Azken soaldi gordin eta barea

Julian Barnesen 'Istorio bakarra' plazaratu du Meettok-ek, Aritz Gorrotxategik euskaratua, jatorrizkoa argitaratu eta lau hilabetera

Aritz Gorrotxategi, Istorio bakarra eskuetan duela, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Istorioa ia bakarra da, bai. Zentzu askotan izan ere. Ibon Sarasolak itzulitako Lurraren mailan (2016)narrazioaz aparte, inoiz euskaratu gabea zen Julian Barnesen obra. Meetok argitaletxearen ekimenez, Aritz Gorrotxategik ekarri du euskarara Barnesen azken lana, inguruko beste zenbait hizkuntzatara itzuli aurretik, gainera. Otsailean merkaturatu zen The Only Story. Lau hilabete pasatxo geroago, plazan da Istorio bakarra. «Guk iazko urrian jaso genuen jada jatorrizko bertsioa, eta, hortaz, denbora pixka bat izan dut euskaratzeko». Aritz Gorrotxategi idazleak beti izan du egile gustukoa Barnes, eta «zorioneko enkargua» jaso zuen Meetokek itzulpena egiteko proposamena egin zionean. «Barnesen hasierako lanak ezagutzen nituen, gero tarteka irakurri ere bai, eta orain arteko azkena, Xostakovitxen inguruko biografia ere irakurria nuen. Idazle ingelesen klasiko garaikide bat da, Ian McEwan, [Kazuo] Ishiguro, [Hanif] Kureishi, [Martin] Amis... Belaunaldi horren idazle inportanteenetakoa da».

Literaturaren historian gai ardatzetako bat, non eta ez den ardatzena, maitasunarena izan da. Pertsona adina maitasun istorio daude gutxien-gutxienik, baina nork berea bakarra balitz bezala bizi du. Istorio bakarra ere «maitasunari buruzko» istorio bat da: «Protagonistak, gizonezkoaren ahotsean, kontatzen du bere bizitza markatu duen harreman baten ibilbidea; maitasun harreman ezohikoa da hasiera-hasieratik».

Amodio istorio hori 1960ko hamarkadako Ingalaterran sortuko da: «Protagonista mutil gazte bat da, unibertsitatean sartu berria, eta, neurri handi batean, amak bultzatuta joan da tenis klub kontserbadore batera. Han ezagutuko du bera baino ia hogei urte zaharragoa den emakumea: biak elkar maiteminduko dira». Horra nobelaren abiapuntua. Eta hortik aurrera, galderak: «Nola kudeatu maitasun hori; nola kudeatu Barnesek berak protagonistaren ahotik esaten duena; bera gazte zeneko garaian, maitasunak benetakotasuna ematen zion bizitzari. Baina maitasuna berez ez da geratzen, ez du irauten».

Garaien talka, hondatzea

Liburua «laburbiltzen» duen esaldi batekin hasten da eleberria: «Zer nahiago zenukete, gehiago maitatu eta gehiago sufritu, ala gutxiago maitatu eta gutxiago sufritu? Nire ustez, hori da, azken batean, benetako galdera bakarra». Eta honela zehazten du galderaren muina Gorrotxategik: «Zer nahiago dugu, arriskatu eta haren ondotik datorrenari aurre egin, normalean ez baita izaten behinola irudikatu genuen bezain ona, edo ez arriskatu?».

Hiru zatitan banatua dago Barnesen nobela; lehenean, bi pertsonaien elkar ezagutzea eta maitemintzea kontatzen du, eta bigarren zatian dator «hondatzea, gainbehera». «Maitasuna pixkanaka krisian sartzen ikusiko dugu, nola doan hondatzen. Adinaren aldeaz gain, Ingalaterra kontserbadore batean bizi dira, baina 68ko maiatza eta rockaren loraldian murgiltzen ari den gazteria bat agertzen ari da. Bi mundu horien arteko talka ere badago».

Barnesen obsesioak ageri dira liburuan: denboraren iragatea, maitasuna, kezka filosofikoak... «Barnesek bizitzari eta maitasunari buruzko bere gogoetak sartzen ditu. Barnesen estiloa oso zehatza da, eta oso ondo uztartzen ditu narratibitatea eta gogoeta. Ez dira idazle asko hori hain ondo egiten dutenak. Bere kezkak modu narratiboan plazaratzeko gai da. Hori bertute handi bat da, ze batzuetan oso nabarmen geratzen da egilea noiz ari den narratzen eta noiz ari den idazlea gainjartzen. Barnesek oso ondo uztartzen ditu bi gauzak, oso natural».

Hirugaren zatiak protagonistak bere bizitzari egiten dion «begirada» osatzen du. «Urratu da harremana; nork bere bidea hartzen du, eta gizonezkoak iraganaz egiten du gogoeta. Ahots narratibo horretan badago zalantza bat». Eta, ezinbestean, memoria. Beti memoria: «Memoriari buruzko gogoeta dezente egiten ditu; nola merezi du iragana gogoratzeak, batez ere gu geu garenean protagonista? Gogoratzen ditugun gauzetatik, zer da egia? Guk geure buruari egiten diogun kontakizun hori hainbestetan errepikatzen diogu geure buruari, ezen hori bihurtzen dugun egia. Kontatzen dugun horretan ere, bada zati garrantzitsu bat ezkutatzen ari garena».

Nobelaren azken zatia, bukaera, «nahiko suntsigarria» da, itzultzailearen hitzetan. «Hondatze horretan ez dago bakarrik denboraren faktorea, beste batzuk ere sartzen dira jokoan; gaixotasuna, alkoholismoa... Une batetik aurrera, protagonistak erabakitzen du bere bizitzea egitea. Baditu harreman sentimentalak, baina bere koraza moduko hori jarri eta ez da gehiegi inplikatzen harreman horietan. Bere arriskua, bere apustua, iraganeko emakume hori izan zelako».

«Ironikoa, garratza, eta mingarria». Hala deskribatzen du liburuaren amaiera Gorrotxategik. Baina, hala ere, «begirada samur» bat ere badu. «Ez dago bukaera zoriontsurik. Bizitza bezalakoa da. Baina ez da masoka ere. Denboraren perspektibatik kontatzen du. Protagonista, eta egilea bera ere, adinean sartuxeak daude. Zauriak ikusten dira, baina ez dago mendeku goserik, ez dago errudunik bilatzeko grinarik, begirada bare bat baizik. Badago bokazio bat alde txarrena ez bilatzeko. Ez du leundu nahi, baina ez du alderik txarrenarekin ere gelditu nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.