Bakea, edo gerraren absentzia, ez baita bake baldin eta egoera guztiontzat orokortu ez bada. Donostia 2016ren ekimenez antolaturiko Stop War jaialdian ostiraletik parte hartzen ari diren hainbat eta hainbat garbi ari dira agertzen gerraren aurkako aldarriak edukiz betea izan behar duela —eduki kritikoz betea, gainera— aldarri huts eta polit soil izan ez dadin.
Inna Modja kantari maliarrak «gabon, Donostia» esanez hasi zuen ostiral gaueko kontzertua, Maria Kristinako zubian atondutako agertokian, eta jarraian azaldu zuen Malin asko eta asko direla ur garbirik gabe bizi direnak, haurrak batez ere, eta gune gatazkatsua izan dela urte luzez. Alegia, bake falta batzuek pairatu dutela gehiago. Hiru disko ditu kaleratuak Modjak, eta kantu zahar eta berriagoak uztartu zituen kontzertuan, disco musikaren, soularen, poparen eta elektronikaren oihartzunez. Motel Bamako iaz kalareturiko laneko kantuek azaldu zuten nortasun eta indar handiena. Haren aurretik, Niña Coyotek eta Chico Tornadok rock gogor gordineko erakustaldia egin zuten, ohiko moldean, gitarra eta bateria hutsez. Hasieran ez zen jende askorik bildu zubira, baina, pixkanaka, betez joan zen. Donostia 2016ko irekiera ekitaldiko etsipena eta Hansel Cerezak zubiaren metaforarekin egindako ikuskizun erratuaren sentsazioa neurri batean leuntzeko balio izan du kontzertuak zubian bertan egin izanak; jendea gustura zegoen kokapenarekin eta ikuskizunarekin. Lagun asko bil daiteke han, baina ito gabe. Pentsatzekoa da atzo gaueko kontzertuak ere—Gose eta Bob Geldof— jende andana bilduko zuela, larunbata izanik eta eguraldi onaren babesa izanik.
Hainbat hiritako alkateak Donostiako udaletxean bilduta egon ziren atzo eguerdian, eta bakearen ikuspegi kritikoa azaldu zuen zenbaitek, errefuxiatuek Europan bizi dutena gogora ekarriz, esaterako. Bitartean, Donostiako erdiguneko kaleak hainbat kultur ekitaldi eta ekitaldiz jantzi ziren. Donostiako sortzaileek beraiek parte hartu zuten horietako askotan. Izan ere, Kultura Alternatiboa kolektiboak 50 ikuskizun inguru antolatu ditu jaialdiak iraun duen hiru egunotarako —antzerkia, dantza, magia, bertsoak, musika, performanceak...—. Bilbao plazako Egeo Itsasoa agertokian, Ipuin Kantalariak bikoteak —Karlos Nguema eta Iñaki Santosek osatua— Makarroi magikoa ikuskizuna eman zuen, musikaren—gitarra, teklatua—, dantzaren eta kantuaren bidez; esperantzazko mezu bat igorri zieten bertaraturiko guztiei. Eguzkia lagun izanik, jende dezente ibili zen jaialdiak propio prestaturiko guneetan.
Euskal dantza eta 'Thriller'
Mezu ilunagoa zen Aldarri ikuskizunarena, baina behar-beharrezkoa garaiotan. Euskal dantza tradizionaleko eta garaikideko urratsak nahastuz, eta musika industrial errepikakor batek gidatuta, kalea bere egin zuten Donostiako Goizaldi dantza taldeko kideek, Aritz Salamancak sorturiko koreografia kaletar eta ibiltariarekin.
Aurretik bi txistulari eta gitarra jotzaile bat; atzetik, musika tekno-industriala grabatua zeraman orga. Eta tartean, dantzariak. Hamar bat beltzez jantzita goitik behera, aurpegi zurbilarekin, eta beltzez margoturiko begiekin, Michael Jacksonen Thriller-en bariazio bat balira bezala; eta beste lau zamaltzain, gorriz eta zaldi gainean. Beltzezko dantzari zonbiek herri xehea irudikatzen zuten, zapalduak eta duintasun gabe tratatuak, eta zamaltzainek, aldiz, boterea. Loiola eta Askatasun kaleen bidegurutzetik abiatuta, Artzain Onaren katedralerainoko bidea egin zuten, San Martin merkatutik igarota, eta jendearen arreta aldika bereganatuz. Zenbaitek harrituta begiratzen zuen ikuskizuna, eta zenbaitek liluratuta, erakargarriak baitziren bai musika, bai dantzaren garaikidetasuna, eta baita mezuaren gaurkotasun eta indarra ere. Jendearengana iritsi ziren. Non eta kalean, nola eta sorkuntza propioko dantza ikuskizun batez. Gerraren aurkako aldarri kritikoa izan zen haiena.
Gaur amaituko da Stop War jaialdia, eta errematea Maria Kristina zubiko hirugarren kontzertuak emango dio. Nick Lowe ariko da (21:00), eta, haren ondotik, Esne Beltza. Egun osoan hiriko guneetan hainbat ekitaldi izango dira, bertakoek antolatuak.
Bake kritikoaren (g)unea
Stop War jaialdiak gerraren aurkako mezua duten ikuskizunez bete ditu Donostiako kaleak.Horietako batzuek begirada kritikoa islatu dute.Kontzertuek bildu dute jende gehiena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu