DURANGOKO AZOKA

"Badok aplikazioak euskal musika gehiago entzutea ekarriko du"

Durangoko Azokako areto nagusian aurkeztu dute, Martxelo Otamendik, Jon Eskisabelek eta Pello Urzelaik. [berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2261/[/berriatb]

2014ko abenduaren 7a
18:08
Entzun

Badok euskal musika hedatu eta sustatzeko sortua da, eta zeregin hori gero eta eraginkorrago betetzen ari da. Zeregin horren barruan, musika  entzuteko aukera ematea garrantzia berezia du. Maiatzetik atzora arte, Badok-ek 216.150 entzunaldi ahalbidetu ditu. Gaur aurkeztu dugun aplikazioak euskal musika gehiago entzutea ekarriko du, aukera berri bat zabalduko duelako telefonoen bidez musika bilatu, deskubritu eta entzuteko ahalmena erraztuz”.
Badok-en aplikazio berria aurkeztearekin batera, Badok Berriaren Euskal Musikaren atariak berritu denetik hona, hau da, maiatzaren 29tik gaur arte, eman duena datuetan laburbildu dute Berria-ko zuzendari Martxelo Otamendik, IKT arduradun Pello Urzelaik eta Badok-en arduradun Jon Eskisabelek.

Badok eskuko telefonoetarako aplikazioa eskuragai dago Google Play (Android) eta Apple Store (iOS) dendetan, dohainik. “Erabilgarria, osoa eta maila handikoa da Badok aplikazioa”, nabarmendu du Pello Urzelaik. Funtsean, webgunearen eduki berberak eskaintzen ditu. Atal nagusiak (Azkenak, Aldizkaria, Musikariak, Zerrendak, Zuzenean,…) erabiltzeko aukera ematen du, musika entzuteko aukera ematen du, bilatzaile eraginkor bat eskaintzen  du eta kantuak, zerrendak eta diskoak Facebook, Twitter, WhatsApp, sms eta posta bidez banatzeko aukera ematen du.

Musika entzuteko aukerari dagokionez, “webgunean baino konplexuagoa izan da funtzionalitate hori telefonoen teknologiara egokitzea, baina Ideable enpresak egindako lan bikaina dela medio emaitza ona izan da, plataforma digital batzuek ezarritako zenbait murrizpen izan arren”, azaldu du Urzelaik. Dena den, aplikazioa ez da mahai gaineko bertsioaren ordezko bat, baizik eta osagarri bat. “Bien artean euskal musika ezagunagoa, maitatuagoa eta entzunagoa izatea espero dugu”, gehitu du.

Oro har, Badok “euskal musikaren ispilu ezin hobea da”. Bertan biltzen da euskal musika. Guztira, 430 talde, 2.081 eta 19.603 kantu daude katalogatuta. Kantu horietatik 13.352 enztun daitezke Badok-en bidez. “Esan dezakegu entzun entzuten dela euskal musika Badok-en bidez , maiatzetik hona zenbatutako 216.150 entzunaldiek erakusten dutenez.

Azken hilabetotan, Badok-en webguneak 117.606 bisita izan ditu. Trafiko gehien izan duen hilabetea urria izan da 34.695 bisita kopuruarekin, batez ere, Berri Txarrak taldearen bigarren singlea, 'Lemak eta aingurak' kantua, Badok-en bidez zabaltzeari esker.

Hona hemen aurkezpenean erakutsitako diapositibak:
 

Jon Eskisabelek nabarmendu duenez, Badok lortzen ari da tresna garrantzitsu bat izaten euskal musikarientzat. "Musikariek beraiek eskertzen digute eta galdetzen digute nola egin behar haien musika Badok-en agertzeko", azaldu du Badok berritzea euskal musika "aro digitalera" egokitzeko saio bat da, eta azken hilabeteotako datuen arabera, emankorra gertatzen ari da, Jon Eskisabelen ustez.

Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak euskal kulturaren alde egindako ekarpentzat jo du Badok, bere sorreratik. Halaber, garai berrietara egokitzeko ahalegina nabarmendu du. "Badok bezalako ekarpenak posible dira, Berriak lagun asko dituelako, berrialagunen komunitateak posible egiten du bidean aurrera egiten".

Erabiltzeko oharrak

Dohainik deskargatu daiteke Google Play eta Apple Store dendetan. Aplikazioa irekitzean, edukiak ageri dira, azken kantu eta bideoetatik hasita. Scroll horizontalaren bidez, azken hamar kantuak eta azken hamar bideoak ikusi eta aukeratu ahal dira. Scroll bertikalaren bidez, Badok-en atal nagusien azken edukietara iritsiko da: Azkenak, Zerrendak, Aldizkaria eta Zuzenean. Goiko aldean, menua irekitzeko botoia eta bilatzailea aktibatzeko botoia daude. Musikariak atalera sartzeko, menutik aukeratuz edo bilatzailea erabiliz egin daiteke.

Talde edo artista bakoitzak bere txokoa dauka, web bertsioan bezala: diskografia osoa, gehien entzundako kantuen zerrenda, biografia, bideoak eta talde erlazionatuak. Diskografiak egilearen disko guztiak erakusten ditu, eta disko bakoitzak bere kantu guztiak.

Gaur egun, 428 talde edo artista, 2.075 disko eta 19.536 kantu daude katalogatuta Badok-en. Kantu horietatik guztietatik, 13.292 abesti entzugai daude, plaforma digital ezberdinak erabilita. Badok-en aplikazioan musika entzuteko, kantu bakoitzaren pantailatik egin behar da. Entzuteko modua soinu iturriaren arabera aldatuko da. Badok-ek honako musika iturri hauek erabiltzen ditu: Badok, Bandcamp, SoundCloud, Youtube, Deezer eta Spotify.

Musika iturria Badok, Bandcamp edo SoundCloud bada, kantuaren irudian play botoi berde bat agertuko da, eta bertan ukituz Badok-en erreproduzitzailea aktibatuko da eta hasiko da entzuten. Aipatutako iturria duten kantuekin zerrendak osatu ahal dira, + sinboloa erabilita, eta erreproduzitzailearen bidez kantutik kantura pasa edo zerrenda ezabatu ahal da. Erreproduzitzailea kendu nahi izanez gero, zerrenda ezabatu besterik ez da egin behar.

Musikaren iturria Youtube denean, Entzun Youtuben izeneko botoi bat agertu da, eta bertan ukituta Yotuberen aplikazioa ireki eta bertan entzungo da kantua. Musikaren iturria Deezer edo Spotify bada, Entzun Deezerren edo Entzun Spotifyn botoiak agertuko dira. Horietan ukituta dagokion aplikazioa irekiko da, baina kantua entzun ahal izateko beharrezkoa da aipatutako plataformetan premium kontu bat izatea.

Azkenik, Badok aplikazioak kantuak, diskoak eta zerrendak banatzeko aukera ematen du: Facebook, Twitter, posta elektroniko, SMS edota Whatsappen bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.