Aldi berean egiten zuen Tomas Transtromerrek ospitale psikiatrikoetan lan eta poesia idatzi. Bi eginkizunok egin ditu bizitza osoan zehar, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran garun-isuria izan zuen arte. Bitxia da, baina urte batzuk lehenago gaixotasun bera izan zuen mintzagai bere poemetako batean: «Orduan iritsi zen garun-isuria: paralisia eskubiko alderdian / eta afasia, soilik esaldi laburrak ulertzen ditu, / hitz ezegokiak esaten. / Horrela ez dute ez txalogarri ez arbuiagarri izaterik lortzen. / Baina musikak badirau, konposatzen darrai betiko estilo berean». Geroztik ezin da mintzatu, baina idatzi, idazten du. Poeman dioen legez, musikak badirau.
Psikologia eta poesia, olerkariaren bi zaletasunak. Bateon batek esan lezake poesia estetikoa dela suediarrarena. Ezusteko irudien loturak bilatzen ditu poemetan, honako bertso-lerro hauetan, esate baterako: «Belarrak badu nagusi berde bat. / Bere aginduetara jarri naiz». Edertasunera hurreratzen da Transtromer, baina ez da efektismoan erortzen. Irudiek beti-beti dute zentzua. Ospitaletan igarotako egunek laguntzen diote horretan, oinak lurrean jartzen. Irudiak goragoko asmo baten mende daude beti: giza arimaren alderdi ilunenak aztertu eta azaltzea. Humek idatzi zuen sublimea izateko artelanak behar duela alde ilun bat. Ondo baino hobeto daki hori Transtromerrek.
Poesia garbiaren aldeko hautua egiten du. Ikusten duen hura ekartzen du poemara. Eta poeta bera urtuz doa, ezkutatzen, poesiak hartzen du bere lekua: «Ederra da ikustea poema hazten / ni txikituz noan heinean. / Haziz doa, nire lekua hartzen du. / Ordezkatu egiten nau. / Habitik botatzen. / Listo: egina dago poema».
Natura, heriotza, artea, politika izan ditu mintzagai. Ez du gehiegi idatzi. Bere poesia ez da irakurterraza baina maite du irakurleak. Bere hitzek badute liluratzen zaituen zerbait. Poesia ona izango da. Irakur, bestela, beste poema hauxe. Nire kutunetako bat: «Ekaineko goiza, esnatzeko goizegi, / beranduegi, ordea, berriz ere lokartzeko. / Oroitzapenez betea dagoen berdetasunean / sartu behar dut, eta beraiek begiradarekin jarraitzen naute. / Ez dira oroitzapenak ikusten, hondoarekin erabat nahasten dira, kamaleoi perfektuak. / Beraien arnasa entzutear nago, / baina gorgarria da txorien kantua».
Poeta handia dugu Tomas Transtromer. Ezbairik gabeko Nobel Saria, azkenean.
Iritzia
Baina musikak badirau
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu