Auspoa bildumako nobelagilerik oparoena

Duela ehun urte jaio zen Salbador Zapirain 'Ataño', 'Txantxangorri kantaria'-ren egilea

Juan Luis Zabala
2012ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
«Prosistarik handienetakoa» zela esanez definitu zuen Antonio Zabala ikerlari eta idazle zenak Salbador Zapirain Ezeiza Ataño idazlea 2000ko urtarrilaren 4ko Euskaldunon Egunkaria-n, Atañoren heriotzaren berri ematen zuen artikuluan. Bertsolariei eskaini zien arretarik handiena Antonio Zabalak berak sortu eta zuzendutako Auspoa bilduman, baina prosazko lanak eta eleberri batzuk ere plazaratu zituen. Ataño da Auspoako nobelagilerik oparoena, hark idatzitako hemeretzi nobela argitaratu baitira bildumako hamazazpi liburutan —bi liburu bina nobelaz osatuta daude—. Denak daude irakurgai Euskaltzaindiaren webgunean, www.euskaltzaindia.net helbidean. Bizi balitz, gaur beteko zituzkeen Atañok ehun urte, 1912ko abuztuaren 5ean jaio baitzen, Errenterian (Gipuzkoa), Bordaxar baserrian.

«Hizkuntza jaiotetxean ikasi zuen Atañok», Antonio Zabalak esan zuenez. «Maisu ona zuen aita, Joxe Zapirain bertsolari zena. Ondoren, asko landu zuen hizkuntza, eta horrela bihurtu zen idazle harrigarria». Aitaren biografia du oinarri Atañok idatzitako aurreneko liburuak, Txantxangorri kantaria-k. Aitaren bizitzaren berri emateaz gain, hark euskararen, Euskal Herriaren eta bertsolaritzaren inguruan zituen iritziak ere agertu zituen semeak liburu hartan. Nobelarako eratutako fikzioan, Ataño izeneko lagun bat du mintzaide Joxek, eta hari kontatzen dizkio —hikako mintzoan— hala berari gertatuak, nola mila gairen inguruan dituen iritziak. Txantxangorri kantaria-ri irizten diote askok Atañoren libururik gogoangarriena. Ezizena ere liburu hartako pertsonaiarengandik hartu zuen.

Gerrak pairarazitakoa

Idazten hasi aurretik, beste askori bezala, 36ko gerraren ondorioak pairatzea egokitu zitzaion Atañori. Gerra hasi zenean, faxistek Joxe Zapirain eta haren bost seme preso hartu zituzten, Salbador haien artean, eta anaietako bi Donostian fusilatu zituzten. Atañori heriotza zigorra ezarri zioten, baina, gero, kondena aldatu eta Iruñeko San Kristobalgo espetxera eraman zuten. Gerra ostean fraide kaputxino egin zen, eta urte batzuetan Lekarozen (Nafarroa) bizi ondoren, Hondarribiko kaputxinoen etxera aldatu zen. Etxe hartako baratzezaina izan zen urte askoan, bere obra oparoa osatzeko baliatu zituen urteetan.

Joxe Zapirain eta haren anaia Juan Kruzek utzitako lanak ahanzturatik jaregin eta argitaratzeko xedez jo zuen Antonio Zabalak Errenteriako Bodaxar baserrira, eta han jakinarazi zioten Salbador semeak idatzia zuela aitaren biografia nobelatua —gero Txantxangorri kantaria izenburuarekin kaleratuko zuena—; Hondarribira jo zuen orduan Zabalak —han bizi zen Ataño ordurako—, eta zur eta lur geratu zen lan hura irakurritakoan. Handik aurrera, idazten jarraitzera bultzatu zuen.

Atañok «minutu bakar bat ere ez zuen alferrik galtzen», Zabalaren esanetan. «Baratzea zuen bere kontura, eta handik etxera biltzen zenean, neguan batez ere, idatzi eta idatzi aritzen zen. Idazten berandu hasi arren, lan asko egin zuen».

Idatzi zituen lehen liburuetan berak zuzenean ikusi eta bizi izandakoak kontatu zituen; ondorengoetan, entzundako istorioak izan zituen oinarri nagusi. Estiloari dagokionez, ahozko euskaratik gertukoa da Atañorena haren liburu guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.