Zinema

Azpijoko politikoen alderdi umoretsua

Bertrand Tavernierren 'Quai d'Orsay' filmak zorrotz begiratzen dio Frantziako goi mailako politikagintzari

Donostiako Zinemaldian harrera ona izan zuen Quai d'Orsay filmak, eta bi sari jaso zituen.
Gontzal Agote.
2014ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Oraingo honetan, eleberri grafiko bat izan du inspirazio iturri Bertrand Tavernier zinemagile beteranoak. Alain Lanzac Dominique de Villepin ministroaren kabineteko kide izan zen, eta hor ikusi zituenak modu ironiko batez kontatu nahi izan zituen; batez ere, De Villepin eta Nicolas Sarkozyren arteko harreman gatazkatsua. Horretarako, komikigile ezagun baten laguntza izan zuen: Christophe Blainena.

Bien artean, Quai d'Orsay eleberri grafikoa ondu zuten, bi liburukitan argitara eman zena. Horretan, De Villepin eta Sarkozyren arteko tirabirak aitzakia hartuta, Frantziako sistema politikoaren deskribapen zorrotza egin zuten.

Arthur Vlaminck ezkerreko politikari bat da; tesia bukatu nahian ari da, baina inoiz ez du denborarik ateratzen hori bukatzeko. Halako batean, eskuineko ministro batek fitxatuko du, berekin lan egin dezan. Zeregin zehatza izanen du Vlaminckek: ministroaren diskurtsoak idatzi behar ditu talaia horretatik, eta goi politikagintzaren aferak bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen du.

Horixe izan da Bertrand Tavernierrek Quai d'Orsay filmean baliatu duen abiapuntua, eta aldaketa gutxi sartu ditu eleberri grafikoaren gainean, egileekin elkarlanean aritu baita. Horiek horrela, The Office telesail britainiarraren ildoan —gero In the Loop pelikulan jarraipena izan zuena— dagoen umorezko satira politiko bat egin du.

Filmean, Alexandre Taillard de Voms da protagonista, Frantziako atzerri ministroa. Ardoa eta emakumeak gustatzeaz gain, nahiko ahoberoa da. Bere kargutik hainbat liskar diplomatiko eragin ditu, baina, nonbait, ez zaio askorik inporta. Helburu bakarra du ministroak: Bakearen Nobel saria eskuratzea egunen batean. Zeregin horretan laguntzeko, diskurtsoak idatziko dizkion idazle bat kontratatuko du ministroak, nahiz eta horrek oso bestelako ideologia duen.

Quai d'Orsay iazko Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu zuten, eta han bi sari garrantzitsu eskuratu zituen: gidoi onenarena eta kritikariek eman ohi duten Fipresci saria. Horrez gain, Cesar sari bat irabazi zuen pelikulak: taldeko aktore onenarena, Niels Arestupek eraman zuena.

Zinemagile konprometitua

Kritikari lanetan hasi zuen Tavernierrek zinemarekin duen harreman luze eta oparoa. Iazko mendeko 60ko hamarkadan izan zen hori, eta, aldi berean, hainbat pelikulatan lan egiten hasi zen; besteak beste, Jean-Pierre Melvillerekin. Nouvelle Vague mugimenduaren oinarriekin ez zuen bat egin, zinema klasikoaren hainbat balio aldarrikatzen baitzituen. Horrez gain, filmetan beti erakutsi du konpromiso sozial eta politiko garbia.

1974an zuzendu zuen bere lehen film luzea: L'horloger de Saint Paulthriller-a. Hortik aurrera, filmografia aberatsa osatu du Tavernierrek; hainbat generotan lan egin duen zinemagilea izan da: belikoa, musikala, drama... Tavernierrek betidanik erakutsi du zinema estatubatuarraren gaineko mirespen handia.

Haren filmografia luzean, hainbat film nabarmentzen ahal dira: bere ibilbidearen hasieran egin zuen Que la fète commence...; Romy Schneiderrekin egin zuen La mort en direct; jazz munduan girotutako Autour de minuit; edota I. Mundu Gerraren inguruan egin zituen bi pelikula bikainak: La vie et rien d'autre eta Capitaine Conan.

Nolanahi ere, Tavernierren pelikularik arrakastatsuena haurren munduari dago lotuta. Ça commence aujourd'hui zuzendu zuen 1999an, Frantziako iparraldeko eskola txiki batean gertatzen zen istorio samur eta hunkigarria. Filma Berlinen saritu zuten, eta, denboraren poderioz, zinemagile frantziarraren filmik ezagunena bilakatu da.

'QUAI D'ORSAY'

Zuzendaria: Bertrand Tavernier.

Aktoreak:Thierry Lhermitte, Raphael Personnaz, Niels Arestrup, Bruno Raffaelli, Julie Gauet, Anais Demoustier, Thomas Chabrol, Thierry Fremont.

Herrialdea: Frantzia.

Urtea: 2013.

Iraupena: 113 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.