'ZALDI BAT'
Idazlea. Maddi Ane Txoperena. Argitaletxea. Txalaparta.
Zaldi bat du izenburua Maddi Ane Txoperenaren hirugarren nobelak, aldarrika eskatzen du, ordea, berez bezala formulatzen den azpizenburua: zaldi bat, baina ez edozein. Izan ere, ez da aditua izan behar ondorioztatzeko paratestutik bertatik espazio guztia hartzen duen zaldiak berebiziko garrantzia izango duela nobelan. Eta hala da, sorpresarik ez horretan, zaldi bat izango du irakurleak trostan obra osatzen duten hamalau kapitulutan zehar. Baita protagonistak ere, Mirenek. Ama izan berritan, egunero, etxe ondoko mendixketara eginiko joan-etorriak baliatuko ditu bere buruarekin bakarrik egoteko, distantzia eta arnasa hartzeko. Une horietan, ostera, ibilaldi fisikoan baino ibilaldi psikologikoan bertaratuko da, ibiliak bere iragana, eta, zehazki, bost urte lehenago hil zen Unai berpiztuko balitu legez. Analepsia edo iraganera begirako salto horietan guztietan zaldi bat agertuko zaio protagonistari, eta elementu horrek, ezinbestean, ez animalia soil baten legez bakarrik, ezpada, kasik, memoria-leku baten gisan funtzionatuko du. Noiz grisago eta noiz marroiago testuratzen zaigun zaldi zehatz horretan gurutzatuko dira nobelak proposatzen dituen irakurketa eta erregistro posibleak; haren bitartez osatzen da pertsonaia nagusiaren bizitzako puzzlea ez ezik, obraren alderdi sinbolikoa ere.
Hain justu, memoria-ariketa bat bezala, zatikatuta eta biderkatuta testuratzen dira gainontzeko alderdi teknikoak: istorioa bera ez zaigu hasi eta buka kontatzen, ardatz kronologikoa guztiz iraulita eta elipsiz beterik baitakarkigu, hainbeste non irakurleak berreraiki behar duen guztia puskaz puska. Zatikatuak eta askotarikoak dira, era berean, ahotsak ere: narratzaile nagusi bat daukagu, lehen pertsonan hitz egiten diguna, baina, autoreak, tarteka, jolas egiten du bestelako narratzaile mota batzuekin, pertsonaia gehiagoren lekukotasunak eta perspektibak eransteko helburuz-edo. Horren bitartez, obrak konplexutasunean irabazi du duda barik, baina, aitortu behar dut salto horietan galdu naizela gehien. Ez dut esango gustatu ez zaizkidanik, irakurle bezala erne egotera bultzatu bainaute. Ordea, horrenbeste konektatu dudan ahotsetik atera naute aldiro. Irudipena dut, hala ere, «kaos» txiki hori obrak proposatzen duen jolasaren parte ere badela, eta hala ulertuta, oztopo bat baino, galdera edo erronka bat bezala interpretatu dudala.
Nobelak puzzle baten gisan funtzionatzen duela aurreratu digu argitaletxeak, Txalapartak; berdin-berdin erabil ditzakegu collage edo patchwork hitzak ere. Edozein delarik ere aukeratzen dugun irudia edo ideia, azkenaldi honetan euskal literaturan, eta, zehazki, euskal nobelan nagusitzen ari den norabidean kokatuko gaitu euretariko edozeinek. Eta, nik neuk, Maddi Ane Txoperenaren Zaldi bat ere unibertso literario edo erronka estetiko horretan ulertu dut. Badu, ostera, bereizgarririk: iruditu zait zaldiarekin sortu duen lengoaia poetikoak ahots propioa aurkitzeko aukera eskaini diola autoreari, baita nortasun propioa eman ere nobelari; beste proposamen bat azkenaldiko euskal narratibaren olatuan, baina ez edozein.Â