Badator hiritarren uholdea

Olatu Talka kultura jaialdiaren bosgarren aldiak 205 jarduera inguru bilduko ditu ostiraletik igandera eta ekainaren 1eanDonostia 2016 eta Donostia Kulturaren egitasmoak milaka lagun bilduko ditu

Olatu Talkaren 150etik gora partaidek asteburu honetako jarduerak aurkeztu zituzten atzo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostia «hankaz gora» jartzera dator Olatu Talkaren bosgarren aldia. Ostiraletik igandera bitartean eta ekainaren 1ean, hiritarrek proposatutako 250 jarduera baino gehiago egingo dira auzoetan, sei ataletan banatuta. Antolatzaileen esanetan, aurten inoiz baino proposamen gehiago jaso dituzte, eta milaka pertsonak parte hartzea espero dute asteburu honetako ekitaldietan. Aipatutako sei atal horiekin batera, hiriaren gune estrategikoetan arlo tematiko zehatzak jarri dituzte, hala nola zinema 2016ko gunean, arte eszenikoak Errege Katolikoak kalean, tailerrak eta merkatuak Bilbo plazan, komunikazioa Okendo plazan, kirola Katalunia plazan eta Saguesen, elkartasuna Cervantes plazan eta arte plastikoak Gipuzkoa plazan.

320 erakunde eta inoiz baino parte hartzaile gehiago bilduko ditu aurtengo jaialdiak, baina oraindik bada hainbat ekitalditan izena emateko aukera: Garbibai Urumearen ibaiertzak garbitzeko eta Stand up paddle lasterketan parte hartzeko egitasmoa, Culinary market show Basque Culinary Centerreko sukaldari Aitzol Zugaztik Bretxan eskainiko duen showcooking-a eta Sukaltalka janaria prestatzeko tailer sorta.

Programaren nondik norakoak jarraitzeko aukera izango da Internet eta sare sozialen bitartez. Kaleetan QR kodeak dituzten biniloak izango dira, eta sakelakoaren bitartez egitaraua eskuratzeko aukera eskainiko dute. Horrekin batera, Olatu Talkaren Facebook eta Twitter kontuetan etengabe eguneratuko dute ekitaldi bakoitzaren informazioa, eta webgunean jarriko dituzte azken orduko aldaketak.

Hain zuzen ere, sare sozialak erabilita lehiaketa antolatu dute Instagramen. Bi lehiaketa mota egingo dituzte: bata Donostia hiriaren argazkiekin eta bestea Astindu hiria! Olatu Talkaren leloarekin lotutakoekin. Irabazle bakoitzak bi lagunentzako Petritegi sagardotegian afari bat jasoko dute sari moduan. Jaialdiko gainontzeko parte hartzaileek ere izango dute saria; izan ere, igandean milaka lagunek bazkaria egingo dute Easo kalean, Bertakoa jan, osasuntsu bizi lelopean.

1. Talkalive

Zuzeneko musika eskaintza jaialdiko ekitaldi zabal eta pluralena izango da. Ostiraletik igandera bitartean, ehundik gora kontzertu eskainiko dituzte hiriko auzoetan. XpressionK, Taupa produkzioak, Red Ribbon Music eta MPR produktions taldeek antolatu dituzte jarduerak, Sshops Donostiarekin batera. Hala, helburua da Donostiako eta inguruko musika taldeek zuzeneko emanaldiak ezohiko tokietan eskaintzea. Ostiralean 11:00etan hasiko da jarduera, eta auzo guztietako denda, taberna, ile apaindegi, eta bestelako tokietan zuzeneko musika entzungai izango da igandeko 20:00ak arte. Paul San Martin, The Wanabees, Ibon Casas, Iker Lauroba, Joseba Irazoki, Abas Dsk, Mundu Unplugs the Ramones, Suit Up, Soul Kitchen, FAB eta Maluk hiriaren hainbat puntutan izango dira, besteak beste, eta baita inguruko lekuetan ere, hala nola Hondarribian, Hernanin, Andoainen, Irunen eta Zugarramurdin. Musika zuzenean egitasmoarekin batera, Musikalez, Txalaparta Hutsa, Hamabostaldi ibiltaria, Avenit, Soinuaren olatuak eta Nauticool Fever Tree jarduerak ere egingo dira, besteak beste.

