Bakearen eta intsumisioaren aldeko ikuskizuna ondu dute Hika Teatroak eta Oinkarik: 'Makil hotsak'

Makil dantza tradizionalak abiapuntu hartuta, gerraren aurkako mezua, intsumisioaren memoria eta naturarekiko lotura ditu oinarri lanak. Gasteizko Kaldearte jaialdian estreinatuko dute, igandean.

'Makil hotsak' ikuskizunaren irudi bat. UNAI LIZARTZA
'Makil hotsak' ikuskizunaren irudi bat. UNAI LIZARTZA
edurne begiristain
2026ko ekainaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gerra hotsak gero eta ozenago entzuten diren garaiotan, artea aldarrikapenerako tresna izan daiteke. Horixe da, hain justu ere, Hika Teatroak eta Oinkari dantza taldeak elkarlanean ondutako Makil hotsak ikuskizunaren muina: bakearen, elkarrizketaren eta giza duintasunaren aldeko ahotsa arte adierazpen bihurtu dute makil dantzen bitartez. Igandean estreinatuko dute, Gasteizko Kaldearte jaialdian, 13:30ean hasita. 

Bi konpainien arteko laugarren lankidetza izango da: 2013an Itsasoaren emazteak lanarekin hasitako bideak Sagartu (2017) eta Gazte (2021) ekarri zituen ondoren. Orain, berriz, mundu garaikidearen zaurietara begiratu dute bi konpainiek. Ukrainako gerra, Palestinako sarraskia, migrazio krisia eta eskuin muturraren gorakada dira egitasmoaren atzean dauden kezketako batzuk. Ildo horretan, sortzaileek argi dute artea ezin dela isilik geratu, eta, horregatik, desobedientzia, intsumisioa eta etorkizuna hobea izatearen aldeko amets kolektiboa hartu dute ikuskizun berrirako oinarri.

Makil dantzak dira ikuskizunaren ardatz. Euskal Herriko hainbat makil dantza tradizional ikertu eta landu dituzte, baita Kataluniako ball de bastons dantza ere. Historikoki borroka edo guda irudikatzeko erabili izan diren koreografia horiek beste ikuspegi batetik interpretatu dituzte, asmo argi batekin: borrokaren sinbologia deseraiki, eta topaketaren, askatasunaren eta ospakizunaren aldeko esanahia eraiki. Horregatik, makilen kolpeak ez dira gerraren soinua izango, ezpada musikaren, naturaren eta elkarlanaren erritmo. Makilek ez dute suntsituko, «eraiki» egingo dute.

Agurtzane Intxaurraga zuzendariak aitortu du aurreko lanek baino askoz ere ikuspegi pertsonalagoa duela Makil hotsak-ek. «Nire barrutik abiatu da. Gaur egungo egoera soziopolitiko iluna eta berriro entzuten ari garen gerra hots horiek izan dira abiapuntua».

«Beharbada gehiegi urrundu gara lurretik, baina bizitzak eta lurrak beren denborak eta beren arreta behar dituzte»

AGURTZANE INTXAURRAGAZuzendaria

Esplikatu duenez, makil dantzek bi esanahi izan dituzte historian zehar: «Batetik, lurra jotzen denean, udaberriari deitzeko edo emankortasuna ospatzeko erritualekin lotzen da. Bestetik, makilak bata bestearen kontra jotzean, guda edo borroka irudikatzen da. Guk bi esanahi horiekin jokatu nahi izan dugu». Hala, makilek elkarren artean hitz egingo dute, gerra ahotsen gainetik antimilitarismoa eta intsumisioa aldarrikatzeko.

Ikuskizunak bidaia bat proposatzen du Euskal Herriko intsumisio mugimenduaren garaira doana. 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran milaka gaztek uko egin zioten soldaduska egiteari, armadari eta militarizazioari ezetz esanez, eta horri buruzko gogoeta pertsonala egin du Intxaurragak: «Nire adinagatik oso presente dut 90eko hamarkadako intsumisio garaia, eta, gazteekin hitz egiten hasi ginenean, konturatu ginen gaur egungo egoerari erantzuteko modu bat izan zitekeela berriro intsumisioaren ideia hori aldarrikatzea».

Makil Hotsak
Hika Teatroak eta Oinkari dantza taldeak elkarlanean ondu dute pieza. UNAI LIZARTZA

Horregatik, sormen laborategia egin zutenean, galdera zuzenak egin zizkieten parte hartzaileei: «Zein da zuen gerra? Zerk astintzen zaituzte? Zein da zuen ahotsa?». Hausnarketa horietatik sortu dira ikuskizunaren mugimenduak, testuak eta irudi eszenikoak.

Ikuskizunak badu beste hari tematiko garrantzitsu bat ere: naturarekiko lotura berreskuratzea. Santa Agedako doinua izango da obraren ardatz musikaletako bat. Izan ere, Euskal Herrian lurra makilekin jotzeko errituak lotura estua izan du udaberriaren etorrerarekin eta naturaren zikloekin. Intxaurragaren ustez, gaur egungo gizarteak naturarekiko harremana galdu du, eta hori berreskuratzeko oihu bat izan nahi du piezak. 
«Beharbada gehiegi urrundu gara lurretik, baina bizitzak eta lurrak beren denborak eta beren arreta behar dituzte».

Diziplina anitzen elkargune

Aurreko ekoizpenetan bezala, Hika Teatroak eta Oinkarik diziplina artistiko ugari uztartuko dituzte ikuskizunean. Dantza tradizionala eta garaikidea, antzerkia, zuzeneko musika, kantua, testuak eta ikusleen parte hartzea izango dira proposamenaren osagai nagusiak. Musikaren ardura Garazi Navas musikari eta sortzaileak izango du, ahotsa eta perkusioa uztarturik. «Garazi Navasek modernitate eta esperimentazio puntu oso interesgarria ematen dio ikuskizunari. Aurreko lanetan ez genuen halako sonoritaterik izan, baina orain arrisku handiagoa hartu dugu», nabarmendu du Intxaurragak.

«Auzolana aldarrikatzen dugu. Gaur egun gizartea indibidualista da, eta guk topaketa, komunitatea eta elkarrekin egitearen indarra ospatu nahi ditugu»

AGURTZANE INTXAURRAGAZuzendaria

Makil hotsak ez da ikusle pasiboentzat pentsatutako lana. Topaketa eta kolektibotasuna dira ikuskizunaren mezu nagusietako bi, eta, horregatik, publikoari ere lekua egingo zaio. Kolektibotasunaren balioa berreskuratzea ezinbestekoa da gaur egungo gizartean, zuzendariaren ustez: «Auzolana aldarrikatzen dugu. Gaur egun gizartea indibidualista da, eta guk topaketa, komunitatea eta elkarrekin egitearen indarra ospatu nahi ditugu». 

Estetikoki, ikuskizunak bi unibertso kontrajarriko ditu. Hasieran, dantzariak traje zuri-beltzez jantzita agertuko dira, gaur egungo mundu hotz eta mekanizatuaren sinbolo gisa. Haien aurrean, naturaren indarra irudikatzen duen pertsonaia bat izango da. Emanaldiak aurrera egin ahala, ordea, iluntasunak argiari emango dio lekua. Kolorea pixkanaka agertuko da agertokian, naturaren berpizkundearen eta itxaropenaren metafora bihurtuz. «Obra aurrekoak baino mardulagoa eta zeremoniatsuagoa da; momentu oso alaiak ditu, baina baita une tragikoak ere. Makila bera da protagonista nagusia, eta bere bi esanahi horien inguruan eraikiko dugu ikuskizun guztia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE