Baginari buruz, lotsarik gabe

Hainbat emakumeren sexualitateari buruzko testigantzak taularatuko dituzte Donostian Aitziber Garmendiak eta Ainhoa Garaik'Baginaren bakarrizketak' antzezlana bihar eta etzi eskainiko dute Antzoki Zaharrean

Aitziber Garmendia eta Ainhoa Garai aktoreak ariko dira oholtza gainean. TXALO PRODUKZIOAK.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
«XXI. mendean uste dut badela garaia gai honi buruz argi hitz egiteko, eta hala egiten da obra honetan». Emakumearen sexualitatea da Ainhoa Garai aktoreak aipatzen duen gai hori. Andrazkoek beren sexualitatea lotsa edo erruduntasun sentimenduz bizi izan dute, eta hainbatek hala bizi dute oraindik ere. Joera hori hausteko helburuarekin, lotsarik gabe mintzatuko dira gaiaz Garai eta Aitziber Garmendia aktoreak Baginaren bakarrizketak antzezlanean. Txalo Produkzioak-en eskutik eta Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, Donostiara iritsiko da euskarazko obra. Antzoki Zaharrean taularatuko dute, bihar eta etzi.

Emakumeen sexualitatearen inguruan «naturaltasun osoz eta argi eta garbi» hitz egiten dutela azaldu du Garaik, eta horixe da, hain zuzen ere, «obraren arrakastaren arrazoi nagusietako bat» aktorearen ustez. Bakarrizketa formatuan mintzo dira bi aktoreak taula gainean, baina bien arteko elkarrizketa batzuk ere badira tarteka. Hainbat emakumeren benetako testigantzak dira beren gidoia, eta «onerako nahiz txarrerako» benetakoak direla nabarmendu du Garmendiak. Izan ere, emakumeen hitzetan maiz umorea nagusitzen bada ere, «dena ez da komedia, drama puntuak ere baditu antzezlanak». Umorea, samurtasuna eta hainbatetan izua tartekatzen dira hizketaldietan.

Eve Ensler feminista eta ekintzaile estatubatuarrak 1996an idatzi zuen Baginaren elkarrizketak (The Vagina Monologues). Lagun arteko hizketaldietatik sortu zitzaion obra lantzeko ideia, eta askotariko egoera, adin eta jatorritako 200 emakume baino gehiago elkarrizketatu zituen. Haietariko batzuen testigantzak bakarrizketa bihurtu zituen, eta dozena batek osatzen dute obra. Sexua, maitasuna, hilekoa, masturbazioa, erditzea, bortxaketa edo ablazioa dituzte hizpide. Ordutik mundu osoan antzeztu da obra, hainbat hizkuntzatan. Inma Infiestak euskaratu du testua, eta lan bikaina egin du Garmendiaren ustez, ez baitzuten espero «baginaren inguruan euskaraz hainbeste hitz zeudenik, eta bai, badaude!».

Antzezten dituzten hamabi rolak bata bestetik guztiz ezberdinak dira. «Oso komikoak direnak badaude, baita erdibidekoak ere, eta oso dramatikoak direnak ere bai», Garmendiaren hitzetan. Kontraste horiek nabarmendu ditu Garaik ere, «ablazio eta bortxaketez hitz egitetik terapiara bere bagina bilatzera doan emakumearen istoriora» doazelako. «Errusiar mendi bat bezalakoa da, publikoa etengabe ari da pentsatzen ea orain zer datorren».

Lotsarik gabe tratatzen dituzte gaiak, eta gaur egun «antzerkitik kanpo, bizitza errealean»horretarako zailtasunak badaudela uste dute bi aktore gazteek. «Oso aurrerakoitzat daukagu geure burua, baina benetako momentua heltzen denean, nire ustez oraindik ere tabua da gai hori». Eurek ere lotsa ez, baina «pudore puntu bat» sentitu zuten obra prestatzen hasi zirenean, «agian horregatik, benetan ez delako hain natural edo eroso ikusten sexualitateaz hitz egitea». Estreinalditik hona, bi hilabeteotan dozena bat emanaldi eskaini dituzte, eta bakarrizketak hainbeste aldiz errepikatuta, eurak ere naturaltasun osoz aritzen dira.

Ikusle gehienak, emakumeak

Publikoa, berriz, horrelako lanak ikusteko prest dagoela uste dute. «Izenburua bera dagoeneko nahiko erakargarria da, eta jendea animatzen da. Halako gauzak entzuteko prest badaude, eta egia da hasieran barre urduri gehiago entzuten direla eta publikoan lotsa apur bat sumatzen dela, baina gaiak aurrera joan ahala askatu egiten da». Emakumeak izan dira nagusi eserlekuetan orain arteko emanaldietan, nabarmen. «Elkarrizketa guztietan esaten dugu obra hau gizonezkoentzat ere badela, baina ez dakit ba, beldurra emango die edo!», dio Garmendiak, barre artean.

Bakarrizketak egin dituen lehen aldia da Garairentzat, eta aktore gisa «salto handia» izan den arren, oso gustura dabil. Garmendiarentzat ere «plazer bat» izaten ari da bere lana, «batez ere hain ezaguna den testu bat euskaraz egiteko aukera izateagatik».

Intereseko antzezlanak euskaratu eta taularatzeko urteetako bideari jarraipena ematen dio Txalok obrarekin, Xabier Agirre ekoizle buruaren hitzetan. Mundu osoko antzokietan erakutsi ostean, orain euskarazko bertsioa izaten ari den harrerarekin oso pozik agertu da. Euskaraz egiten den antzerkiaren krisiaz hitz egiten den garaiotan, izaten ari diren arrakastarekin «pixka bat harrituta» ere agertu da. Emanaldi batzuetan jendea ezin sarturik geratu izana jarri du horren lekuko. «Guk behintzat espero ez genuen halako fenomeno sozial bat gertatzen ari da, eta krisi garaiotan horixe azpimarratuko nuke, lur jota ere ez gaudela!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.