2. Sukaldanitzak

Asko dira sukaldaritza eta jatekoa biltzen dituzten jarduerak aurtengo jaialdian. Nagusia larunbatean izango da; egun horretan, Donostiako hainbat elkarte gastronomikok munduko sukaldaritzen tailerrak antolatu dituzte, eta ondoren, bazkaria egingo dute. Japonia, Peru, Brasil, Maroko, Mexiko, Nigeria, Ekuatore Ginea, Errusia, Azerbaijan, Ijito komunitatea , Kolonbia eta Nikaragua herrialdeetako janariarekin platerak prestatzen irakatsiko dute herrialde horietako elkarteek. Horrekin batera, jaialdiaren hiru egunetan StrEat, Sukaltalka, Afari esCena, Culinary market show, Tolosako piknika, Pequeños Gourmetes eta Que no te den gato por liebre jarduera gastronomikoak egingo dira.

3. Hackathon

Teknologia berriak ere protagonista izango dira jaialdian. Pintxo Developer taldeak tailerrak antolatu ditu hiru egunetan, Easo kaleko 2016 gunean, eta bertan, bideo jokoak egiten irakatsiko dute. Maratoi baten moduan, parte hartzaileek 48 ordu izango dituzte taldeka bideo joko bat sortzeko. Tailerrak beste diziplinetako jarduerekin tartekatuko dituzte, hala nola Eraldalab, KaleSoundSystem eta Zero Urtea-rekin.

4. Haurbanistak

Haurrak ere hiritar aktiboak gogoratzeko helburuarekin, hiriaren arkitekto bihurtuko dituzte asteburuan. Maushausek eta Donostiako ikastetxeek elkarlanean sortutako egitasmoetan, haurrak hiriko kaleetan murgilduko dituzte, ikusten dutena eta aldatuko luketena arte plastikoen bidez adierazi dezaten. Ondoren, erakusketa antolatuko dute Amara Berri ikastetxean. Hirigintzarekin lotutako beste egitasmo batzuk ere egingo dira, esate baterako, Plaza publikoa berreskuratu, Krisiaren kontrako aholkularitza arkitektonikoa, Zubi Sweet Home, Denon artean Añorga eta ¿Reconoces San Sebastián antes de 1813?.

5. Infusioak

Antolatzaileen esanetan, geroz eta zailagoa da parte hartzaile amateur eta profesionalen artean bereiztea. Hain zuzen ere, bien arteko harremanak estutzeko helburua dauka Infusioak atalak. Diziplina ugari landuko dira sail honetan, hala nola dantza, antzerkia eta argazkilaritza, besteak beste. Jardueren artean izango dira Altzaquillo, Sagasti eder printzesa eta Granadako boabdil, Mugitzen konpartsak eta Amar(a)rgazki.

6. Ziklobia

Mugikortasunaren atalak ekainaren 1eko egun osoa hartuko du. Egun horretan, errepideak motorrik gabe dabiltzan guztiei irekiko zaizkie, hala nola oinezkoei, txirrindulariei eta patinatzaileei. Donostia, Astigarraga eta Hernani lotuko dituen egun osoko ibilaldia prestatu dute Kalaipek eta hiru udalek, eta dantza, musika, azokak, janari postuak, kirola eta piknika egiteko eremuak antolatu dituzte. Ziklobiak egun propioa izango du lehen aldiz, eta baita esku programa ere. Espazio publikoari ezohiko erabilera ematea da helburua, eta ibilaldiarekin batera, Bicycle film festival, Longboard eguna, Gros kirolez blai, Ibil zaitez eta pedalei eragin eta Cityslackers antolatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.