Azken(a) dantza hau

Jason Isbellek eta Social Distortionek goiburu malenkoliatsua jarri diote Azkenari, rock gogorretik aldentzen diren balada doinuekin. Erritmo klasikoagoen zaleek ere izan dute zer entzuna, Lepora talentu autoktonoa, esaterako.

Social Distortioneko Mike Ness, atzo, Azkenan egindako kontzertuan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Social Distortioneko Mike Ness, atzo, Azkenan egindako kontzertuan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko ekainaren 21a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dira batere rockeroak, baina, Azkena Rock jaialdiko azken egunak Mitoaroaren azken saioarekin bat egiten duenez, eta Pello Reparaz haiek erretirotik bueltan ekarri zituena izanda, larunbatean Pantxoa eta Peioren Azken dantza abestia gomutatuko zuen batek baino gehiagok. Izan ere, Azkenan dantzatzeko azken aukera zen atzokoa, ziztu bizian piztu eta itzali baitzaie zaleei rockaren zuzia, ortzegun batez piztua eta larunbatez itzalia. Zizpuruka eta zeruari zeharka so zeuden zaleak, ekaitzak berriz eguna ez zapuzteko esperantzan. 

Pantxoa eta Peioren gomutarekin jarraituz gero, Lepora hartu eta segi aurrera abesteko tentazioa izango zuen batek baino gehiagok. Ez da hori errata bat, Gasteizko Lepora taldeak inauguratu baitzuen larunbateko egitaraua. Euskal Herriko rock panoramako azken urteetako proiekturik nabarmenetarikoa ondu dute gasteiztarrek, eta herrikideen aurrean defendatzeko ardura zuten larunbatean Azkenan. Neke askorik gabe lortu zuten helburua, euskapitalismo berantiarreko rock gogor existentzialarekin.

Lepora taldekoak, ikusle goiztiarrenen aurrean jotzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Lepora taldekoak, ikusle goiztiarrenen aurrean jotzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Haien estiloaren eta gaien erakusgarri, jo duten lehenengo kanta, Analfabeto politikoa, Bertolt Brechten izen bereko olerki ezagunaren egokitzapena da. Etsiduraz eta herraz beteriko hitzak ditu abestiak, taldearen gehienek bezala, eta mezu indartsua hedatzen dute. Leporaren emanaldiari aurki dakiokeen hoben bakarra ez dago haien esku, esleitu dieten ordutegiari eta tarte laburrari baitagokio: arratsaldeko bost eta erdietan eta hiru ordu laurdeneko kontzertuarekin, entzule gehienak ez ziren oraindik bertan, taldeak kontzertua amaitu zuenerako.

Antzeko zerbait jazo zen lehen jardunaldian Nhil taldearekin; badago hor etorkizunerako hausnarketa bat, Azkenak euskal taldeei ematen dien tarteari buruzkoa. Arratsaldeko bostetan ordez gaueko bederatzietan jarriz gero, dozenaka ikusleren ordez ehunka bilduko al lituzkete Nhil edo Lepora bezalako taldeek?

Txalo eta euri zaparradak

Leporaren oholtza gaineko trumoiek izan zuten ohiartzunik ere: trumoiak eta tximistak etengabe aritu ziren mehatxu egiten zeruan arratsalde guztian, ekaitza lehertu, ez lehertu. Beste behin ere, begirune ironikoa izan zuen eguraldiak, Social Distortion, eguneko kartelburua, jotzen hasi arte itxaron baitzuen euriak. Ostiralekoarekin eskarmentatuta, baina, ez zioten jaramonik egin zaleek, eta bero-bero hartu zuten taldeak jotako lehen abestia, Born to kill delakoa. Taldearen azken albumekoa da abesti hori, berriki argitaratua. Berritasuna gorabehera, haren zain zeuden zaleak, «esan nizun hori izango zela lehena», esan baitzion batek baino gehiagok pareko adiskideari.

Ibilbide luzea gorabehera, oraindik ere sasoi betean eta boladan diren seinale, abegi berbera egin zieten ikusleek taldearen abesti klasikoei, zein abesti berrienei: txalo zaparrada ederrak, euri zaparradekin nahastean. Jauzika ere aritu ziren asko, saltoka aritzera gonbidatzen baitute kaliforniarren doinu jostariagoek. Tarteka, agertokiko foku eta argiek tximistekin bat egin zuten, eta ez zegoen argi zein zen zeruko efektu naturala eta zein argiztapen artifiziala. Horrela jazo zen, esaterako, Partners in crime kantatu zutenean. Ekaitzak ekaitz, hamarkada guztietako zaleek hamarkada askotako abestiez gozatu ahal izan zuten, ibilbide oparoko taldearen erakusgarri. Story of my life kanta mitikoa iristean, birikak lehertu beharrean egin zioten oihartzun zaleek errepikako «oooooo oooo!»-ari, eta antzeko koruak egin zituzten Don't Drag Me Down-ekin. 

Etxerako ordua

Social Distortionen kontzertuaren amaierak zapore mingotsa utzi zuen gehienen ahotan. Izan ere, azken eguneko kartelburuaren agerraldiak markatzen du, nolabait, jaialdiaren amaieraren hasiera, eta malenkonia puntu bat nabari zen airean. Laster zen iristekoa etxerako ordua, eta furgonetak eta karabanak ere laster hasiko ziren Mendizorrotzako aparkalekutik desagertzen.

Gauza onak, ordea, amaierara arte gozatu beharra dago, eta filosofia horrekin bat egin zuten zale gehienek. Aukera asko zeuden oraindik aurretik, gaua itxi baino lehen azken bustialdi bat hartzeko, zela izerdiarekin, zela euriarekin. Jason Isbell & The 400 Unit izan ziren aipaturiko malenkonia sakondu zutenak, country estiloko baladekin ikusleen emozioak azaleratu baitzituzten.

Jason Isbell & The 400 Unit. L. RICO / EFE
Jason Isbell & The 400 Unit. L. RICO / EFE

Tristurak gorputzetik ateratzeko, berriz, Carpenter Brut eta Cuir artistek jarri zituzten dantzan azkenekoz ikusleak, eta, azken orduan ere, Alcala Nortek, Therapyk eta Cuirrek izan zuten ikusle andana. Alta, hiru eguneko eromenaren ostean, iritsi zen etxerako ordua. Pantxoa eta Peiorekin hasi, eta haiekin ere bukatu: «Adios, maitiak, adios, lagunak! Etorri da urrun joaitea, bainan ere agian, berriz itzultzea...». Asko itzuliko dira datorren urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE