Autobiografia eta euskal harria jorratzen ditu 'Erlea'-ren seigarren zenbakiak

Hainbat idazleri beren bizitzako pasarteak idazteko eskatu diete; autobiografia gutxietsia baitago, Atxagaren ustezOdei Irigoien Aizpitarte Donostia

2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Harria bezala, «sendo» eta «bizirik» dagoen kultura baten erakusgarritzat kaleratu dute Euskaltzaindiak argitaratzen duen Erlea aldizkariaren seigarren zenbakia, Andres Urrutia euskaltzainburuaren berbetan. Harria eta autobiografiek dute protagonismoa zenbaki honetan, eta betiko atalak ere badaude, hala nola poesia, liburu kritikak eta elkarrizketak.

Harriari, euskal harriari, lehendik ere sinbolismoz beteta zegoen elementuari beste jasoaldi bat egin nahi izan zaio Erlea aldizkariaren zenbaki berrian. Hasieratik heldu diote gaiari aldizkarian. Albizuri-aundi Amezketako harriaren historiaren pasarteak kontatzen ditu Elizabete Manterolak idatziriko testuak, garai bateko plazetan antzeman zitekeen giroa bixi-bixi kontatzen duen narrazioarekin. Iñaki Gorostidi Adunako harri-jasotzaileari eginiko elkarrizketa luzea eta garaiko zein gaur egungo argazkiz ederto hornitua eskaintzen du Miel A. Elustondok eginiko lanak. Inor gutxik ezagutuko ditu Paco Ibañez kantautore balentziarrak harri jasotzen eginiko balentriak, esaterako. Iñaki Gorostidi sortzen ikusi zuen Apakintza baserri bereko Juan Sarobe Lizarragaren balentriak modu historiko eta ongi dokumentatuan kontatzen ditu Asun Garikanok, Adunako Apakintzako semearen adore-froga Sonorako Indio matxinatuen aurrean (1769) idatzian. Jose Antonio Lopetegi Agerre II. harri-jasotzailearen joan den mendeko ibilerak bildu ditu Bernardo Atxaga Erlea-ren zuzendariak erreportaje batean. Eta harria jaso soilik ez dela egiten, dakarki gogora MikelTelleriak. Bere borda zaharra etxebizitza berri bihurtu nahi izan zueneko kontakizun autobiografikoak, eta eraikuntza lanen eta harri garraioaren nondik norakoak dauzka hizpide. Iñaki Irazuk Hiru harri poema sorta idatzi du.

Autobiografia berreskuratuz

Autobiografia ez da literatur generoetan hobetsiena, Atxagaren ustez. Are gehiago, bere iritziz «gutxietsia» dagoela adierazi du. Hortik, zenbaki honetan presentzia berezia emateko zioa. Haren esanetan, «gero eta zentzu gehiago dauka jendeari norbere bizitzaren pasarte bat eskaintzeak», eta testu «atseginak eta sakonak» uztartu ditu ahaleginak.

Eider Rodriguezek, Uxue Apaolazak, Irati Elorrietak, Ramon Etxezarretak, Ritxi Ojembarrenak, Miren Azkaratek, Maialen Lujanbiok (harriari helduaz horrek ere) eta Lander Garrok beren bizitzaren pusketa bat hautatu eta zenbaki berriari eskaini diote, eskariari erantzunez. Joxemari Iturraldek ere gomendatuko lituzkeen liburu autobiografikoen bilduma bat egin du zenbaki honetarako.

Mariasun Landak, bere bizitza ez, baina norberarena kontatzeak dauzkan ajeen inguruan saio bat idatzi du. Autobiografia eta narrazioaren arteko lotura, egia eta memoriaren arteko harremana narratzailearen baitan edota literartasunaren espazioa generoaren barruan izan ditu hausnarketarako lanabes.

Foroa deritzon atalean, azkenaldian esku artean izan dituzten liburuen inguruan mintzo dira Kepa Altonaga, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga eta Jazinto Iturbe, iritziak elkarrekin trukatuz. Juan Ramon Madariagak eta Juan Ramon Makusok ere kolaboratu dute Erlea-ren zenbaki honetan, poema sorta batekin batak eta poema batekin eta poesiaren inguruko idatzi batekin besteak; Frida Kahloren bizitzari buruz aritu da Joseba Luzuriaga...

Literaturgintzari indar eman nahi izan diote zenbaki berrian, eta «ekarpen goxoak» jaso dituztela aitortu du Atxagak: «Ohi bezala, lan sendo baten fruitua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.