Atzoko eta gaurko kezkak argitara

'Laineza. Kultura haragi bizitan' liburua argitaratu berri du Lanartea elkarteak. Garai bateko eta gaur egungo sortzaileen kezkak eta gogoetak bildu dituzte lanean, 85 testutan eta 80 iruditan emanak

Garbiñe Ubeda eta Miel Anjel Elustondo —eserita, erdian—, hainbat sortzailerekin batera, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Goizean goiz piztu du irratia Miel Anjel Elustondok; Xabier Leteren inguruan ari dira. Hortik aurrerako albistegietan, baina, politika, ekonomia eta kirol kontuak besterik ez du entzun. Desagertu da Lete. Desagertu kultura. «Horregatik gaude gu hemen, horregatik dago hemen Lanartea, kulturarik ez dagoelako; edo badago, baina desagerrarazi egin dute beste gauza askoren azpian. Eta, gure ustez, kultura gabe, gu ez gara». Horregatik plazaratu du Laineza. Kultura haragi bizitan liburua Lanarteak, Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak, Elustondok eta Garbiñe Ubedak azaldu dutenez. Diziplina guztietako dozenaka sortzaileren gogoetak eta kezkak jaso dituzte lanean, askotariko moldeetan emanak. Durangoko Azokan salgai izango da liburua, elkartearen erakusmahaian.

Amagoia Gurrutxaga Lanartearen koordinatzaileak idatzitako hitzaurreak argi azaltzen du zein izan den Lanartearen asmoa: «Liburu hau premia larri batek ekarri du mundura. Kultura euskaraz egitea eta kultura sortuz bizitzea laineza huts ez dela erakutsi beharrak». Eta asmo horretan sakontzen du pixka bat aurrerago: «Horixe gure premia, euskalgintza eta kulturgintza izen handien azpian apalki bizi diren sortzaileen berri ematea». Eta kulturaren egoera ikusaraztea ere bai.

Horretarako, garai bateko zein gaur egungo sortzaileak bildu dituzte liburuan. «Badira 1960 aurretik euskaraz, kulturaz, lanaz, nekez eta penez idatzitako 40 sortzaileren kezkak, eta 1960az gero 45 sortzaile berriren gogoetak; tartean, hamabost egunean bildu ditugun berrienak, eta adierazten dutenak sortzaile gazteek ere badutela zerbaiten premia», zehaztu du Elustondok. Diziplina ugaritako lanak jaso dituzte: ilustrazioa, itzulpena, literatura, musika, bertsolaritza, antzerkia, dantza... Orotara, 80 irudi eta 85 testu. «Eta horixe da liburu honen espiritua: kulturaren definizio bat biltzea. Diziplina desberdinak ari gara hizkuntza berean».

Egungo artisten egungo gogoetak ageri dira liburuan, baita lehenagokoenak ere. «Eta erakusten du gure kezka ez dela oraingoa», Elustondoren hitzetan. Lurdes Iriondok 1967an Zeruko Argia-n idatzitakoak balio lezake adibiderako: «Nik diotena da euskaldunak gure kulturaren alde guda bizia egin behar degula. Ez dela aski 'gure euskera gaxua' eta horrelako lelokeriak esatea». Baita urtebete lehenago astekari berean Rikardo Arregik argitaratutako testuak ere: «Gure izaera guztiak, ekonomikoak, gizartekikoak, kulturarenak, zalantzan jarriak daude. Horregatik gure poesia, gure literatura, gure pintura eta abar etengabeko galdera bat izango dira: zer da euskaldun izatea? Zergatik euskaldun iraun? Kapitalismoa eta euskera, zer?».

50etik gora parte hartzaile

Euskal Editoreen Elkartearen laguntzaz argitaratu du liburua Lanarteak, eta 50etik gora sortzailek parte hartu dute. Beren ekarpena egin dutenen artean daude, Garbiñe Ubedaz —berak egin ditu diseinu lanak— eta Elustondoz gain, Irene Aldasoro, Koldo Almandoz, Jon Alonso, Miren Amuriza, Xabier Amuriza, Jose Ignazio Ansorena, Pako Aristi, Gorka Arrese, Maite Arroitajauregi Mursego, Iñigo Astiz, Ainara Azpiazu Axpi, Gotzon Barandiaran, Joseba Beramendi Exprai, Harkaitz Cano, Begoña Durruty, Andoni Egaña, Lutxo Egia, Onintza Enbeita, Miren Etxeberria, Ximun Fuchs, Ana Galarraga, Lander Garro, Patxi Gaztelumendi, Unai Gaztelumendi, Maite Gurrutxaga, Patxi Huarte Zaldieroa, Joseba Irazoki, Dorleta Kortazar Alkoz, Goiatz Labandibar Arbelaitz, Anjel Lertxundi, Nerea Loiola Pikaza, Antton Luku, Iñaki Martiarena Mattin, Alaia Martin, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Txuma Murugarren, Antton Olariaga, Iratxe Ormatza Imaz, Jose Luis Otamendi, Gari Otamendi Arrieta, Aner Peritz Manterola, Unai Ruiz Galarza, Fito Rodriguez, Ramon Saizarbitoria, Castillo Suarez, Joseba Tapia, Imanol Ubeda, Yurre Ugarte, Juan Luis Zabala, Iñaki Ziarrusta eta Amaia Zubiria, besteak beste. Denei eskerrak eman dizkiete.

Diseinuaz arduratuko ote zen galdetu ziotenean, fanzineak etorri zitzaizkiola burura azaldu du Ubedak, «iradokitzen duten horrekin guztiarekin» bat datozelakoan bai liburua, bai Lanartea ere. «Batetik, kultura popularra, alternatiboa, independentea, autoedizioa...». Bestetik, hauspotzearen ideia: «Hauspotu zure grina, salatu gaizki deritzozuna, eskatu zor zaizuna». Baita Ubedarentzat oso inportantea izan den zerbait ere: «Senti zaitez talde baten parte eta ikus ezazu zu bezala beste batzuk ere badirela eta izan direla, aspalditik datorrela kontua».

Halaber, irudiari testuari adina pisu eman diete argitalpenean, zenbait irudik bi orrialde hartzeraino. Ubeda: «Liburua edozein tokitatik zabalduta ere, mamira joko duzu zuzen. Berdin dio zein ordenatan hasten zaren, edo non uzten duzun biharko-edo; beti aurkituko duzu perla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.