Auspoako liburuak sareratu ditu Euskaltzaindiak webgune berrituan

Orotariko Euskal Hiztegiaren bertsio berria ere eskaintzen du atariak, azken urteetako materialak jasota

Joxemari Iriondo, webgune berrituaren aurkezpenean. EUSKALTZAINDIA.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Orotariko Euskal Hiztegiaren bertsio berria eta Auspoa bildumako 2006ra bitarteko liburu guztiak kontsultatzeko aukera dago, besteak beste, Euskaltzaindiak atzo aurkeztu zuen webgune berrituaren eskaintzen artean (www.euskaltzaindia.net helbidean). Akademiaren Informazio eta Komunikazioaren Teknologia (IKT) batzordearen gidaritzapean egin dira webgunea berritzeko lanak. 2007an sortu zen batzorde hori, eta Euskaltzaindiaren webgunea 2.0 teknologietara egokitu zuen 2008an. Orain, itxuran ez ezik, edukietan eta egituretan berritu du.

Orotariko Euskal Hiztegiaren paperezko bertsioaren sareratzea eskaini du orain arte Euskaltzaindiaren webguneak. Webgune berrituak, berriz, bi aldaketa nagusi dituen bertsio berria kontsultatzeko modua jarri du, nahi duenaren eskura: lehen aldaketa bost liburukien formatuari dagokio; bigarrena, paperezko bertsioa kaleratu ondoren OEH aberasteko gehitu diren material berriei. OEH osatzen duten hamasei liburukietako lehenengo bostak bestelako irizpideekin egin ziren, eta bertsio berrituan irizpide berrien arabera zuzenduta agertzen dira. Materialei dagokienez, bertsio berriak azken urteetan agertu diren materialak gehitu ditu.

OEHren bertsio berriak gehitutako materialaren artean garrantzi berezia du Lazarragaren eskuizkribuak. Eskuizkribu horren alde lexikografikoa osorik hiztegiratua dago bertsio berrian. Duhaldek idatziriko Birginia testua ere —Euskaltzaindiak argitaratu berria eta Larramendiren hiztegiak Iparraldean izandako eragina erakusteko ezinbestekoa—, osorik hustu da OEHra. Hegoaldeko XVI. eta XVII. mendeetako testu guztiak hiztegiratzeko falta ziren dokumentuak ere sartuta daude.

Liburuak, PDF formatuan

Antonio Zabala euskaltzain oso zenak sortu, landu eta zaindua, herri literatura deitzen denaren altxor estimatua da Auspoa bilduma. Orain artean, paperezko argitalpenetan baino ez zeuden bildumako liburuak. Bilduman 2006ra arte argitaratutako liburu guztiak zerrendatu eta liburu bakoitzeko PDF artxibo bat sortu dute Euskaltzaindiaren webgunerako, nahi duenak eskuratzeko moduan, OCR aplikazioaz hornitua. Liburuak deskargatzeaz gain, kontsultak eta testu bilaketak egin daitezke, nahiz eta emaitzak ez diren erabat zehatzak, OCR aplikazioak ez baitu horretarako kalitate maila handirik.

Euskaltzaindiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena eta laguntza izan ditu webgunean Auspoako liburuak sareratzeko. Antonio Zabalak berak argitaratu zituen bildumako liburuak, baina 1994tik 2003ra arte Sendoa argitaletxeak hartu zuen bildumako lanen argitalpenaren ardura. Harrezkero, Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten du lan hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.