Sarreran nabari zen hura emanaldi berezia zela. "Jende asko dago. Gazte asko, gainera, eta... ez dira betikoak", zioen emakume batek sartzeko ilaran. Leidor aretoa bete egin zen, eta emanaldia hasi aurretik Pablo Malo zuzendariak berak aitortu zuen filma egiten ari zirenean bazekitela bi emanaldi berezi izango zirela: "Lehenengoa Lasa eta Zabalaren senideei aurkeztu genienekoa izan zen. Bigarrena hau da, Tolosakoa". Bideoa: asteazkeneko aurre-estreinaldia (Tolosaldeko Ataria).
[YouTube]http://youtu.be/61w1wH0ZLz4[/YouTube]
"Lasa eta Zabala, bi euskal abizen" @berria-n. Bihar estreinatuko dute aretoetan http://t.co/1ucxWGTBQb#zinema
— Gontzal Agote (@gonagote) October 16, 2014
Asteburuan estreinakoz emango dute Euskal Herriko zinema aretoetan Lasa eta Zabala filma. Asteazkenean, ordea, Tolosan estrainaldiaren aurrekoa eman zuten, hain zuzen, euren bahiketaren 31. urteurrenean. Lasa eta Zabala filma hasi baino ordubete lehenago hasi zen ilara sortzen. "Garrantzitsua da zinema horrela beteta ikustea, eta gure mina zuekin konpartitzea", esan zuen Axun Lasak oholtzan. "Egun hainbeste aldiz entzuten den memoria historikoa, justizia, egia, aitortza... hori guztia oso ondo dago, baina herri honek behar duena da denon memoria, denon justizia, denon aitortza. Horretarako espero dut film hau baliagarri izatea", adierazi zuen Pili Zabalak.
Axun Lasa: "Gordean dauden min askorentzat leiho ireki bat izan dadila filma" #lasaetazabalahttp://t.co/ZksxIyou6tpic.twitter.com/p4oOG8Mp5f
— Tolosaldeko Ataria (@tolosaldeataria) October 15, 2014
Eta ikusleak hunkitu ziren. Hunkigarria izan zen emanaldia filma bera hasi aurretik ere. Lasa eta Zabalaren arrebekin batera igo ziren oholtzara GALek hil zituen bi gazte tolosarren gurasoak. Ibai Iriarte Tolosako alkateak lore sorta bana eman zien amei, eta oholtzan, han goian, gaueko txalo zaparrada handiena jaso zuten. Zutik jarri zen Leidor, eta malkoak isuri zituen batek baino gehiagok. Iriartek gogoratu zuen gorpuak Tolosara eraman zituztenean Ertzaintzak ez ziela utzi senideei nahi bezala ehorzten, eta lore sorta emanez omenaldi bat egin nahi izan zien, 31 urte hauetan jasandako minaren aitorpena. Herenegungoa aurrestreinaldi bat baino gehiago izan zen.
Oholtzan, Lasa eta Zabalaren senideak, Pablo Malo zuzendaria, Cristian Merchan eta Jon Anza aktoreak, Joxe Portela produktorea, Joanes Urkixo gidoilaria eta Ibai Iriarte Tolosako alkatea. Eta eserlekuetan, Tolosako herria, "aurpegi ezagun asko", Axuan Lasak zehaztu zuenez, eta hainbat politikari ezagun. Han ziren Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Hasier Arraiz Sortuko presidentea, Marian Beitialarrangoitia, Xabier Isasi eta Julen Arzuaga Bilduko parlamentariak eta Markel Olano eta Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoako EAJko batzarkideak, besteak beste.
#LASAetaZABALA Tolosako aurre estrenaldian. pic.twitter.com/aNGCECsbnI
— Txinparta.SORTU (@TxinpartaSORTU) October 15, 2014
Eta, filma hastea,n une hunkigarriek une beldurgarrienei eman zieten lekukoa. Bonba bat zartatzean batek baino gehiago egin zuen salto eserlekutik, baina izugarriena ez zen hori izan, Lasa eta Zabalak jasan zituzten torturen eszena latzak baizik. Felipe Bayo Lealen kolpeek Lasa eta Zabala jotzen zituzten moduan jo zuen filmak ikuslea, poltsak itotzen zituen moduan ito zuen filmak Leidor. "Izugarrikeria bat jasan zutenen ondoan jarri naiz", esan zuen Pablo Malok filma Zinemaldian aurkeztu ondoren. "Film gogorra dela esaten dute, baina horrela izan beharra dauka bai familiarengatik eta baita beraiengatik ere", gaineratu zuen asteazkeneko aurkezpenean.
[Vimeo]http://vimeo.com/105352975[/Vimeo]
Gogorra da, gogorra denez. Baina hori baino gehiago ere bada. Ibai Iriarte alkatearen esanetan, filma herri honetan gertatu den gertaera bat da, eta aurrera begira horrelakorik ez gertatzeko balio behar du. "Etorkizunerako zutabe bat eraikitzeko balio dezala". Joxe Portela produktoreak filma zabaltzen laguntzeko eskatu zuen. Pili Zabalak gaineratu zuen: "Nazioartean ere bere ibilbidea egitea espero dut, eta ate asko irekitzea nahiko nuke. Herri honek ate horiek irekitzea behar du".
Axun Lasak ere hortik jo zuen: "Gogortasun hori oso ondo jaso dute. Gazte askok ez dakite zer gertatu den hemen, zenbat min jasan izan den. Dakizkigunetik aparte, gordean dauden min askorentzat leiho ireki bat izan dadila [filma]. Sufrimendu asko ikusten da filmean, baina balio dezala denontzat. Ikusten den sufrimendu horrek elkartu gaitzala, zeren sufrimendua bera da ezkerrean eta eskuinean edo aurrean eta atzean".
Gatazka modernoko gertaera lazgarrienetako bat gogoratzeko ariketa ausarts #lasaetazabala. Ez dadila errepikatu pic.twitter.com/ElsWOFPe9M
— Aritz Maldonado (@aritzsue) October 15, 2014
#LasaetaZabala gaur Tolosan. Gordina, esplizitua, gogorra... baina beharrezkoa. #Egia eta #Justizia-k milaka bide ditu
— Jul9N Arzuaga #Libre (@julenaretakoa) October 15, 2014
Bart lo hartu ezinik 'Lasa eta Zabala' filma ikusi ondoren. "Ikusten den sufrimendu horrek elkartu gaitzala" (Axun Lasa) #lasaetazabala
— Jone Amonarriz (@JoneAmonarriz) October 16, 2014
Espero izanagatik, gogorra oso #LasaEtaZabala. Torturak baino gehiago da, ordea: salaketa, irmotasuna, (in)justizia. Ikusi beharrekoa
— Jon Ordoñez (@jonordoez) October 15, 2014
#LasaetaZabala gaur Tolosan ikusi eta sentitutakoa oso gogorra izan da baina beharrezkoa! Denori ikustera gomendatzen dizuet!
— Mikel Arreseigor (@MikelArreseigor) October 15, 2014
Izugarria gaur Leidorren bizi izandakoa. #lasaetazabalapic.twitter.com/WGAOcgDkkv
— Gartxot Agirre (@gartxota) October 15, 2014
Flipatuta #lasaetazabala ikusi eta ikaratuta ateratzen diren askorekin. Errealitatea fikzioa baino gordinagoa da. Non zeuden garai hartan?
— Zorion Ortigosa (@zortigosa) October 15, 2014