Bartzelonatik milaka kilometrora jaiotako zenbait musika generok markatu zuten Bad Gyalen gaztaroa —Alba Farelo du benetako izena—: Jamaikako dancehalla, Puerto Ricoko reggaetona eta Karibeko erritmoak entzunez hazi zen Vilassar de Marko (Herrialde Katalanak) nerabe hura. Gaur egun, mundu osoko jaialdi eta areto handietan aritzen da, milioika entzule ditu plataformetan, eta Espainian eta Hego Euskal Herrian musika urbanoaren izenik ezagunenetako bat bihurtu da; baina Farelok ez du ahaztu nondik datorren. «12 edo 16 urteko Alba hark ez luke hau sinetsiko», esan du berriki, bere bigarren estudioko diskoa aurkeztean. Bad Gyalen azken hamarkadako bilakaera ongi laburbiltzen du esaldiak: logela batean ametsetan aritzen zen gazte bat izateari utzi eta nazioarteko izar bilakatu den artista baten istorioa da.
Orain, Más cara izeneko lana eman du argitara. Hemeretzi kanta ditu diskoak, eta, artistaren hitzetan, bere «ametsetako playlist-a» da neurri handi batean, txikitatik maite izan dituen doinuekin eraikitako unibertsoa: reggaetona, dancehalla, R&Ba, merenge housea, guaracha, shatta eta Haitiko kompa nahasten dira lanean, eta horrek erakusten du ez dela erraza Bad Gyalen proposamena genero bakar batean sailkatzea.
2016an egin zen ezagun Bad Gyal, Rihannaren Work abestiaren moldaketa katalanez argitaratu zuenean. Garai hartako panorama musikalean ez zen ohikoa emakume gazte batek dancehallaren edo Karibeko musika urbanoaren kodeak bere egitea. Are gutxiago katalanez.
Hastapen haietan, askok fenomeno iragankortzat jo zuten; beste askok, berriz, musika baino gehiago, haren irudia jarri zuten zalantzan. Artistak berak behin baino gehiagotan gogoratu du nola entzun behar izan zituen etengabe gisa honetako iruzkinak: «Zer ekarpen egiten du honek?», edo «ez dut ulertzen zergatik duen arrakasta».
Hala ere, denborak arrazoia eman dio. Mixtapeak, EPak eta single arrakastatsuak kateatuz joan zen, eta, aldi berean, bere inguruan komunitate artistiko propio bat eraiki zuen, underground elektronikatik eta musika urbanoaren periferietatik zetorren sortzaile sare batekin. Fakeguido, Florentino, Jam City, El Guincho eta Dubbel Dutch bezalako ekoizleekin lan egin izanak argi erakusten du haren proposamena ez dela inoiz izan merkatuaren joerei jarraitzea. Eta berak ere harro dio mainstream-era iritsi dela bere nortasuna galdu gabe. «Nire helburua zen publiko handiarengana iristea eta, aldi berean, nahi dudana egiten jarraitzea, eta ehuneko ehunean lortu dut», adierazi du.
Autonomoa
Bad Gyalek behin eta berriz defendatu behar izan du bere autonomia artistikoa. Arrakasta handituz joan den heinean, gero eta gehiagotan entzun ditu «produktu» bihurtu dela dioten ahotsak. Berak ez du denbora askorik galtzen eztabaida horretan. «Nik erabakitzen dut zer egiten dudan eta zer ez. Jendeak produktu bat naizela pentsatu nahi badu, berdin-berdin pentsatuko du».
Lan berriaren sorkuntza prozesuan ere kontrol horri eustea izan du lehentasunetako bat. Oraingoan, lehen aldiz ekoizpen sendoago baten babesa izan du, Cromo X dominikarra buru duen talde bat aritu baita harekin. Hala ere, azpimarratu du berak hartu dituela erabaki artistiko nagusiak, eta horrek eman diola modua aurreko lanetan baino soinu kohesionatuagoa eta pertsonalagoa lortzeko.
«Nik erabakitzen dut zer egiten dudan eta zer ez. Jendeak produktu bat naizela pentsatu nahi badu, berdin-berdin pentsatuko du»
BAD GYALAbeslaria
Azken urteetan, musika urbano latinoaren hainbat izen handik beren folk sustraietara jo dute. Bad Bunnyk Puerto Ricoko tradizioei begiratu die, Karol G-k Kolonbiako erritmoei, eta Quevedok Kanaria uharteetako erreferentziak berreskuratu ditu. Bad Gyalek, berriz, beste bide bat hartu du. Diskoaren sorkuntza prozesuan norbaitek iradoki zion agian Espainiako edo Kataluniako sustraietara gehiago hurbiltzeko garaia zela. Berak ezetz erantzun zuen. «Ez da nire hizkuntza artistikoa. Behartuta sentituko nintzakete».
Horrek ez du esan nahi bere jatorria ukatzen duenik. Azken urteetan, Kataluniako kultura herrikoari lotutako keinuak egin ditu —Goya sarietan runba katalana interpretatuz eta Bartzelonako hainbat aldarrikapen sozialekin bat eginez—, baina bere musika identitatea beste nonbait eraiki da. «Badakit ez naizela latinoa, eta ez dudala inoiz biziko musika horrek jasan duen bazterketa. Baina ezingo nintzateke artista izan musika horretan inspiratu gabe».
Toki propio bat
Musikariaren ibilbidea ezin da ulertu genero ikuspegirik gabe. Reggaetonean eta dancehallean historikoki gizonen ahotsa eta begirada izan dira nagusi, baina Bad Gyalek bere tokia sortu du bertan. Bere kantuetan desira, sexualitatea, boterea eta plazera lantzen ditu, baina ikuspegi propio batetik. Horrek kritika ugari ekarri dizkio, batez ere irudi publikoari lotuta: «Badakit jende askok oraindik ilehori tontoaren estereotipoan harrapatuta ikusten nauela, baina ez naiz ergela, nahiko inteligentea naiz».
Artistak salatu izan du emakume indartsuaren diskurtsoa askotan modu teorikoan ospatzen dela, baina praktikan oraindik ere epai moralak jasaten dituztela askatasunez jokatzen duten emakumeek.
Más cara garai berezian iritsi da. La Joia aurreko diskoak mugarri bat ezarri zuen haren ibilbidean: aste luzez lehen postuetan egon zen salmenta zerrendetan, eta kritikak ere egin zion aitortza. Orain, bigarren lanarekin, jauzi artistiko handi bat egin du, sendotze ariketa bat. Lan berrian Ozuna, Chencho Corleone, J.Alvarez eta erreferentziako beste zenbait artista ageri dira, 2000ko hamarkadako reggaetonaren oihartzunak daude, eta dancehalla da oraingoan ere haren unibertsoaren erdigune.