Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Baina zergatik?

2025eko ekainaren 22a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Benjamin Myers kazetariak ia 17.000 karaktereko artikulu bat idatzi zuen 1,316 segundo luze den abesti bati buruz TheQuietus agerkari digitalean. Lau hitz ditu soilik aipatu kantuak: «You suffer, but why?». Sufritu egiten duzu, baina zergatik? Askoz ere hanpatuagoa da artikuluaren titulua, gutxi gorabehera honakoa dioena: «Sufritu egiten duzu: nola segundo bakarreko kantu batek ordezkatzen duen antsietatearen aroa». Harrapazank, Txiribiton.

You Suffer deitzen da kantua, asmatuko zenuten honezkero. Napalm Death grindcorearen aitzindariek sortu zuten, abesti laburrez osatutako errepertorioko laburrena. Horren zen apartekoa, Guinness liburuan sartu baitzen. «Txantxa bat izan zen hein handi batean. Erabat atzeratua. Erridikulua da, baina barrez lehertzekoa izan zen». Hala oroitzen du Justin Broadrick gitarra joleak, baina Myers idazlearentzat hori baino askoz esangura sakonagoa du abestiak. Artikuluan Lou Reed, John Cage, Vincent van Gogh, Francis Bacon, Marcel Proust eta Jane Austen izendatzen dira, besteak beste, eta ez da gutxiagorako, Edward Munchen Garrasia margolanaren pareko garrantzia eta indarra duen obratzat baitauka gazte ingeles haiena.

Ez da nire asmoa Benjamin Myersez trufa egitea edo musika kazetaritzaren hiperbolerako joera agerian uztea. Tira, ez hori soilik, behintzat. Gertatzen baita pantaila zuriaren aurrean jartzeko aitzakia zein zen ahaztu eta norberaren obsesioetan enegarrenez laketzea; ustez musika molde jakin baten analisia zena hiru silabatik gorako hitzen kateatze huts bihurtzea; ogi xigortuan Jesu Kristoren aurpegia topatu nahian aritzea.

Kritikariak musikari frustratuak omen gara, hala dio topikoak. Badugu idazle frustratutik ere, bistan da. Gertatu izan zait musikari bat elkarrizketatzera joan eta nire irakurketa ustez sakonaren aurrean sortzaileak askoz ere ikuspegi lurtarragoa ematea. «Halaxe atera zaigu, ez dakit ba». Gauzak horren sinpleak badira, zertarako horrenbeste buruhauste? Idatzi egiten duzu, baina zergatik? TheQuietus ataria gidatzen duen John Dorani irakurri nion: «Musikaz ari garenean, bizitzan garrantzitsua den beste guztiaz ere ari gara sarri». Gehiegitxo, igual. Baina zer da ba musika, bestelakoetarako aitzakia eder bat ez bada?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.