Hamar urtetik gorako prozesuaren ostean, Balentziaga Museoa ateak irekitzeko prest da. Ekainaren 7an inauguratuko dute Cristobal Balentziaga moda-sortzaile handiaren omenez haren jaioterrian, Getarian (Gipuzkoa) erakitako zentroa, eta herritarrentzat hilaren 10etik aurrera egongo da zabalik. Haren ibilbidea ezagutarazteko, atalka banatu dituzte jostunaren lanik esanguratsuenak.
Bi eraikinek osatzen dute museoa: batetik, XIX. mendeko Aldamar jauregia, eta bestetik, hari itsasia, horma beltzez eta kristalezkoez egindako eraikin berria. Beheko solairuan espazio zabalak dira nagusi, eta goikoan bildu dituzte jostunaren obrak: bi maila dituzten hiru kubotan, sei aretotan banatu dituzte jostunak diseinatutako 70 bat jantzi —hasierako garaikoetakoak, egunekoak, gauekoak, kokteletara joatekoak, ezkongaienak eta funtsezko lanak ataletan banatu dituzte—.
Piezen artean Europako aristokraziarentzat egindako sorkuntzak daude, horiek izan baitzituen jostun getariarrak bezeroen artean. Areto batzuetan, hainbat osagarri ere bildu dituzte, kapelak eta imitaziozko bitxiak, tartean.
 
    