Badelako nonbait argia

Astelehenean amaituko dute 'Izarren argia' lana filmatzen, Hondarribiko Guadalupeko gotorlekuan

Ainara Gorostitzu.
Hondarribia
2009ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Belaunetik beherakoak dituzte guztiek soineko marroi edo berdekarak, 30-40ko hamarkadetako estiloan. Inork ez darama kolore biziko arroparik. Takoi baxuko zapatak daramatzate batzuek, alpargatak besteek, oso erabiliak denak.Bi biribiletan daude emakumeak eserita; batean jokoan ari dira; bestean, tertulian. Adinekoak zein gazteak, guztiak denbora ematen ari dira. Zain. Eguzkia hartzen batzuk, itzalean besteak. Kartzela bateko patioan bezala, segundoak ordu luzeak bezalakoak dira emakumezko horientzat.Preso daude Saturrarango kartzelan (Mutriku, Gipuzkoa). Bat-batean, goitik behera beltzez jantzita doan gizon bat igaro da emakumeen erditik, elastikoan Azkena rock 2004 jartzen duela. Gizonezkoak emakumeek osatzen zuten eszena hautsi du. Eta 1938koa irudi lezakeen erretratu hori fikziozko pelikula batekoa dela erakutsi: Izarren argia filmeko eszena.

Gaur amaitu behar zuen Mikel Ruedak bere lehen lanaren filmaketa, Guadalupeko gotorlekuan (Hondarribia, Gipuzkoa). Baina astelehenera arte luzatuko dira duela sei aste Azpeitiko esklaben komentuan hasitako filmatze lanak. Gaixo amaituko du filmaketa Ruedak, gripearekin. Herenegun bakartu ere egin zuten, A/H1N1 gripea zuelakoan. Bufanda lepoan eta mantapean ari da aginduak ematen. Fokupean eta kameren aurrean, Barbara Goenaga, Estibalitz Gabilondo, Itziar Lazkano eta Alexander Bermudez aktoreak daude. Victoria eta Sagrario ahizpa presoak, Pantera Zuria ama nagusia eta Victoriaren seme Raul. «Zuk Emilianaren alabarena bazenekien?», galdetu behar du Gabilondok. Baina sekuentziak ez du balio izan, ergatiboa ez duelako esan Sagrariok. «Ergatiboa! Ergatiboa!», oihuka altxatu da zuzendaria.

Filma zuzentzeaz gain, aktoreen zuzendaritza eta gidoia idaztea ere Ruedaren lanak izan dira. «Hasieran izu-ikara nuen, niretzat lehen film luzea delako, baina taldea oso profesionala da, eta antzematen eta eskertzen da». Agerikoa da filma buruan ikusten dutela denek, asko entseatu dute, «ideiak argi ditugu». Baina badago aldaketarako tarterik. «Hobetzeko bada, unean-unean mugimenduren bat aldatzen dugu; ni film laburren mundutik nator-Cuando corres, Present Perfect, Érase una vez eta El carrito egin ditu- , eta horrek asko laguntzen du aldaketetarako irekita egoten». Horretan guztian, Kalo Fernandez Berridi argazki zuzendaria izan du lehen helduleku zuzendariak; «niretzat, Jainkoa da». Bien artean oso estetika markatuko filma egin dute; «garai bateko istorio tradizionala izaki, normalean errealizazio eta kolore aldetik, oso klasiko jokatu ohi da, eta guk hortik ihes egin nahi izan dugu, errealizazio markatuagoarekin, pertsonaietan oinarrituriko plano itxiekin, oso estetika zikina erabiliz, pikorta askorekin, hondo desenfokatuarekin...». Protagonistek sentitzen duten ezinegona ikusleei helarazi nahi die Ruedak estetikaren bidez, «jendea drama horretan sar dadin nahi dut».

Hirurogei lagunek osatzen dute talde teknikoa, eta lehen mailako talde artistikoa 35 aktorek: 20 aktore nagusi eta 15 bigarren mailakok. Baina figuranteak zenbatuta 1.100 lagun inguruk osatu dute Izarren argia-ren lan taldea. Film handi bat da, Baleukok ekoitzirikoa, bi milioitik gorako aurrekontua duena. Zail daisiltasuna gordetzea filmaketan, hainbeste jenderen artean. Umeek jolas egin nahi dute.

Muturreko istorioak

1938tik 1944ra 1.500 emakume inguru izan ziren preso Saturrarango kartzelan, eta 1.500 emakume haietako batzuen istorioa kontatu nahi izan du Ruedak film koral honetan. «Istorio pertsonaletan sartu nahi izan dut. Muturreko bizipenak egokituko zaizkien emakumeen larruan sartuta». Errepublikazaleak izateagatik kartzelatu dituzten emakume hauetako askori (Goenagak, Gabilondok, Klara Badiolak, Itziar Ituñok, Sara Cozarrek eta Garbiñe Insaustik gorpuzturiko pertsonaiei, besteak beste) haurrak kendu dizkiete, horra hor muturreko egoera. Baina nonbait argia ikusiko dute. «Hortik ateratzeko eta aurrera egiteko zeri heltzen dioten kontatu nahi izan dut, itxaropenari egindako film bat baita».

Dramaren testuingurua besterik ez da 36ko gerra. Helena Tabernaren La buena nueva-n ere 36ko gerra izan zuen atzean Goenagak, baina jokatu dituen bi pertsonaiak erabat desberdinak direla dio. «Zerikusi gutxi dute nire pertsonaiek. La buena nueva-ko andrea alargun gelditu zen, baina kartzelatik kanpo borrokatu beharra izan zuen. Pertsonaia hau kartzelan dago, hor dago haren borroka».

Ruedak kartzelan egon ziren andre haiek elkarrizketatu eta filmatu zituen, eta dokumentu horiek izan dira pertsonaiak lantzeko abiapuntu. «Gero, neuk pertsonaia horretatik zer dudan barruan atera dut». Berokia jantzita mintzo da aktorea, hotzak. Bost ordu daramatza filmaketa lanetan, plano eta kontraplanoak filmatzen, 09:00etatik. 20:00ak arteko lana dute. Gotorlekuan hezetasun handia dago, eta eguzkiak argitu bai, baina ez du berotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.