Fermin Muguruzak berak gogoratu dio urteurrena Moskuri eta munduari: gaur duela 30 urte aurkeztu zuen Negu Gorriak taldeak Gure Jarrera diskoa. Taldearen bigarren lana izan zen, eta Esan Ozenki diskoetxearen lehenengoa. Twitterren zabalduriko txioa Euskaldunon Egunkaria-k horren harira argitaraturiko elkarrizketa batekin ilustratu du musikariak, Lorea Agirrek egun hartan eginikoa, baina, bi egun ondoren argitaraturikoa.
Duela 30 urte @negugorriak -ek Bertso-Hop diskodendan "Gure Jarrera" diskoa aurkeztu zuen, ESAN OZENKI diskoetxearen lehenengo erreferentzia.
— Fermin Muguruza (@muguruzafm) June 24, 2021
1991-06-24
"Negu Gorriak gara betirako gogoan".#EsanOzenkipic.twitter.com/LY89rffD2F
Urtebete lehenago Negu Gorriak (Oihuka) diskoarekin jendea harritu egin zuten, besteak beste ezkutuan gorde zutelako ekoizpen osoa, baita taldearen sorrera ere. Izan ere, 1989. urtean Kortatu taldea desegin osteko Muguruza anaien lehenengo egitasmoa izan zen.
Talde askorekin gertatzen da bigarren diskoaren sindromea delakoa, ez duenean lehenengoak sorturiko espektatibak betetzen. Halakorik ez zen gertatu Negu Gorriakekin, besteak beste, ordurako esperientzia handiko musikariak zirelako. Gure Jarrera-k hamazazpi kanta zituen, indarrez beteak, eta soinu borobilez grabatuak.
«Euskal Herriaren erradiografia gisako bat» egitea proposatu zion Xabier Montoiak Muguruzari, elkarrizketan kontatzen duenez. Aurreko diskoak «ipuin bildumak» bezalakoak zirela, eta, oraingoan, «nobela» bat osatu behar zela, osotasun bat edukiko zuen narrazio bat, kanten bidez eraikia.
Esan eta egin. Muguruza sei hilabetez benetako «negu gorri» batean sartu zen, buru belarri, hitz eta soinuzko nobela hori sortzen. Montoiaren Aitorpena poema erabili zuen Azkena kanta egiteko, eta Jon Maia Soriaren laguntza eduki zuen Lehenbiziko bala, Ez dezagun sal, Zipaioen matxinada, NG, geurea da garaipena eta Gora Herria abestietan.
1990ko abenduan Herrera de la Mancha (Espainia) espetxearen aurrean emaniko kontzertuan osaturiko musikari taldeak grabatu zuen lana: Kaki Arkarazo, Mikel Kazalis eta Mikel Abrego. Horrez gain, Angel Katarainek lagundu zien sampler-rekin, eta baita Okene Abregok.
Independentzia, zigilu
«Independentzia» izan zen Muguruzak Agirreri elkarrizketan sarrien esandako hitzetako bat. Izan ere, euren lanaren gaineko kontrol erabatekoa lortzeko falta zuten urratsa eman zuten diskoarekin: euren diskoetxe propioa sortzea. «Kortaturen Kolpez-kolpe diskotik aurrera egin ditugun lan guztiak autoprodukzioak izan dira», azaldu zuen musikariak. Hau da, eurek ordaindu zituztela grabaketak, azalen diseinua egin, hitzak sartu, eta bestelako lanak. «Diskoaren kontrol guztia geure gain hartu nahi izan dugu. Eta, noski, honek eskatzen zuen hurrengo urratsa zigilua sortzea zen».
Muguruzak iragarri zuen diskoetxea inguruko taldeak bultzatzeko erabiliko zutela. Gure Jarrera diskoa Negu Gorriak lana bezain ondo salduz gero, beste lan batzuk ateratzeko aukera edukiko zutela iragarri zuen. «Hau talde lana da».
Eta hala gertatu zen. 2001. urtera arte, 200 disko inguru argitaratu zituzten. Akauzazte, Anari, Kashbad, EH Sukarra, Etsaiak, Jabier Muguruza, Anestesia, BAP!!, Dut, King Mafrundi, Lisabo, Su Ta Gar eta Ruper Ordorikaren hainbat lan, beste askoren artean.
Baina jaio eta bi urtera, hiltzeko zorian egon zen diskoetxea. Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko teniente-koronelak salaketa jarri zien Negu Gorriak taldeari, Maia Soriari eta Angel Katarain soinu teknikariari, Gure Jarrera diskoko Ustelkeria kantuarengatik. Horretan, Muguruzak Arkarazori kontatzen dio Euskaldunon Egunkaria-n irakurri duen albiste bat. Galindo eta Intxaurrondo kuarteleko droga trafikoaren arteko harremanaren ingurukoa da informazioa.
Taldeari kalte-ordaina ematera zigortu zuten hasiera batean, eta debekatu egin zieten kantua zuzenean jotzea. Baina, 2000. urtean, musikariak errugabetu egin zituen Espainiako Auzitegi Gorenak.
1994. urtean, nazioarteko taldeen lanak argitaratzeko beste diskoetxe bat sortu zuten: Gora Herriak. Besteak beste, Aztlan Underground, Todos Tus Muertos, Banda Bassoti, Wemean eta Zebda taldeen diskoak plazaratu zituzten.
Bi diskoetxeak Negu Gorriakekin desagertu ziren, 2001. urtean. Hutsunea betetzeko sortu zen Metak zigilua.
«Zein da zuen jarrera?», galdetu zion Agirre kazetariak Muguruzari, diskoa eta diskoetxea estreinatu zituen egun hartan. «Independentzia, sozialismoa eta pirateria», erantzun zuen musikariak. «Eta Esan Ozenki». Baita ozenki esan ere.