Besarkatuko gaitu jazzak udan Getxon, Gasteizen, Donostian. Aperitifa moduan, atzo hasi zen Artium museoan Jazzinemazikloa, Iruñeraino luzatuko dena. Atzo hasi zen Bitorixen, gaur arratsaldeko 19:00etan Tabakaleran ikusgai, dastagai, desiragai izango den pelikula batekin. Parekorik, igualik ez duen pelikula batekin, Ido Flucken Köln 75, Berlinale ustekabean harrapatu zuena, Berlingo Haus der Berliner Festspiele areto berdingabea mukuru bete genuen oro ahoa bete hortz eta gorputza bete erritmo utzi gintuena.
Keith Jarrett piano jotzaile marka guztiez fuerakoaren diskorik famatuenaren inguruko filma da Köln 75. Diskoaren inguruan baino gehiago, disko horretan grabatua geratu zen kontzertuaren gaineko dokumentu fikzionatua dugu uztailaren 21ean Iruñeko Golemetan emango duten zinema puska guztiz azkarra, zorabiagarria kasik. Pantailan agertzen zaigu 18 urte zituela jada bere buruaren jabe zen Vera Brandes neska. Aita zuen dentista. Dentista, burges eta normatiboa. Nahi zuen alaba dentista izatea, eta ez, inolaz ere, artisten managerra. Tematu zen Vera. Oso goitik heldu zion ametsari, Keith Jarrett nahi zuen eraman Alemaniara. Baina ez klub pribatu batera. Ez areto intimo batera. Ez, Verak Keith nahi zuen Koloniako Operan. Sekula ez zen han musika klasikokoa ez zen kontzerturik eman, Baina Verak nahi zuen. Beteko zuela mukuru esan zion bertako zuzendariari. Baina irratiek ez zuten laguntzeko gogorik. Batzuen irudiko, 1975ean jazzak ez zuen, jada, inolako etorkizunik, esperantzarik. Berean setaturik, Verak zera esaten zien horiei guztiei: Jarrettek egiten zuenak jazza bera gainditzen zuen. Esan, eta baita batzuk konbentzitu ere, Verak ez baitzuen ezezkorik onartzen.
Bazen beste arazo bat. Handia oso. Keithek Bösendorfer piano bat eskatzen/exijitzen zuen. Ez nolanahiko Bösendorfer bat, onena baizik: Imperiala. Verak baiezkoa eman zuen, baina egoera arras okertu zen segituan. Keith eta haren managerra bidean zirela (gauez, Renault 4 batean...), antzokiko arduradunek agertokira ekarri zuten Bösendorfer txiki bat zen, entseguetan erabiltzen zena, seko hondaturik zegoena... Hor hasi ziren komeriak, eta hortxe bihurtze da filma komedia ero-eroa. Verak, baina, ez zekien errenditzen, beraz...

Zoratuko zaituzten pelikula da Köln 75. Bukatu bezain pronto etxera joango zarete diskoa entzuteko delirioan. Baliteke ere suzko jakin-min basa batez sareetan sartzeko gogoa sumatzea gorputzean, Vera Brandesi buruzko notizia gaur egungoez enteratzeko asmotan...
Ez duzue, baina, denbora askorik izango horretarako, Jazzinema zikloak aurrera egingo baitu hilabete osoan, galdu ezinezko beste hiru proposamenekin. Bata Francis Ford Coppolaren The Conversation da. Bada film arrotza, gure barruko eta kanpoko segurtasun ahula hankaz gora jartzen duena. Thriller paranoiko eta idor horretan, Gene Hackmanek saxofoia jotzen du (adi bukaerako eszena ikaragarrian), disko-jogailuan Gerry Mulliganen disko bat jarria duela.
Legacy ez da jazzaren gaineko ohiko dokumentala. Alde batetik, egilea ez baita ohikoa. Manal Masri suediarrak Libanon ditu sustraiak. Serieko hiltzaile supremazista batek 17 urteko anaia hil zuen. Penak eta galdera milak bultzaturik, irmoa eta mingarria den Letters to a Serial Killer filma burutu zuen.
Bere Legacy ere ez da zinema eztitsua. Joan den mendeko 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetan Estatu Batuetako jazz musikari beltz ugarik herrialdetik egin zuten alde, ihes, ezin zutelako ez arrazakeria, ez indarkeria jasan. Aterpe aurkitu zuten Iparraldeko Europan, eta hantxe, musika errege gisa harturik, familiak sortu. Haien seme-alabek egiten dute berba orain. Mila gauza salatzen dituzte: Iparralde perfektu haren arrazakeria, aita horien absentzia. Egiten diete ere ezinbesteko aitortza, eta entzuten diezu oso esaldi interesgarria: gaur egungo hip-hopa egun haietako bebopa da. Edo alderantziz.

Zikloaren azken oparia Sundanceko epaimahaiaren saria jaso zuen Soundtrack to a Coup d´État duzue. Azpikoz gora jartzen ditu dokumental arautu guztiak. Libre erabiltzen ditu artxiboak, irudiak, musika, diskurtsoak... amets baten porrota kontatzeko. Belgikak birrindutako Kongok libre nahi zuen izan. Saiatu ziren herrialde ahalguztidunak borroka hori suntsitzen, bertako ondasun guztiak behar zituztelako beren gerra pribatuentzat. Jazza bera erabili zuten ezkutuko arma gisa. Baina Louis Armstrongek susmo txarra izan zuen...
Jazza, pantailan ikusten den musika errebeldea.