Jakin bagenekien hizkuntzak asmatzen zirela. Eta ez naiz esperantoaz bakarrik ari. Filologo ikaragarri ona zenez, mintzairak eta mintzo bakoitzak barrenetan gordetzen dituen misterioak oso gogoko zituenez, J.R.R. Tolkienek hizkera ugari osatu zituen Eraztunen Jauna, Hobbita eta Silmarillon liburuetan bizi ziren izakiek berba egin zezaten.
Glosopoeia deitzen zion horri. Zergatik? Mitopoeia-k zera esan nahi du, mitoen sorkuntza. Hizkuntza germanikoetan trebatu zen idazlea, eta antzeko zerbait egiten zuen: hitzik ez zuten pertsonaientzat hitzak asmatu. Eta ez soil-soilik hiztegi sendo bat. Baita sintaxia ere. Fonologia. Gramatika. Idazkera. Entzunak ditugu mintzo horiek. Pelikuletan. Elfoek, esaterako, quenyaz eta sindarinez egiten diote elkarri. Numenor irlan bizi zirenek adunaicoa erabiltzen zuten haien artean. Rohan erreinukoek, aldiz, rohirricoa. Ipotxak, aldiz, khuzduz mintzatzen ziren. Bazen Lur Ertain hartan inposaturiko mintzo bat ere. Izan ere, hizkuntza beltza deitzen zioten orkoek, Sauron Jaun ilunak horrela aginduta, hitz egin behar zutenari.
Ohikoa da, beraz, mitologia bat sortzen ari bazara, mintzaira bat osatzeko beharra. Edo plazera. Erronka. Garaipena.
Asmatu zuen, adibidez, Paul Frommerrek James Cameronen Avatar pelikuletarako ezinbestekoa zen na´vi mintzaira. Asmatu baino gehiago, eraiki esan beharko genuke, nik uste. Hizkuntzalaritzan doktore, Paulek Avatarren ilargian mintzatuko zen hizkuntzari gozotasuna eman nahi izan zion. Bai ahoskeran bai entzuteko momentuan. Gaur, 2.260 hitzek osatzen dute na´via, baina sinetsi ala ez, gero eta gehiago daude. Bai, hiztegia eguneratzen ari da, Avatar saga osatzen duten bost filmen zale amorratuek ere sortzen dituztelako hitzak. Hori bai, hiztegian sartu aurretik, Frommerrek onartu egin behar ditu proposaturiko iradokizunak.
«Gaur, 2.260 hitzek osatzen dute na´via, baina, sinetsi ala ez, gero eta gehiago daude. Bai, hiztegia eguneratzen ari da, 'Avatar' saga osatzen duten bost filmen zale amorratuek ere sortzen dituztelako hitzak. Hori bai, hiztegian sartu aurretik, Frommerrek onartu egin behar ditu proposaturiko iradokizunak»
Gure aretoetara iritsi berri da aspaldiko ezagun bat, Predator!!! 1987an egin genuen estreinakoz topo harekin. Harrapakaria zen. Kanpoko espaziotik etorritako predatzailea. Nora? Erdialdeko Amerikara. Zeinek egin behar izan zion aurre? Terminatorrek berak, Schwarzeneggerrek! Handik aurrera, beste zazpi aldiz gehiago egin dugu estropezu Predatorrekin. Azkenengoak Predator Badlands du izenburu eta Dimitrius Schuster-Koloamatangi izen eder, kasik ezinezkoa, duen aktoreak egiten du harrapakariarena. Pelikulan gorputz enborra baino ez duen Elle Fanning adimen artifizialaz sortutako erreplikante umore zorrotzekoa da. Bizi ditugun garai bigun hauetako metafora, Predator ez da horren izaki beldurgarria, odolkoia. Egia, aitaren kontrako mendekua nahi du lortu anaia hil baitzion begi aurrean. Alta, pelikulan zehar Dek izeneko izakiak ikasiko du, autolaguntza bidaia ematen duen istorio batean, elkartasunaren eta adiskidetasunaren garrantzia. Nahitaezkoak omen, gizakiok zapaldu ez ditugun planetetan ere. Ahulak dira aro gureak.
Horrek ez du, baina, inportik. Filmak merezimendurik badu, erabilitako hizkuntzan datza. Asmatua hau ere. Sortua. Eraikia. Britton Watkinsek, hain zuzen ere. Filmatu zuen berak 2017an oso dokumental ezinbestekoa, Conlanging: The Art of Crafting Tongues (Hizkuntzen sorkuntza: mintzaira osatzeko artea) izenburukoa. Filologoa, eleaniztuna (txerokia, mandarina, Tibeteko mintzaira…), zientzia fikzioaren zale peto-petoa, Star Trek into Darkness filmean ere ibili zen aktoreei klingon hizkuntza eta haren dialektoak ahoskatzen irakasten.
Eskatu zioten oraingoan Dek izena duen azken Predatorrek hitz egingo zuen mintzaira asmatzeko. Eta asmatu egin du. Hamaika konturi jarri behar izan dio arreta. Esaterako, kanpo espaziotik auskalo nora iritsitako harrapakariak ezpainik ez du, bai, ordea, ahoa ixten dioten betortz handiak, basurdeenen antzekoak. Beraz, soinu batzuk ezin ahoskatu. Ba al zen irteerarik? Jakina. Gizakiok sekula egingo ez ditugun kontsonante multzo konplexuen erabilera. Adibidez, jl, cht, hrr…
Harrapakariak, aitak eta anaiak erabilitako armetan, yautja herriak propio dituen hitzak agertzen dira zizelkaturik; beraz, idazkera ere asmatu behar izan du Brittonek.
Eta gero, jakina, aktoreek hori guztia ikasi behar.
Hasi dira Predator-en zortzi filmak maite dituzten horiek yautjaz trebatzen. Belarria egiteko, entzun ezazue pelikula soinu sistema ona duen areto batean. Lehenengo ikasgai paperezkoa, aldiz, Los Angeles Times egunkarian duzue. Dohainik. Hurrengoan artikulua yautjaz idatziko dizuedalakoan nago. Ky, qy, ngw, nagai, chish…
