Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak Ane Lindaneri leporatu dio «eliza bateko aldare nagusira igotzea, gurutze batekin masturbatzen zela simulatzea eta bideoak sare sozialetan zabaltzea», atzo EHZ festibalean eman zuen bakarrizketaren karietara. Fundazioaren arabera, Espainiako Zigor Kodearen 525. artikuluan idatzirikoa hausten du. Ondorioz, bakarrizketalariak «eskarnio delitu bat» egin duela azpimarratu du. Gainera, abokatu taldearen iritziz, erlijioaren kontrako irainak despenalizatuko balira, «gertatutakoa errepikatzeko arriskua» dago.
Emanaldiaren ondotik sare sozialetan zabaldu zuen bideoak eragin du eskuin muturreko fundazioaren salaketa. Berrehun pertsona inguru ziren Arberatze-Zilhekoako (Nafarroa Beherea) elizan Lindaneren bakarrizketa denboran. Kontatu duenez, Elizan gertatu sexu erasoak salatzeko sortu zuen emanaldia, katolizismoaren erroak kolokan jartzeko. Bide batez, Euskal Herriko sare antifaxistak sare sozialetan adierazi du umorista antifaxista izatea ez dela delitu bat.
Olinpiar Jokoak
Abokatu Kristauen Fundazioak salaketa franko jartzen dizkio hainbat ekitaldiri. Iazko agorrilean, Frantziako Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldia salatu zuen. Izan ere, haren presidente Polonia Castellanosek erran zuen «nehoiz ikusi gabeko» giristinotasunaren kontrako ekitaldia zela. Ondorioz, «giristinotasunaren kontrako gorrotoa» arrastatzea galdegin zuen Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren aitzinean, sinadura bilketa bat eskuetan zuela.