Baionako Euskal Museoko eta Gordailuko metala urtuz egin joareak aurkeztu ditu Nader Koochakik

'Museoa Urtu' deitu dute Nader Koochakik aurkeztu duen egitasmoa. 54 joare ekoitzi ditu metalezko joare eta tresnetarik abiaturik. Haien soinua grabatuko du, eta neguan aurkeztuko du bilduma. Proiektua «eginkizun post-etnografiko» batean kokatzen du.

Nader Koochaki eta Jean Michel Barreix, Baionako Euskal Museoan. PATXI BELTZAIZ
Nader Koochaki eta Jean Michel Barreix, Baionako Euskal Museoan. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
BAIONA
2025eko maiatzaren 15a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi museoetako metalezko ondarea urtu, joare egin eta Zuberoako mendietako artzainei banatu. Nahiz eta sinplea iruditu, Nader Koochaki soziologo eta artistak kontatu du «bide luzea» egin duela Baionako Euskal Museoan aurkeztu duen Museoa urtu proiektuaren emaitza materialera arribatzeko. Lau urteko lanketa artistikoaren egiteko, Euskal Kultur Erakundeak, Baionako Euskal Museoak eta Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak lagundu dute Koochaki Euskal museoko eta Gordailuko metalezko tresnei «bizia ematen».

Lau urte hauetan, joare zaharrak eta nagusiki golde zatiak eta aizkora buruak urtu ditu Koochakik 54 joare egiteko eta ondotik Zuberoako mendietan banatzeko. Egitasmoa ez da bakarrik joare ekoizpenean mugatzen, sortuko duten «musika» grabatuko baitu Koochakik. «Ez da ohiko proiektua. Joareei erabilera aurkitu diet Zuberoako artzainen artaldeetan. Behin ardiei jantzirik, soinua grabatuko dut uda honetan, eta soinu bilketaren emaitza neguan aurkeztuko dut».

Funtsean, museoaren funtzioa galdekatzen du Koochakiren proiektuak. Haren irudiko, kontserbazio lana «erabat» aldatzen du Museoa urtu egitasmoak. «Museotik haratago erabilera bizi bat dute joareek, entzungai izanen baitira eremu bizi batean, mendian, udan eta manera librean». Hortaz, obren kontserbazioa «lan tresna» gisa hartu du artistak, proiektuaren ikuspegi zurrun eta zientifikoa urtu baitu haren ustez. «Galduko dugu orain arte izan dugun tratamendu kontserbazionista». Museoek obrak hartu, sailkatu eta erakusten dituzte, baina joareak lurraldean banatuz, Euskal Museoa «zeregin post-etnografiko» batean jarri du, Koochakik adierazi duenez.

«Museotik haratago erabilera bizi bat dute joareek, entzungai izanen baitira eremu bizi batean, mendian, udan eta manera librean»NADER KOOCHAKISoziologoa eta artista

Museoko joareen melodia mendietan aditu dadin, Jean Michel Barreix Urdiñarbeko (Zuberoa) artzaina hor zen Koochakiren ondoan, Euskal Museotik aterako den lehen joarea ukaiteko. Haren arabera, «plazer handiz» hartu zuen proiektuaren ideia, eta mendira igateko prest duen hirurehun ardiko artaldean emanen du joarea Barreixek. «Baionaraino jin naiz artaldean emanen dudan zintzarria hartzeko. Nader [Koochaki] jin zelarik, etxeko zintzarri bat prestatu nion haren irudiko bat egin zezan». Joarea eskuetan, proiektuaren «alde bizia» agerian eman du artzainak. «Biziki ontsa» iruditzen zaio etxaldean duela mende bat baliatzen dituen joareen irudikoak «bizirik» segi daitezen, artzaintza oraino luzaz bizitzeko obra sinbolikoa egin baitu Koochakik.

Ekoizpen prozesua

Museoetako metalezko ondarea zaharra denez, Koochakik zailtasunak izan ditu materiala urtzeko, eta, oro har, kexu da ekoizpen prozesua korapilatsua izan dela. Joare zaharrak ez bakarrik, goldeak, tira-perrak eta aizkora buruak urtu ditu joareen egiteko. Urtze teknika ez da ohikoa izan, lehenik joare egileak baliatzen duen joareari forma egiteko tola egitea ezinezkoa izan zaielako. Ondorioz, ekoizpen gehigarriaren teknika erabili zuten metala maneiatzeko. «Metala urtzeko gasarekin zati txikitan zatitzen da: atomizazioa deitzen da prozesu hori».

«Baionaraino jin naiz artaldean emanen dudan zintzarria hartzeko. Nader [Koochaki] jin zelarik, etxeko zintzarri bat prestatu nion haren irudiko bat egin zezan»JEAN MICHEL BARREIXArtzaina

Behin urturik, hots, metala salda moduko likido bat zelarik 3D inprimagailu industrial baten bidez forma eman zien joareei. Prozesua Donostiako ikerketa zentro batean hasi zuten, baina arazo tekniko batzuk tarteko, Alemaniara igorri zuten metala. Zikinkeriaz beteriko metala zen, eta Koochakik azaldu du atomizatzailea ere hautsi zuela. Ondorioz, metala urtzeaz gain, garbitu behar izan zuten atomizazio prozesua hasi baino lehen. Azken fasea, berriz, joare egile batek egin du, letoizko geruza bat emanez joare bakoitzari eta labe tradizional batean sartuz geriza finka zedin.

Soineko Paisaia’ osatuz

2023an Soineko Paisaia proiektua aurkeztu zuen Koochakik. Euskal Kultur Erakundeak eta Baionako Euskal Museoak bultzatu proiektua zen hura ere, eta haren segida da Museoa Urtu, Katixa Dolhare Zaldunbide Euskal Kultur Erakundeko lehendakariaren arabera. «Museoa Urtu ez da gaur hasi. Proiektu orokor baten bilakaera bat ikusten dugu egun. Soineko Paisaia egitasmoaren segidatzat hartzen ahal da egungoa». Horren karietara, EKEren misioetan sartzen da kultura eta ondarea baloratzea eta biziberritzea. Justuki, Dolhare Zaldunbidek uste du Museoa Urtu aurkeztuz erakustokiko «lau pareta mutuetatik» haratago zabalduko dutela haien xedea.

«'Museoa Urtu' ez da gaur hasi. Proiektu orokor baten bilakaera bat ikusten dugu egun. Soineko Paisaia egitasmoaren segidatzat hartzen ahal da egungoa»KATIXA DOLHARE ZALDUNBIDE EKEko lehendakaria

Bertzalde, erantsi du joareak objektu ederrak direla begietarako eta belarrietarako. Gainera, museoaren eta museotik kanpoaren arteko lotura eraikitzen dute. Izan ere, Dolhare Zaldunbidek gaineratu duenez, joareek hiriaren eta baserriaren lotura egingo dute, baina baita kostaldearen eta barnealdearen arteko lotura ere. Gordailuko objektuak ere ekoizpen oinarri izan direnez, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko zubia eraikiko dute joareek. Azken finean, Dolhare Zaldunbideren iritziz, «Koochakik ondarea sorkuntza iturri egin du, zintzarri berrietatik polifonia berri bat sortuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.