzen gaituen antolatzailearekin horrelako zor moduko bat sentitzen dugu, beti baietz esaten dugu, eta beti joan egiten gara.
Bizkaian plaza gehien egiten duen bertsolaria zara, Bizkaian badiren arren Euskal Herrian itzal handiagoa duten bertsolariak —Elortza eta Iturriaga—. Zein da zure arrakastaren giltza?
Bizkaiko kasuan esango nuke urteetako lanean dagoela giltza. Bizkaian, aurreko txapela jantzi aurretik ere, saio asko egiten genituen bai Etxahunek [Lekue], bai Onintzak [Enbeita], bai Iratxek [Ibarra], bai Fredik… Nik gehien-gehien Fredi eta Etxahunekin kantatu izan dut. Gero, egia da txapela jantzi eta gero beste toki batzuetatik deitu didatela. Modak-eta pixka bat aldatzen joaten dira, eta normala da bertsolari berriei deitzea ere. Esango nuke txapelketan lehen hamaseien artean sailkatu garen bertsolariok baditugula saioak han eta hemen.
Adinean gertuko izanagatik, bertso ibilbidean distantzia baduzu Elortza eta Iturriagarengandik?
Berez, bi urteko aldea daukagu, baina eurak plazak azkarrago izan zituzten. Garai hartan, Lopategi bertsolari gazteekin lanean zebilenean, Bizkaian bazegoen beharrizan larri bat erreferentzia izango ziren bertsolari berri batzuk ateratzeko. Askoren artean, Unai eta Igor nabarmendu ziren denen gainetik, eta maila batean gerora Iparraldean gertatu den bezala, eurek hartu zituzten plaza gehienak. Orduan, atzetik gentozenentzat ez zegoen hainbeste toki; lan egin behar genuen, eta uste dut belaunaldi moduan umealdi hobea atera dugula. Gehiagok jarraitu dugu bertsotan gure belaunalditik. Beharbada, eman zigulako bertsoa beste pazientzia batekin hartzeko astia. Atzetik etorri gara. Bidea ez da erraza izan, pixkanaka-pixkanaka egin dugu, baina ni pozik nago egindako ibilbidearekin.
Txapelketa nagusiaren urtea da datorrena. Erakutsi duzun maila onean aritzerik baduzu, goian egoteko aukera izango duzula uste duzu?
Bizkaikoan berez zaila ikusten dut finalean sartzea, ez dut erraza ikusten, eta nik uste dut Euskal Herrikoan ere oso-oso zail ikusten dudala. Joan nahi nuke lasai, presiorik gabe, ahalik eta saio osoenak egitera eta bertsoaldi batzuk entzuleen buruan utziz gero, horrek poztuko nau.
Arkaitz Estiballes. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelduna
«Atzetik etorri gara; bidea ez da erraza izan, baina ni pozik nago»
«Pixkanaka-pixkanaka» garatutako ibilbidean, bigarren txapela jantzi zuen, larunbatean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean, buruz burukoan Igor Elortzari gailenduta. Negarrez hasteraino hunkitu zen orduan; eta saioaz, giroaz eta lekuaz pozik zen atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu