Argazkilaritza

Azalaren atzean ezkutatzen den hori

Kutxa fundazioak Sally Mann argazkilari estatubatuarraren hamahiru seriez osatutako erakusketa bat ondu du Tabakalerako Artegunea aretoan. Urriaren 18ra arte bisitatu ahal izango da.

Sally Mann argazkilari estatubatuarra, 'Macula et materia' erakusketan. JON URBE / FOKU
Sally Mann argazkilari estatubatuarra, 'Macula et materia' erakusketan. JON URBE / FOKU
Donostia
2026ko uztailaren 30a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Makula hitzak latinean du jatorria. Orbana esan nahi du, mantxa, zikinkeria, bekatua. Inperfekzioa, nolabait. Materia, berriz, gorputza da; masa eta bolumena duen oro; ikusi eta uki daitekeen oro; ikusi eta uki daitekeen hori. Ikusten dena eta ez dena, gorputza eta gorputzetik haratago dagoena, biak ala biak uztartu dituzte, hain zuzen ere, Macula et materia izendatu duten argazki erakusketan. Kutxa fundazioak Sally Mann (Lexington, Virginia, 1951) argazkilari estatubatuarraren 138 irudiz osatutako erakusketa antolatu du Donostiako Tabakalerako Artegunea aretoan, eta urriaren 18ra arte egongo da ikusgai.

«Epidermisaren atzeko errealitatea» erakusten dute, Anne Morin erakusketaren komisarioaren iritziz, Mannen lanek; azalaren eta haren atzean dagoenaren dikotomia «oso markatu bat». Eta Mannek dikotomia hori mantentzen du bere lan guztietan; Morinen hitzetan, argazkilariak ez duelako materialtasuna erretratatzen, «zeharkatu» baizik.

Haurtzaroa, familia, paisaia, gaixotasuna… asko dira Mann kezkatzen duten eta, ondorioz, haren argazkietan agertzen diren gaiak. Guztien gainetik dago, ordea, dekadentzia. Errealitatearen konplexutasuna erretratatzen du argazkilariak; hain zuzen, errealitatearen zikinkeria, orbana, makula, eta horrek gordintasun eta iluntasun benetako bat eskaintzen die irudiei. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, Mann «biziki liluratzen du bizidunen degradazio saihetsezinak, eta edertasuna, izaera etereoa eta transzendentzia bilatzen saiatzen da higuingarritzat jo ohi den horretan». Hala azaldu du Morinek ere: «Etorkizunik gabeko paisaiak eta lurraldeak dira, barrendik janda daudelako».

Argazkilari bat, atzo, Macula et materia erakusketan JON URBE / FOKU
Argazkilari bat, atzo, Macula et materia erakusketan JON URBE / FOKU

Eta barrendik janda egote hori fisikoki ere irudikatzen du Mannek bere lanetan. Beirazko xafletan kolodioi hezea erabiliz —XIX. mendeko argazkigintza-teknika bat—, argazkilariak itxura «irreal eta atenporal berezi batez blaitzen» ditu argazkiak, Kutxa fundazioaren arabera. Teknika konplexua da, ordea, eta errebelatua egitean zenbait «inperfekzio» sor daitezke irudien azalean. Inperfekzio horiek metafora bisual gisa baliatzen ditu Mannek, irudia eta haren euskarria bereizezin bihurtuz.

Hamahiru serie daude ikusgai Macula et materia erakusketan. Hamahiru serie, Tabakalerako areto osoan zehar banatuta. Mannen ia berrogei urteko obra jasotzen du erakusketak: 1980ko hamarkadaren hasierako lehen serieak, bere ibilbideko serie eta sekuentzia entzutetsuenak —hala nola Hamabi urterekin (1983-1985), Familia hurbila (1984-1994), Virginiako paisaiak (1992-1996), Georgiakoak (1996) eta Deep Southekoak (1998)—, baita aurreragoko lanak ere: Aurpegiak (2004), Haragi harroa (2006-2015), Delta (2016), Platinozko harriak (2022) eta Goshen (2025).

Mundu berri bat

Azken urteetako zenbait lanetan kolorea erabiltzen hasi da Mann, eta horren adierazle da, esaterako, Goshen saila. Zenbait leku abandonatu erakusten ditu serieak, eta guztiak daude noizbait izan zuten bizitzaz «zipriztinduta», antolatzaileen hitzetan. Pixkanaka «hustuz» doazela dirudi, galtzen, ahitzen. Horixe bera azaldu du Morinek ere: «Kolorea desagertzen ari da, odoljario bat balitz bezala». Baina Mannek argi du non sentitzen den erosoen, eta halaxe aitortu du: «Koloreak mundu oso bat ireki dit, baina zuri-beltza da nire mundua, nire habitata».

«Argazkilaritza niretzat funtsezko zerbait da, nire bizitza da, nire odola, arnasa hartzeko modua»

SALLY MANN Argazkilaria

Argazkilaritza bera da Mannen habitata: «Argazkilaritza niretzat funtsezko zerbait da, nire bizitza da, nire odola, arnasa hartzeko modua; bizitzako galdera handiei erantzuna ematen diena». Mannek irudiak ikusten ditu hitzak irakurtzen dituenean. «Alegiazko eszenak» sortzen zaizkio buruan, eta, gero, bidaiatzen duenean, eszena horiek berak topatzen ditu. Edo, hobeto esanda, eszena horiek topatzen dute bera: «Ikusten ditudanean, amets batean sartu izan banintz bezala da ia, saihestu ezinezko zerbait izango balitz bezala. Ikusi baino gehiago, sentitu egiten ditut argazkiak».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA