Goizean Miramar jauregian egin duten mahai inguruan, generoak ahozko inprobisazioan duen eraginaz aritu dira mundu osoko ikerlari eta inprobisatzaileak; eta emakumezkoak dira gaurko saioan arituko diren inprobisatzaile guztiak ere.
Aretoko atea ireki, eta ilaran sartu dira patiora inprobisatzaile, musikari eta itzultzaileak. Bakoitzak bere bidea hartu du, eta gelaren ertzak hartu dituzte. Atetik gertuen dagoen oholtzara igo dira Mexiko eta Kubako inprobisatzaile eta musikariak. Mexikarrak dira Las Alondras taldeko partaideak; musikariak, eta ahozko inprobisatzaileak —trobadore izena hartzen dute Mexikon—. Diana Hernandez, Sofia Limon eta Rebeca Limon Tesy-k osatzen dute hirukotea. Kubako punto kantua ordezkatzeko, berriz, Yunet Lopez repentista eta Eduanis Lopez musikaria igo dira agertokira. Bigarren oholtzan daude Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio bertsolariak, Kristina Solano trikitilaria eta Maribel Servera glosadore katalana. Hirugarren oholtza bat ere ezarri dute; forma biribila du, eta bertan jarri dira Karen Owen galestarra eta saioa aurkeztuko duen Uxue Alberdi. Mikrofonora hurbildu da, eta gorritu egin dira ordura arteko argi moreak: hasi da saioa.
Mundu bat lau hormen barruan
Emanaldiaren lehen zatian, nor bere moldean aritu dira sortzen. Karen Owen galestarrari jarri dio Alberdik lehen gaia. “Europa” hitza entzun, eta paperean eta tintaz ekin dio sortzeari Owenek; gisa horretan aritzen dira Galesko barddak. Owenek idatzi bitartean, beste inprobisatzaileek egin dute euren saioa: Gitarra doinuekin kantuan aritu dira mexikarrak, indarrari buruz kantatu du Maribel Servera glosadoreak, “euskara neska al da?” galderari erantzuten ahalegindu dira bertsolariak eta aurkezleak emandako esaldieei tiraka aritu da Yunet Lopez repentista. Oweni begira jarri dira orduan entzuleak, paperean sortu eta buruan gorde duena errezitatzeari ekin dio begiak itxita: “Noiz etorri zen gorrotoa Erresuma Batura? / Noiz sartu ziren labankada hauek? / Zergatik etorri zen besteenganako gorroto hau? / Esaten digute armekin seguruago gaudela / neskoi ere esaten digute labanarekin seguruago gaudela / baina seguruago gaude labanarik behar ez denean”.
Orduan hasi da egiazko kultura trukea. Bakoitza bere moldean, bakoitza bere hizkuntzan, baina elkarrizketan jarri ditu inprobisatzaileak Uxue Alberdik: kantatu dute musikarekin repentistak eta trobadoreak; musikarik gabe Lujanbio eta Serverak; errezitatu du Owenek entzuleen txalo kolpeez lagunduta; aritu dira elkarren ispilu izan nahian Amuriza eta Tesy; historiak oroitu ez dituen emakumeez Maialen Lujanbio; eta sexuaz hausnarketan Servera eta Lopez. Aurpegi asko dituen txanpona da inprobisazioa; txanponaren aurpegi emeak bildu dira gaur Tabakaleran.
“Eskerrik asko zigorragatik”
Indarrez jo dute txalo entzuleek, eta Uxue Alberdik hartu du hitza. Banan-banan aipatu ditu inprobisatzaile eta musikariak, eta larunbateko zita gogorarazi du: 19:00etan izango da Europa Bat-batean jardunaldien itxiera ekitaldia, Donostiako Kursaalean. Las Alondras taldeko kideak zutitu egin dira Alberdik hizketan amaitu bezain pronto, eta Katamalo talde euskaldunaren izen bereko kantuaren gainean inprobisatzeari ekin diote. Nork bere hizkuntzan jarraitu diete inprobisatzaileek, eta agurtu dute publikoa. Txalo zaparrada amaitzean, ordea, berriz ekin diote mexikarrek, eta lehenengo oholtzan elkartu dira parte hartzaile guztiak. Katamaloren kantua abesten hasi dira mexikarrak, euskaraz. Alboan jarri, eta segi egin diete bertsolariek.
Hiru oholtzatan eta lau hizkuntzatan hasi dute saioa bost herrialdetako inprobisatzaileek, eta oholtza bakarrean eta euskaraz kantuan amaitu. Eta ez; ez dira sarrera guzti-guztiak saldu, baina bete egin da aretoa. Bete dute txaloek, emozioak eta konplizitateak. Eta bete dute Uxue Alberdiren azken hitzek ere: “Hizkuntza ezberdinak hitz egitera derrigortu zituen jaungoikoak Babelgo dorrearen eraikitzaileak. Mesede ederra egin zigun jaungoikoak edo dena delakoak, mintzo bakarraren zigorretik libratuta. Eskerrik asko zigorragatik.”